Skip to main content
  • Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteak azaldutako kexa bat aztertu ondoren egin zen gomendio hori. Elkarte horrek salatu zuen antzinako zabortegietan hondakin arriskutsuak zeudela, eta beroriek Nerbioi-Ibaizabalgo arroan ingurumen-inpaktuak dituzten lixibiatuak sortzen ari zirela.

    Arartekoak, bere ebazpenean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruz Estatuko eta Europako arauditik eratorritako lege-betebeharrak gogorarazi ditu, eta nabarmendu du botere publikoek gaur egun dirauten hondakin arriskutsuen biltegien ingurumen-lehengoratze eraginkorra bermatu behar dutela.

    Gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan jarduera garrantzitsuak egin dituen arren, kutsadura-fokuen iraunkortasunak beharrezko egiten duela plan integral bat bultzatzea, eta ekintza instituzional eta sozialeko mahaia berriz aktibatzea lindanoaren kontra.

    Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari gomendatu dio behin-betiko jarduera-plan bat prestatzea bultza dezala, Bizkaian erabiltzen ez diren zenbait zabortegitan lindano-HCHak eragiten duen kutsadura iraunkorra eragozteko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a

     

  • Egintzak 2024ko irailekoak dira. Orduan, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek ukatu egin ziola arreta euskaraz, eta jokaera hori zenbait aldiz errepikatu zuela, baita telefonoz kexa egin ondoren ere. Salaketan adierazten denez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik egin ziren, herritarraren hizkuntza-eskubideak urratuz, horrek euskaraz artatua izateko eskubidea baitauka, gaztelaniarekin batera Euskadin hizkuntza ofiziala delako. 

    Arartekoak informazioa eskatu zion Erandioko Udalari, eta hark onartu zuen euskaraz artatzeko arazoak zituela, poliziaren plantillan hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna kendu zuen epai judizial baten ondorioz. Hala ere, txostenean agerian geratu zen udaltzain gehienek arreta euskaraz emateko akreditazio nahikoa dutela, eta araudia eta protokoloak ez zirela eraginkortasunez aplikatzen ari. 

    Arartekoak bere ebazpenean ondorioztatu duenez, Erandioko Udalak bermatu egin behar du hizkuntza-eskakizunak egiaztatuta dituzten udaltzain guztiek arreta euskaraz emango dutela, eta hori egiteko erabakia ez dela egongo udaltzainaren borondate indibidualaren mende. Gainera, gomendatu du prestakuntza indartu dadila hizkuntza-eskubideen arloan eta euskaraz arreta emateko protokoloetan, eta errespetuan eta bereizkeriarik ezean oinarritutako kultura susta dadila herritarrak artatzean. 

    Arartekoak espero du gomendio horiek eraginkortasunez ezar daitezen, etorkizunean hizkuntza aukeratzeagatik bereizkeria-egoerarik ez sortzeko eta Erandioko Udalak bere herritar guztien hizkuntza-eskubideekin duen konpromisoa indartzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a
     

  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarraren Justizia eta Giza Eskubideen Batzordearen aurrean agertu da, 2024. Urteko jarduerari buruzko txostenaren berri emateko.

    INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 18a

     

  • Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio ken dezala posta elektronikoz NANaren kopia bat bidaltzeko eskakizuna idazkiak udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkezteko. Jardunbide hori herritar baten kexaren harira antzeman da eta ez dator bat administrazio-prozedurari buruzko indarreko araudiarekin, ezta udal ordenantzarekin berarekin ere. 

    Arartekoak ondorioztatu duenez, norbaitek bere burua identifikatzeko ziurtagiri elektroniko kualifikatua erabiltzen badu -Izenpek emandakoak bezalakoak edo NAN elektronikoa-, ez da beharrezkoa nortasun agiriaren kopia ematea. Egiaztatzea automatikoki eta modu seguruan egiten da, sistemaren beraren bidez. 

    Gainera, erakunde honek ohartarazten du administrazioak jada badauzkan agiriak ez aurkezteko eskubidea urra dezakeela eskakizun horrek, baita ere datu pertsonalak minimizatzeko printzipioa, datuak babesteko araudian aurreikusitakoa. 

    Horregatik guztiagatik, Arartekoak udal horri eskatu dio identifikazio elektronikoko legezko estandarretara egokitu dezala bere erregistro-sistema, eta alferrikako oztopoak saihestu ditzala zerbitzu publiko digitaletarako sarbidean.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a
     

  • Orobat, eskatu dio aurretiko hitzordua aukeran utz dezala, elektronikoki eta aurrez aurre nola funtzionatzen duen behar bezala jakinaraz dezala, baita ere zer kasutan ez den beharrezkoa erabiltzea
  • Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskatu dio berrazter dezala aingiraren (angula fase gaztean) arrantza profesionalari buruzko araudia, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasunaren Zuzenbideko eskakizunetara egokitzeko.

