Skip to main content
  • Arartekoak 2021ean argitaratutako azterlan honen bilakaera aztertu du: "Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa". Analisi horretan nabarmentzen da aurrerapen garrantzitsuak egin direla azterlan horretan lankidetzan aritu diren 13 euskal erakunde publikoetako administrazio elektronikoan, eta oraindik ere badirela erronkak eraldaketa digital inklusiboagoa eta eraginkorragoa egiteko. Arartekoak arlo horretan aurrez egindako gomendioak bete ote diren ebaluatu du eta, ebaluazio horren argitan, gidalerro berriak formulatu ditu, administrazioarekiko harreman digitaletan sarbidea eta kanal aniztasuna bermatzeko.

    Besteak beste, honako hauek azpimarratu dira:

    •    Egoitza elektronikoa eta erregistroa: administrazioek egoitza elektroniko osoa eta funtzionala izan behar dute, erregistro orokorraren bidezko eskaerak onartu behar dituzte, eta herritarren karpetak izan behar dituzte, interesdunek espedienteen eta jakinarazpen elektronikoen tramitazio-egoera ikusi ahal izan dezaten.
    •    Laguntzeko bulegoak eta aurretiko hitzordua: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak funtsezkoak dira herritarrei ematen zaien arreta errazteko; aurretiko hitzorduak aukerakoa izan behar du, ez zerbitzu publikoetarako sarbidea oztopatzeko traba bat.
    •    Jakinarazpen elektronikoak: administrazioek jakinarazpen elektronikoak egiteko plataformak garatu behar dituzte, administrazio-prozedurako baldintzak beteko dituztenak, eta beti bidali behar dituzte jakinarazpenak eskuragarri daudela dioten abisuak, garaiz jasoko direla bermatzeko.
    •    Elkarreragingarritasuna: elkarreragingarritasuna bultzatu behar da, administrazioen artean datuen kontsulta elektronikoak erraztuz; era berean, erregistro elektronikoak bateragarriak direla ziurtatu behar da eta ez da eskatu behar administrazioak bere esku daukan agiririk.
    •    Sinadura elektronikoa: administrazioek sinadura elektroniko aurreratua gauzatzeko politikak onartu behar dituzte, eta gaitutako funtzionarioen erregistroak sortu; herritarrek behar bezala jakin behar dute zerbitzu horiek badirela, baita nola funtzionatzen duten ere.
    •    Langileak prestatzea: administrazio elektronikoan prestatzeko berariazko planak garatu behar dira, gutxieneko estandarrak eta etengabe ebaluatzeko tresnak dituztenak.
    •    Informazioaren segurtasuna: administrazioek agiri elektronikoak kudeatzeko eta informazioaren segurtasunerako politikak garatu behar dituzte, aldizkako auditoriak egin behar dituzte, eta segurtasun arloan erantzukizun argiak ezarri.
    •    Gardentasuna: administrazioek bete egin behar dituzte informazio publikoa lortzeko eskaerak izapidetzeko ezarrita dauden epeak, mugak jartzea arrazoitu behar dute, eta gardentasun-atariak erabilgarriak direla bermatu.
    Arartekoak gomendio horiek bete ditzaten eskatzen die administrazioei, administrazio publiko hurbilagoa, gardenagoa eta herritar guztien beharretara egokitutakoa sustatzeko.

    GOMENDIO OROKORRA

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 29a

  • Arartekoak guraso talde baten kexa jaso zuen, ikastetxe baten jokabidea zela eta, izan ere, Haur Hezkuntzako D ereduan eskolatutako ikasleak euskararen ezagutza-mailaren arabera banatzen zituen edo euskara familia-inguruan erabiltzearen arabera. Horrela, gela batean biltzen zituen euskara ama-hizkuntzatzat duten eta darabilten gurasoen (edo gutxienez, gurasoetako baten) seme-alabak, eta beste gela batean familia-eremuan gaztelania edo atzerriko hizkuntza bat darabilten gurasoen seme-alabak. 

    Kexagileen ustez, neurri hori diskriminatzailea da eta tratu-berdintasunerako eskubidea urratzen du.

    Arartekoak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hark bere erantzunean dioenez, ikasleen ezaugarri eta premietan oinarritutako irizpide zorrozki pedagogikoak erabiliz eman da tratu desberdin hori. 

