Azaroaren 29an (larunbata) egingo da Bilboko Kastrexana aterpetxean Arartekoko Nerabeen Kontseiluaren hurrengo topaketa, aurtengo azkena. Euskadiko zenbait udalerritako 25 neska-mutilek egun osoa emango dute osasun fisikorako eskubideaz azken hilabeteotan landu dutena laburbiltzen.
ENYA (European Network of Young Advisors) proiektuan izan dugun parte-hartzearen emaitza jakin ahal izango dugu. Ekimen horrek umeen eta nerabeen partaidetza bultzatzen du ENOC-Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen jardueran.
Arartekoko Kontseiluko bi ordezkarik, Junek eta Kevinek, Arartekoko Kontseilu osoaren ondorioak eta ekarpenak eraman zituzten uztailean eta irailean Kroazian eta Bukaresten (Errumania) hurrenez hurren egin ziren Europako topaketetara. Biek gure Kontseiluaren gomendioak helarazi zituzten gai hauen gainean: bizimodu osasungarriak bermatzeko premia, jarduera fisikorako gune seguruen bidez; elikadurari eta ongizateari buruzko hezkuntza; elikadura osasungarrirako irispidea; eta atseden egokia. Gainera, eskatu zuten mediku-arretarako irispide ekitatiboa berma dadila, diskriminazioaren kontra borroka egin dadila eta gazteak ahaldundu ditzatela beren osasun-prozesu propioetan.
Bestalde, Arkaitzek, Yaizak eta Ainhoak “Zure hitzak axola du” izeneko lantegian parte hartu zuten, Fuerteventuran. Topaketa hori Kanarietako Herriaren Defendatzaileak (Diputación del Común) antolatu zuen eta bertan bizitako esperientzia kontatuko dute. Han ikasgeletako kalteberatasunaren gaia jorratu zuten, partaidetza esanguratsuko gunea ahalbidetzeko eta beraien hitza eta iritziak jasotzeko, Zaragozan egin zen Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldietako hausnarketa- eta eztabaida-prozesu orokorrean sartzeko.
Gainera, Nahiak CATen (Childrens Advisory Team) izandako esperientzia partekatuko du, izan ere, Genevara bidaiatu ahal izan zuen aurkezpen bat egitera, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak giza eskubideen defendatzaile diren haurrei buruz egindako 58. bilkuraren esparruan.
Azkenik, larunbat honetan, UNICEF-Euskadiko Aholku Taldearekin ere egingo da topaketa bat. Arartekoko Kontseiluko eta UNICEF-Euskadiko neska-mutilek elkar ezagutzeko eta elkarri beren partaidetza-esperientziak adierazteko aukera izango dute.
Urtero bezala, eguna bukatzeko, agur esango diegu hiru ikasturteren buruan gure Kontseiluan izan duten ibilbidea amaitu duten neska-mutilei. Eskerrik asko, Ane, Eder, Elene, Eneko, Irati, Katalin, Nahia eta Nahia, bihotz-bihotzez!
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a