    Gomendioa kexa batek eragin zuen. Izan ere, Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataforma elkarteak kexa egin zuen eta zalantzan jarri zuen 77/2024 Dekretuaren legezkotasuna eta egokitasuna. Dekretu horren bidez baimendu zen lehenengoz Euskadin angula-arrantza profesionala, ordura arte aisialdirako bakarrik baimendutakoa.

    Elkarte horrek azaldu zuenez, angula arrantzatzeko araudiak kontuan hartu behar ditu aingiraren kontserbazio-egoera kritikotik eratorritako betebeharrak. Egoera hori nazioarteko zenbait erakundek aitortu dute, esate baterako, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak. Kontseilu horrek behin eta berriz gomendatu zuen hilkortasun antropogenikoa zerotik ahalik eta gertuen mantendu zedila, eta horren murrizketak Europar Batasuneko Zuzenbidean jasota daude, zeinak aisialdiko arrantza debekatzen zuen eta orduan zegoen arrantza profesionala soilik mantentzea baimentzen zuen, murrizketa batzuekin.

    Arartekoak arretaz aztertu ditu europar aingiraren populazioa berreskuratzeko betebeharrari buruzko EBko araudia, EAEko aingira kudeatzeko plana eta arrantza profesionala ahalbidetzeko adostutako neurrien justifikazioa. Erakunde honen ustez, arrantza profesionalaren gaineko araudiak justifikazio egokia behar du, irizpide zientifikoetan oinarritutakoa, Europako araudian jasotako kontserbazio-betebeharrak betetzen dituena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berriz azter dezala angula-arrantzari buruzko araudia, Europako kontserbazio-neurrietara doitzeko, horren arrantza profesionala ahalik eta gehien mugatuz eta birpopulatzeko neurriak ziurtatuz.

    Aingira europarra kontserbazio kritikoko egoeran katalogatutako espezie bat da, eta hori berreskuratzea lehentasuna da nazioartean. Arartekoak gogorarazten du arrantza-kudeaketaren arloan hartzen diren erabakiek jasangarritasun ekologikoa, gardentasuna eta Europako indarreko ingurumen-araudia betetzea izan behar dituztela ardatz nagusi.

    Bestalde, Arartekoak bukatu du bere esku-hartzea Euskadiko Angulero Elkarteak egindako kexa batean. Elkarte horrek salatu zuen ez zegoela parte-hartzerik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak onartutako Aingira Europarra Berreskuratzeko 2024-2034 Plan Integrala izapidetzean.

    Kasu horretan, Arartekoak onartzen du plan hori programatikoa eta ez arau-emailea dela eta, beraz, ez dituela bete behar xedapen orokorretarako eskatzen diren izapideak. Hala ere, bere iritziz, aldundiak informatu eta parte hartzera gonbidatu behar zituen interes-taldeen erregistroan inskribatuta dauden elkarteak, bereziki kontu handiko ingurumen-gai batean, hala nola egoera kritikoan dagoen espezie bat (aingira europarra) berreskuratzea.

    EBAZPENA


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11

  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordearen aurrean agertu da, Hizkuntza-eskubideen defentsan izandako esperientziaren, aurrera eramandako jardueren eta aurrera begira eman beharko liratekeen urratsen berri emateko

    INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11

  • Inés Ibáñez de Maeztu Izaguirre -orain arte bere ondokoa- izango da jarduneko arartekoa Eusko Legebiltzarrak titular berria aukeratu arte

URTEKO TXOSTENA

ES-IA-2024.pdf
Ararteko

2024an, Arartekoaren jarduerak izan duen gorakadak berriro islatzen du azken urteotako igoera etengabe eta iraunkorrerako joera hori. Arartekoak aurten egindako jarduerei bere osotasunean begiratuta egiazta daiteke, zehazki, horiek %7,4 hazi direla aurreko urtearen aldean eta, guztira, 14.608 jardueratara iritsi direla. Datu horrek erakusten du erakunde honen jarduera guztien batura, Euskadiko herritarren eskubideak babesteko funtsezko eginkizuna betetzen duenean. Aipaturiko jarduera guztietatik 10.150 gutxi gorabehera Arartekoak herritarrak artatzeko dituen hiru bulegoen jarduerak dira; bulego horiek banan-banako arreta- eta laguntza-zerbitzua ematen diete herritarrei. Horrek esan nahi du %6,7 handitu dela aurreko urteko jarduera berarekin konparatuta