    Hala ere, sail horrek bere jokaera justifikatzeko eman dituen arrazoiak ez dira nahikoak, Arartekoaren iritziz. 

    Haur Hezkuntzako etapa bukatzean eta Lehen Hezkuntza ikasten hastean ikasleak talde heterogeneotan banatzen direla dioen argudioak, taldekatze hori Amara Berri sistema aplikatzearen ondoriozkoa dela beste arrazoirik eman gabe, galdera bat sortarazten dio erakunde honi: zergatik taldekatze hori ezin da Haur Hezkuntzako etapatik egin, beharrezko neurriak hartuz ikaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa izan dadin eta euskal hezkuntza sistemako helburuak lor daitezen? 

    Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatu dio neurriak har ditzala tratu-desberdintasunik gerta ez dadin ikasleak, euskararen ezagutza-mailaren arabera edo euskara familia-inguruan erabiltzearen arabera, Haur Hezkuntzako D ereduko geletan banatzearen ondorioz, eta ekidin dezala alde batetik euskal hiztunak eta, bestetik, erdal hiztunak edo atzerritarrak taldekatzea.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a

  • Andramari Kortiñe auzo-elkarteak kexa egin zion Arartekoari, Getxoko Udalak ez baitzion erantzun bere informazio-eskaera bati. Hain zuzen ere, elkarte horrek jakin nahi zuen udalak zer neurri hartu zituen Getxoko Aixerrotako zelaietan urtero uztailaren 25ean egiten den Paellen Nazioarteko Lehiaketaren ondoan burutzen den jolas-jarduera alternatiboa kontrolatzeko.

    Gai horri dagokionez, elkarte kexagileak Arartekoaren 2023ko uztailaren 20ko 2023R-388-23 Ebazpena aipatu zuen. Ebazpen horren bidez, Arartekoak Udalari gomendatu zion udalaren eskumeneko segurtasun-, osasun- eta ingurumen-neurri guztiak betetzen zirela kontrolatzeko ekintza bultza zezala, Aixerrotan egin ohi den ospakizun horri lotutako jarduera guztietan.

    Ebazpen berri honetan Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio ikuskapen-programa bat bultza dezala, Aixerrotako landetan egiten diren jai-jardueretan segurtasun, osasungarritasun eta ingurumenaren babeserako neurriak behar bezala kontrolatzeko.

    Zehazki, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio programa horrek, besteak beste, elkarrizketa-gune edo -foro bat izan dezala jolas-jarduera alternatiboan parte hartzen duten pertsonen eta auzo-elkarteetako edo elkarte ekologistetako ordezkarien ekarpena jasotzeko, horren bidez, ebaluazio egokia egitea izango baita adosten diren neurrien eraginkortasunaren inguruan, hala nola pinudi-basoko alorrak eta kostaldeko txilardiak hazten diten alorrak babesteko, egokitzen diren segurtasun-eremuetan sartzea eta okupatzea eragozteko, eta instalazio desmuntagarriak lurzorua eraldatu edo kutsa dezakeen inolako eraikuntza-materialik gabe egiten direla bermatzeko neurrien inguruan, eta, jarduera gauzatu ondoren, lursaila behar bezala lehengoratzeko neurriak ere aintzat hartuta.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a

  • EHUren uda ikastaroen XLIII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du gaurko eta biharko, Donostiako Miramar jauregian: “Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin”.

    Ikastaroaren hasiera-ekitaldian Manuel Lezertua arartekoak adierazi duenez, “Arartekoak urteak daramatza ikasleak eskolatzean desoreka-egoera larriak edo ez hain larriak gertatzen direla salatzen duten kexen berri izaten”.

    Urteetan arazo hori saihesten ahalegindu ondoren, Lezertuak aipatu du inflexio-puntua izan zela Euskal hezkuntza eraldatzeko oinarrien akordioa, 2022an sinatua. “Akordio horretan -esan du- lehenbizikoz onartzen da eskola-segregazioaren aurkako itun bat onetsi behar dela eta neurriak hartu behar direla eskolatzean gertatzen diren-desorekak geldiarazteko”.

