Zaintza-sistema eraginkor bat funtsezkoa da familia-erreferenterik gabeko haurrak hobeto babesteko

Prentsa oharra FRA (European Union Agency for Fundamental Rights)

Viena, 2022ko otsailaren 15a

 

Zaintza-sistema eraginkor bat funtsezkoa da familia-erreferenterik gabeko haurrak hobeto babesteko*

Zaintzaileak funtsezkoak dira haurren eta nerabeen ongizatea bermatzeko, bai eta beren interes gorena kontuan hartua izateko ere. Hala ere, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren (FRA) azken txostenak adierazten duen bezala, Europar Batasunak (EB) eta bere estatu kideek erronka ugariri aurre egiten jarraitzen dute Europara familia-erreferenterik gabe iristen diren adingabeentzako zaintzaile eraginkorrak eskaintzeko.

"Europako eta nazioarteko estandarrek babesa bermatzen diete familia-erreferenterik gabeko adingabeei. Hala ere, teoriaren eta praktikaren artean alde handiago dago, eta horren ondorioz adingabe asko zaurgarritasun-egoeran geratzen dira, behar duten zaintza-figurarik ez dutelako", dio Michael O´Flaherty FRAko zuzendariak. "EBko herrialdeek zaintza-sistemak eraginkorragoak izatea lortu beharko lukete, haur eta nerabe guztiek dagokien babesa eta zerbitzuak jasotzen dituztela bermatzeko."

"EBn familia-erreferenterik ez duten adingabeentzako zaintza-sistemak" txostenak 2014tik egin diren funtsezko aurrerapenak jasotzen ditu. Aldez aurretik FRAk egindako azterlan batean oinarritzen da, eta erronkei nola aurre egin eta EBko zaintza-sistemak nola hobetu iradokitzen du. EBko herrialdeek lehentasun hauek ezarri beharko lituzkete:

  • Adingabe guztiak berdin babestea: Emandako laguntza eta babes-mota, praktikan, adingabearen administrazio-egoeraren araberakoa da. Berez, herrialdeek behar adina baliabide bideratu beharko lituzkete zaintza egiten duten pertsonak esleitzeko familia-erreferenterik gabeko adingabeei, haien administrazio-egoera kontuan hartu gabe. Hori Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak ezarritako betebeharretan ere zehazten da; EBko kide diren herrialde guztiek berretsi dute konbentzio hori.
  • Haurraren interes gorenaren arabera jardutea: Zaintzaz arduratzen den pertsonak haurraren ongizatearen alderdi guztiak estali behar ditu, haren gizarte-, osasun-, psikologia-, material- eta hezkuntza-premiak betetzen direla ziurtatzeko. Aldiz, txostenak egiaztatzen du haurrak eta nerabeak ez daudela beti inplikatuta hartzen diren erabakietan.
  • Prestakuntza egokia: Zaintzako langileek prestakuntza falta izaten jarraitzen dute. Etengabeko prestakuntza eta laguntza sistematikoa behar dute, beren lana eraginkortasunez egin ahal izateko.

Zaintza-sistemak oso desberdinak dira EBko herrialdeen artean eta baita herrialde bakoitzaren barruan ere, eta, kasuen arabera, tokiko agintariek, gizarte-zerbitzuek edo harrera-zentroek ematen dute zaintza. Horren ondorioz, zaintza eskasa izan daiteke. Interes-gatazkak sor daitezke, halaber, legezko ordezkaritza duen pertsonak bere zereginak eguneko zainketa-ardurekin batera egiten baditu. Zaintzako arduradunak 3 eta 50 adingabe bitartean izan ditzake bere ardurapean. Halaber, atzerapenak egon daitezke zaintzako arduradunak izendatzean.

EB familia-erreferenterik gabeko adingabeentzako zaintza-sistemen eraginkortasuna hobetzen ari da. Europako zaintzaileen sare bat ezarri zuen. Herrialde batzuek zaintzako arduradun berrientzako protokoloak, orientazioa eta prestakuntza aurkeztu zituzten. Batzuek zaintza-arduradunen independentzia hobetu zuten, eta haurrek eta nerabeek erabakietan eragin handiagoa izatea lortu zuten.

EBko Haurren Eskubideen estrategiek eta Giza Salerosketaren aurkako Borrokaren estrategiak, bai eta Migrazioaren eta Babeslekuen aldeko Itunaren proposamenak ere, babes-neurriak estandarizatzen eta haur migratzaileak babesteko ahaleginak indartzen lagundu beharko lukete.

* Txosten hau EBtik kanpoko haur eta nerabeei buruzkoa da. EBko 27 herrialdeak barne hartzen ditu, bai eta Ipar Mazedonia eta Serbia ere. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan hemen: media@fra.europa.eu / Tel.: +43 1 580 30 653