22865
Ararteko

2023an berriro areagotu egin zen Arartekoaren jarduera, guztira 13.602 jarduera burutu baitziren; horietatik 8.200 inguru Arartekoaren arretarako kanalen bidez jasotako kexak eta kontsultak dira, hau da, aurreko urtean baino %7 gehiago. Hazkuntza bereziki nabarmena izan zen izapidetutako kexa-espedienteei zegokienez, izan ere, ia 3.900ra iritsi ziren eta, hortaz, ia %37 areagotu. Era berean, Arartekoak ofiziozko 26 espediente hasi zituen. Analisi kuantitatibo labur horretaz irakurketa hau egiten du erakunde honek: egiaztatu da euskal herritarrek konfiantza jarraitua eta gero eta handiagoa dutela defentsa-erakunde honen esku-hartzearen eraginkortasunean.
 

22212
Ararteko

Arartekoaren jarduerak bere ohiko martxa jarraitu du, herritarrek defentsa-erakunde honi azaldu dizkioten arazoei erantzuten ahaleginduz, izan ere, arazo horiek eragina izan dezakete beren eskubideak eta askatasunak baliatzean, baita administrazioarekin dituzten harremanetan ere.

Informe anual del Ararteko al Parlamento Vasco 2021.pdf
Ararteko

Taldeko ahaleginaren urtea izan da, herritarrei beren arazoetan laguntzekoa, konponbideak ematen saiatuz eta, askotan, herritarren eta administrazio publikoen artean zubi-lana eginez.

Informe al Parlamento Vasco 2020
Ararteko

2020 urte berezia izan da, argi-itzalez betea, batez ere sufrimenduzkoa norberaren eta planeta osoaren osasunagatik, baina baita kemenezko eta elkartasunezkoa ere. Ataka larrian jarri dira egungo gizarteko bizimoduaren oinarrian ziurtzat jotzen ziren gauza asko

14696
Ararteko

Txosten honetan, Arartekoak 2019an barrena erakunde honek egin dituen jardueren berri ematen dugu eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko giza eskubideen egoera orokorraren ikuspegia eskaintzen dugu.

2019an Ararteko erakundeak 30 urte bete zituen. 1989ko martxoaren 8an lehenbiziko arartekoak, Juan San Martínek abian jarri zuen erakunde hau. Ordurako tankera bereko erakundeak zeuden herrialde askotan, Ombudsman edo Herriaren Defendatzailea izenekin.

14683
Ararteko

Urteko txostenean biltzen dira 2018an egindako jarduerak, eta Arartekoak nagusiki zer gai aztertu dituen jakiteko aukera ematen du. Kexak eta kontsultak izapidetzen egin dugu ahaleginik handiena, baina azpimarragarria da, orobat, era askotako jarduerak burutu ditugula kalteberatasun egoeran edo egoteko arriskuan dauden taldeekin. Era berean, gure lanaren zati garrantzitsu bat hartu dute gizarte-erakundeekin eta herri-administrazioetako arduradunekin egindako bilerek, mintegiak antolatu eta horietan parte hartzeak; eta Europa eta mundu mailan giza eskubideak sustatzeko egin diren ekintzek.

14563
Ararteko

Arartekoak 2017an egindako jarduerak aurkeztea aukera berdingabea da Euskadiko giza eskubideen egoeraz eta euskal administrazio publikoen jardueraz egin duen balorazioa ezagutzeko. Berriz ere nabarmentzen da jarduera kopuruak gora egin duela, ia 13.500 izan baitira, hau da, %22 hazi da.

Informe al Parlamento Vasco 2016
Ararteko

Gure erakundea eta 2016an egin dugun jarduera ez dira egoera orokorretik kanpo geratu. Aipatzekoa da gehitu egin direla herritarrekin lotuta dauden Arartekoak jarduerak (10.958); hortaz, aurten ia %23 hazi da Arartekoaren jarduera. Eta berriro ere lanez gainezka ibili gara, herritarrek azaldutako kexa eta kontsultengatik.

Informe al Parlamento Vasco 2015
Ararteko

2015ean egin dugun lana aztertzeak ematen digun aukera aprobetxatuz, oso bereziki nabarmendu nahi dut giza eskubideen aldeko kultura indartu behar dela, botere publikoek nahiz herritar guztiok eskubide horiek sustatzen eta sendotzen lan egin dezagun.