    Eskubideak, beharrak eta sentikortasunak bateratu eta ezinbesteko hezkuntza-plangintzan sartzea erronka handia da, ez bakarrik hezkuntza-sistemarentzat, baizik eta baita ere euskal gizarte osoarentzat, izan ere, gizarte kohesionatu baten funtsezko oreka mantendu behar da eta gizarte horrek haur eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzeko gauza izan behar du ezagutza, kultura eta etorkizun profesional oparoa eskuratzeko orduan.

    Ikastaro hau, argigarriak izan daitezkeen adituen ekarpen eta esperientzien bidez, gune egokia izan daiteke ekitatiboa izan nahi duen hezkuntza-sistema batek aurre egin beharreko erronka nagusiez lasai eztabaidatzeko, arreta berezia eskainiz Euskadin oraintsu hartu diren neurri jakin batzuei, ikasleak onartzearekin eta eskaintza planifikatzearekin zerikusia dutenei.

     

    Donostia, 2024ko uztailaren 4a

  • Zehar-Errefuxiatuekin gizarte-erakundeak 2023ko irailean jazo zen gertakari baten berri eman zion Arartekoari. Kontatu zuenez, Gasteizko gaueko aisialdirako lokal batean, sarrera ukatu zieten jatorri senegaldarreko hiru mutili. Une hartan Ertzaintzan salaketa formala egiten saiatu ziren, baina, antza denez, haren ondorioz ez zen atestaturik ireki edo ikerketarik egin.

    Zehar-Errefuxiatuekin Eraberean sareko erakundea da. Sare hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, tratu berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka, eta behar bezala jakinarazi zitzaion gertakari hori. Bere Batzorde Juridikoak salaketa egitea eta prozedura judizialean agertzea erabaki zuen, bere ustez, arraza- edo etnia-jatorriagatik bereizkeria gertatu zelako.

    ACCEM erakundearekin koordinatuz (errefuxiatuen eta migratzaileen bizi-kalitatea hobetzeko lanean diharduen erakundea da hori), hainbat salaketa-ekintza antolatu ziren eta, horren ondorioz, lokalaren jabea Gasteizko Udalarekin harremanetan jarri zen eta Berdintasun Zerbitzuaren eta Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren babesa eskatu zuen. Orobat, izen ona lohitzeagatik eta irainengatik, salaketa jartzearekin mehatxatu zuen. Beraz, Eraberean sareko ordezkaria harremanetan jarri zen lokalaren jabearekin.

    Gertakariari buruzko salaketa-ekintzek hedapen eta oihartzun sozial handia izan zuten, izan ere, nahiko zabalduta zegoen pertzepzio baten arabera, aisialdirako establezimendu batzuetan, bereizkeriazko jokabideak errepikatzen ziren eta, zirudienez, afrikar ondorengoei eragiten zieten. Horregatik, elkartasun-keinuak areagotu ziren eta salatzeko eta babesa emateko auzo-ekimen bat abiarazi zen, “Erreparorik gabeko eskubideak” izenekoa.

    Aldi berean, Eraberean sareak estrategia errestauratiboa baliatzea erabaki zuen. Orduan, eskaera bat egin zion Ararteko erakundeari, bi aldeen arteko elkarrizketaren bat ahalbidetzeko esku har zezakeen aztertzeko, kontuan hartuta hirian hedatutako arazo bat zela, bizikidetzan eragiten zuena.

    Arartekoak esku hartzea onartu zuen eta eragindako aldeei zirkulu errestauratibo bat egitea proposatu zien.

    Zirkulu errestauratiboaren helburu nagusia hauxe da: enpatiarako, entzute aktiborako eta konfiantzarako espazio segurua sortzea parte-hartzaile guztien artean eta, bereziki, kaltetuak sentitu diren pertsonentzat. Azken batean, epaitu gabe eta enpatiaz aditzea. Gatazkari ikuspegi berri batetik heltzea proposatzen du, kalte batek sortutako lesioari erantzuteko, gatazkako protagonismoa aldeei eta erkidegoari itzuliz, profesionalen (artekarien) laguntzarekin.

    Horretarako, zirkulu errestauratibo bat antolatu zen Arartekoaren egoitzan. Bertan, gertakari diskriminatzaileak kaltetutako pertsonek eta gainontzeko parte-

    hartzaileek murrizketarik gabe hitz egin eta akordioak lortu ahal izan zituzten, etorkizunean horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin.

    Azken finean, jarduera errestauratiboak garatuz, modu osagarrian erantzun dakieke era askotako kalte eta gatazken (auzo-gatazkak, berezikeriazkoak, sozialak…) biktimei, izan ere, orain arte, biktima horiek prozedura judizial eta administratiboetara jotzea beste biderik ez zuten.

    EBAZPENA

     

    Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a

  • Europan, gero eta LGTBI pertsona gehiago dira libre sentitzen direnak aho betean nor diren adierazteko. Era berean, LGTBI pertsonek gero eta indarkeria, jazarpen eta intimidazio gehiago jasaten dute, batez ere kolektibo horretako pertsona gazteenek. Horixe da 2024ko maiatzaren 14ean Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren (FRA) “LGTBIQ pertsonen berdintasuna bidegurutzean: aurrerapenak eta erronkak” txostenak ondorioztatzen duena. Txosten hori ingelesez publikatu zen.

    Txostenak, halaber, LGTBI pertsonek Europan dituzten esperientziak, iritziak eta erronkak jasotzen ditu, inkestan jasotako erantzunetan oinarrituta. Inkesta horretan Europar batasuneko 27 herrialde kideetako LGTBI pertsonek hartu dute parte, bai eta Albaniako, Ipar Mazedoniako eta Serbiako LGTBI pertsonek ere. Guztira 100.000 pertsona izan dira. FRAk 2019an eta 2012an egindako aurreko inkestetatik izan diren aldaketak ere nabarmendu ditu ikerketak.

    Europan, badirudi LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko eta babesteko aurrerapenak motelak direla, baina mailakatuak. LGTBI kolektiboko pertsonen erdia baino gehiagok aho betean adierazten dute beren sexu-orientazioa, genero-identitatea eta sexu-ezaugarriak. Hala ere, pertsona gehienek saihestu egiten dute beren bikotekideen eskutik joatea kaletik, erasoen beldur direlako. Nahiz eta LGTBI pertsonen aurkako diskriminazioa ikusezina eta altua den (behar baino salaketa gutxiagoren fenomenoak bere horretan jarraitzen du), datuek pixkanakako beherakada adierazten dute. Hala ere, indarkeria-, jazarpen- eta intimidazio-maila altuagoa izan da beste inkesta batzuekin alderatuta. Erakundeen babesari dagokionez, lau pertsonatik soilik batek uste du bere gobernuek aurre egiten dietela LGTBI pertsonen aurkako aurreiritziei eta intolerantziari. Horrek adierazten du beherakada egon dela 2019. urtearekin alderatuta. Nolanahi ere, ikastetxeetan pertzepzio positiboa nabarmentzen da, LGTBI pertsona gazteek irakasleen eta ikasleen babes handiagoa sentitzen dutela baieztatzen baitute. Gainera, adierazten dute eskolek LGTBI pertsonen inguruko gaiak modu positiboan eta proaktiboan jorratzen dituztela.

    Txostenak nabarmentzen du, halaber, LGTBI pertsonen esperientziak nabarmen aldatzen direla Europar Batasuneko herrialde batetik bestera, eta talde bakoitzak erronka ezberdinei egin behar diela aurre. Hala, pertsona intersexualek, transek, ez-bitarrek eta genero-aniztasuna dutenek jazarpen eta indarkeria gehiago jasaten dute. Aukera gehiago dituzte osasun mentaleko arazoak izateko, bai eta pentsamendu suizidak izateko ere. Halaber, pertsona horiek etxerik gabe geratzeko aukera gehiago dituzte eta arreta medikoa jasotzeko zailtasun gehiago. Gauza bera gertatzen da desgaitasuna edo zailtasun ekonomikoak dituzten LGTBI pertsonekin, bai eta etnia- edo arraza-taldeetako edo beste talde gutxituen kide diren LGTBI pertsonekin ere.

    Espainian jaso diren erantzunek bat egiten dute EB osoko batez bestekoarekin, nahiz eta zenbait gairen arteko aldeak nabarmentzen diren. Hala, bi egoera bereizten dira positiboki. Alde batetik, LGTBI pertsona-taldeen artean irekiago eta aho batean adierazten dute beren orientazio eta identitate sexuala, baina pertsonen ehuneko txikiago batek kaletik bere bikotekidearen eskutik joatea saihesten dute. Beste alde batetik, nabarmenki bereizten da negatiboki, azken urteetan, LGTBI pertsonen aurkako indarkeria, aurreiritziak eta intolerantzia areagotu egin direla. Agintari publikoek aurreiritziei eta intolerantziari eraginkortasunez aurre egiten dietelaren inguruko sentsazioa nabarmentzen bada ere, zifra horrek Europako batez bestekoa (% 58) bikoizten du. Hezkuntza-eremuan, EBrekin alderatuta, badirudi ikasle gehiagok ezkutatzen dutela beren LGTBI identitatea ikasgelan. Halaber, LGTBI pertsona gisa eskoletan beren eskubideak bermatzen eta babesten dituztela sentitzen da arinki. Nolanahi ere, inkesta egin duten LGTBI pertsonen % 66 dio bere ikastetxean inoiz ez dela LGTBI pertsonekin lotutako gaiez hitz egin.

    Testuinguru horretan, FRAk gobernuei eskatzen die honako gai hauetan esku hartu dezaten:

    • Diskriminazioa: esparru guztietan diskriminazioa jorratzea, tratu-berdintasunari buruzko EBren zuzentarauaren transposizioaren bidez, bai eta berdintasun-erakundeen arauei buruzko zuzentarauen transposizioaren bidez ere (ikus Arartekoak zuzentarau horiei buruz egindako azken oharra). Berdintasun-erakundeak gaitzea eta baliabide egokiak ematea, biktimei laguntza hobea emateko.
    • Hezkuntza: eskolak ikaskuntza-gune seguruak eta onuragarriak izatea haur eta nerabe guztientzat. Eskola-jazarpenari heltzea eta ikasketa-planak eta hezkuntza-sistemak EBk sustatutako jardunbide egokienetan oinarritzen direla bermatzea.
    • Osasuna: kalitatezko osasun-laguntza jasotzeko aukera bermatzea, osasun mentalerako laguntza barne. "Bihurketa-praktikak" eta ezinbestekoak ez diren esku-hartze medikoak amaitzea.
    • Online gorrotoa: online gorrotoari aurre egitea, bai eta LGBTI pertsonen aurkako desinformazio-kanpainei ere. Algoritmoen zeihartasun arriskuaren aurka egitea eta plataforma digitalen erantzukizuna bermatzea, EBko legeriaren arabera.
    • Gorroto-delituak: LGTBI pertsonen aurkako jazarpena eta indarkeria inolaz ere onartuko ez duen kultura ezartzea. Polizia-prestakuntzan inbertitzea, LGTBI pertsonen aurkako gorrotoak eragindako delituak behar bezala identifikatu, erregistratu eta ikertuko dituztela bermatzeko. Horren helburua biktimak seguru sentitzea da, erasoak salatzeko eta bidezko tratua jasotzeko. Prozesu penaletan, aurreiritziak delituaren faktore larrigarritzat hartzea.
  • 2024ko maiatzaren 7an, Europar Batasuneko Kontseiluak bi zuzentarau onartu zituen, tratu-berdintasuna sustatzeko erakundeek bete beharreko gutxieneko estandar lotesleak ezartzen dituztenak diskriminazioa prebenitzeko, berdintasuna sustatzeko, diskriminazioaren biktimei laguntzeko eta justizia berrezartzeko:

    Berdintasunerako erakundeak sortzearen aldeko EBren bultzada 2000ko lehenengo hamarkadan hasi zen, EBko legeriak berdintasuna sustatzeko erakundeak izendatzeko betebeharra ezarri zuenean. Hala, arraza-berdintasunari buruzko 2000/43/EE eta 2004/113/EE zuzentarauen eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko 2006/54/EE eta 2010/41/EB zuzentarauen eskutik, EBko herrialde guztiek dituzte berdintasun-erakundeak. Euskadin, Emakundek emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzen du. Emakunde Europako zuzentarau horien aurretik sortu zen Eusko Jaurlaritzari lotutako erakunde autonomo gisa.  

    Hala ere, zuzentarau horiek berdintasun-erakundeak sortzea eta gutxieneko funtzioak esleitzea baino ez zuten ezartzen, eta diskrezionalitate-tarte handia utzi zieten estatuei haien egitura eta funtzionamendua zehazteko. Horren ondorioz, EBko estatuetan desberdintasun nabarmenak daude independentziari, eskumenei eta erakunde horiei esleitutako baliabideei dagokienez, eta horrek, aldi berean, diskriminazio asimetrikoaren aurkako babes-sistema dakar, estatu batetik bestera alde handiak baitaude.

    Horregatik, EBn berdintasuna sustatzeko sistema indartzeari begira, onetsi berri diren zuzentarauen xedea da tratu-berdintasuna sustatzeko erakundeen funtzionamendurako gutxieneko baldintzak ezartzea, haien eraginkortasuna hobetzeko eta independentzia bermatzeko, tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioa indartze aldera. Nabarmendu behar da zuzentarauek Europako Kontseiluaren Arrazakeriaren eta Intolerantziaren aurkako Komitearen (ECRI) 2017ko Politika Orokorreko 2. gomendioa eta Nazio Batuen 1993ko Parisko Printzipioak aipatzen dituztela, irizpide lotesleak egiteko inspirazio-estandar gisa.

    Zuzentarauen estandar lotesleen azterketatik bereziki honako alderdi hauek nabarmendu behar dira:

    • Independentzia eta posizio instituzionala: Organismoak independentea eta kanpoko eraginik gabea izan behar du, Gobernuaren jarraibiderik eskatu eta onartu gabe, eta barne-egitura propioa izan behar du (3.1 artikulua). Organismoak askotariko mandatua duen beste organismo bateko kide izan daitezke — defentsa-erakundeak eta giza eskubideen erakunde nazionalak, esaterako —, eta berdintasun-arloko mandatua benetan gauzatzen dela bermatu beharko dute (3.4 artikulua).
    • Baliabide nahikoak: Estatuek beren eskumen guztiak eraginkortasunez gauzatzeko behar dituzten giza baliabideak, baliabide teknikoak eta finantza-baliabideak eman beharko dizkiete erakundeei (4. artikulua).
    • Eremu materiala: erakundeen jarduera-eremu materiala argitzen duen artikulu espezifikorik ez badago ere, haien ekintzak erakunde publiko eta pribatuetara hedatuko direla aipatzen da (5.2 artikulua).
    • Sentsibilizazioa, prebentzioa eta sustapena: erakundeek diskriminazioa modu eraginkorragoan prebenitzeko eta berdintasuna sustatzeko ahalmena izan behar dute, erakunde publiko eta pribatuen artean ekintza positiboak sustatzea eta berdintasuna zeharkako printzipio gisa txertatzea barne (5. eta 6. artikuluak).
    • Tresna-ugaritasuna: organismoei ahalmena ematen zaie balizko diskriminazio-kasuei buruzko ikerketak egiteko (8.2 eta 8.3 artikuluak); erabaki lotesleak edo ez-lotesleak emateko (9. artikulua); prozesu judizial zibiletan eta administrazioarekiko auzietan jarduteko, bai eta prozedura judizialetan oharrak aurkezteko eskubidea ere, prozesua biktimen eskariz edo ofizioz hastean (10. artikulua, EBJAren C-54/07 epaiari erreferentzia eginez); eta auziak ebazteko metodo alternatiboak aplikatzeko, hala nola bitartekaritza eta adiskidetzea (7. artikulua).
    • Legeak eta politikak egiteko prozesuan aurretiazko kontsulta egitea: prozedurak ezarriko dira gobernuek eta agintari publikoek berdintasun-erakundeei kontsulta egin diezaieten berdintasun-zuzentarauetatik eratorritako eskubide eta betebeharrekin lotutako legeriari, politikei eta programei buruz (15. artikulua).

    Zuzentarauak indarrean sartzen direnetik estatuek 2026ko ekainaren 19ra arteko epea dute berdintasun-organismoei buruzko estandarrak indarrean jartzeko beharrezko lege-, erregelamendu- eta administrazio-neurriak hartzeko.

-
Euskal Herriko Auzitegi Nagusia

Urte judizialari hasiera emateko harrera-ekitaldia

Manuel Lezertua, arartekoa eta Ines Ibáñez de Maeztu, arartekoaren ondokoa urte judizialari hasiera emateko harrera-ekitaldira joango dira. Ekitaldi hori 2024ko urriaren 9an izango da, 12:00etan, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzan.

Kokalekua:
Euskal Herriko Auzitegi Nagusia
Ekitaldiak gorde: