Skip to main content
  • Donostiako Udalari bidalitako ebazpen batean, Arartekoak udal horri eskatu dio berrikus ditzala bere laguntza-bulegoen jardunbideko alderdi batzuk erregistro arloan, agiriak aurrez aurre erregistratzen direnean berme juridikoak eta prozeduren segurtasuna hobetzeko.

    Ebazpenean honako gai hauekin lotutako udal jardunbideak aztertu dira: sinadura tabletan, agirien digitalizazioa eta herritarren arretarako bulegoetara joaten direnen nortasuna egiaztatzea.

    Lehenik, Ararteko erakundeak bereizi egiten ditu, batetik, sinadura interesdunaren borondatea edo adostasuna adierazteko bide gisa erabiltzea, eta bestetik, sinaduraren erabilera legez nahitaezkoa den kasuak. Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera, nahikoa da identifikatzea administrazioaren aurrean jardun gehienak egiteko, eta sinadura eska daiteke soilik eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko edo atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko. Horregatik, ez da bidezkoa sinadura oro har ezartzea, eta hori eskatzen denean (eskuz idatzitakoa edo elektronikoa), interesdunak sinatu duen edukiaren egiaztagiri osoa eta egiaztagarria jaso duela bermatu behar da.

    Bigarrenik, defentsa-erakunde honek azpimarratu du digitalizazio-prozesua ezin dela agiriak eskaneatzera mugatu, baizik eta balio juridiko osoa duten benetako kopia elektronikoak sortu behar dituela, edukiaren osotasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea bermatuz. Ildo horretan, egiaztatzeko sistemak jar daitezen gomendatu du, adibidez, egiaztapen-kode segurua (EKS), erregistro-egiaztagiriak eta emandako agiriak benetakoak direla egiaztatu ahal izateko.

    Orobat, Donostiako Udalari iradoki dio hausnar ditzala tabletan jasotako sinaduraren izaera eta ondorio juridikoak, sistema horrek sinadura elektronikoen legezko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, eta pertsonaren borondatearen eta agiri oso eta aldaezinaren arteko lotura berma dezala.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi dio nortasun agiri nazionala edo pareko agiria erakutsiz identifikatu behar direla aurrez aurre agiriak aurkezten dituzten pertsonak, eta ez dela beharrezkoa eskaneatzea edo kopiak gordetzea, izan ere, egiaztapenerako bitarteko elektroniko elkarreragingarriak erabili behar dira, seguruagoak eta datuen babesa hobeto errespetatzen dutenak.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a
     

  • Urriaren 23an, Estrasburgoko Auzitegiak A.J. eta L.E. Espainiaren aurka auziei buruzko erabakia eman zuen. Erabakian Espainia zigortzen du, mendekotasun kimikoagatik bortxatuak izan zirela salatu zuten bi emakumeren kasuan ikerketa eraginkorrik ez egiteagatik. Auzitegiak ondorioztatu du ikerketan emandako akatsek urratu egin zituztela —prozeduraren alderdian— demandatzaileen aurkako tratu ankerrak eta iraingarriak debekatzea eta haiek bizitza pribaturako duten eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. eta 8.en artikuluek babestuta. 

    Kasuaren aurrekariak 2016koak dira, orduan bi emakumek salatu baitzuten bortxaketa jasan zutela Iruñean, mendekotasun kimikoagatik. Joan ziren osasun-zentroak sexu-erasorako protokoloa aktibatu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zion Polizia Nazionalari. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta susmagarriak atxilotu egin zituzten, zeinek sexu-harremanak izan zituztela aitortuta, baimena eman zietela argudiatu zuten. Ikerketan zehar, akusatuetako bat ikerketa-unitateko agente baten koinatua zela jakin zen, eta prozesuan zehar funtsezko frogak galdu edo manipulatu ziren.

    Zigor-arloko prozesuan, instrukzio-epaitegiak, demandatzaileen testigantzak sinesgarritzat jo arren, susmagarriak ez auzipetzea erabaki zuen, froga eztabaidaezinik ez zegoelako. Frogen erabileran izandako irregulartasunengatik kausa bereiziak ireki baziren ere, batek ere ez zuen aurrera egin. Urte batzuk geroago, prozesuaren kausa nagusia behin betiko artxibatu zen, ez baitzen egiaztatu substantziak ematea edo baimenik ez ematea arrazoizko zalantza orotatik haratago. Epaitegiek onartu zuten irregulartasunek eta froga digitalen desagerpenak "eragin handia" izan zutela ikerketan, baina diligentziak zehatzak izan zirela ondorioztatu zuten.

    Bere erabakian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatzen du Espainiako agintariek ez zutela ikerketa eraginkorrik egin, bereziki funtsezkoak izan zitezkeen frogak sistematikoki galdu eta manipulatu zirelako, ikerketan independentzia nahikoa bermatu ez zelako eta akats horien aurrean erantzun nabarmen desegokia eman zelako, "akats isolatuak" edo ikerketan egindako omisio txikiak gainditzen zituztelako. Agintariek egindako jarduerek ez zuten lortu mendekotasun kimikoaren salaketetarako funtsezkoak ziren frogen galera konpentsatzea. Gainera, poliziaren jokabide txarrari buruzko ikerketak denbora luze baten ondoren hasi ziren, eta jatorrizko ikerketa gainbegiratu zuten organo judizial eta polizialen esku utzi ziren.

  • 2025eko urriaren 7an, Europako Kontseiluak Pertsona intserxualen eskubide berdintasunari buruzko Ministroen Batzordearen CM/Rec (2025)7 Gomendioa onartu zuen. Gomendioak pertsona intersexualen eskubideak berdintasunez babesteko, errespetatzeko eta gozatzeko ikuspegi integral bat proposatzen du, eta Sexu-orientaziogatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzko CM/Rec (2010)5 Gomendioa osatu eta zabaldu nahi du. 

    Gomendioak argi eta garbi eskatzen die agintariei baimendu gabeko esku-hartze medikoak debekatzen dituzten lege eta politika publikoak har ditzatela, eta bermatu dezatela haur intersexualen edozein esku-hartze atzeratu egingo dela beren kabuz erabaki ahal izan arte. Era berean, arreta medikoa jasotzeko aukera zuzena ematea gomendatzen du, bai eta bizitzako esparru guztietan pertsona intersexualen indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa prebenitzea ere.

    Europako Kontseiluak gomendioaren alderdi hauek nabarmendu ditu:

    • Pertsona intersexualen esperientzia, erronka eta ahultasun bakarrak ezagutzen ditu, diskriminazioa, estigmatizazio, marjinazioa, gizarte-bazterketa eta indarkeria barne, sarritan patologizazioan eta sexualitatearekin eta generoarekin lotutako estereotipoetan errotuak, ongizate fisikoari eta mentalari larriki eragiten diotenak.

    • Baieztatzen du pertsona intersexualen giza eskubideak berdintasunez babestu, errespetatu eta gozatzeko, ikuspegi integralak eta koherenteak behar direla, sektore guztietan egokiak diren legeria, politikak eta bestelako babes-neurriak barne hartzen dituztenak, modu eraginkorrean aplikatzen direnak eta aldian-aldian berrikusten direnak, datuen bilketaren eta azterketaren laguntzarekin.

    • Pertsona intersexualen eta haien erakundeen parte-hartzen esanguratsuaren garrantzia nabarmentzen du, Estatuen ahalegin iraunkorrekin eta maila guztietako erakunde eta gizarte zibileko lankidetzarekin batera. 

    • Nazioko, Europako eta nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen ditu, pertsona intersexualen berdintasunean eta duintasunean aurrera egiteko.

    Gomendioekin batera aurkeztu ohi den azalpen-memorandumak nabarmentzen du Espainia dela tratamendu edo/eta ebakuntza mediko edo kirurgikoak murrizteko legeria espezifikoa onartu duen estatu kide bakarretakoa, ukitutako pertsona intersexualaren baimen espezifiko, oso, aske eta informaturik ez dagoenean (Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari Buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 19. artikuluari erreferentzia eginez). Azpimarratu du, halaber, Espainia dagoela pertsona intersexualak esplizituki babesten dituen herrialdeen artean, sexuaren ezaugarria babestutako arrazoi gisa hartuta, diskriminazioaren aurka enpleguan, bai eta ondasunak eta zerbitzuak ematean ere.

     

  • Egoitza elektronikoko mantentze-lanetarako oharra Hobekuntza- eta mantentze-lan teknikoak direla eta, jakinarazten da azaroan, egun hauetan eta 14:00etatik aurrera, Arartekoren egoitza elektronikorako sarbidea ez egongo dela erabilgarri:

    Egunak:

    • Azaroak 4, asteartea
    • Azaroak 6, osteguna
    • Azaroak 11, asteartea
    • Azaroak 13, osteguna
    • Azaroak 18, asteartea
    • Azaroak 20, osteguna

    Egun horietan, ezingo dira izapide elektronikoak egin gure egoitza elektronikoaren bidez.

    Barkamena eskatzen dizuegu eragozpenengatik eta eskertzen dugu zuen ulermena. Zerbitzu seguruago eta eraginkorrago bat eskaintzeko lanean ari gara.

    Edozein zalantza edo arreta-behar izanez gero, gure arreta presentzialeko bulegoetara jo dezakezu, edo gure webgunean eskuragarri dauden telefono eta posta elektronikoko kanalak erabili.

  • Arartekoak izapidetzeko onartu zuen Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteak egindako kexa bat. Elkarteak Zabalguneko udal-aparkalekuari buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, eta hark datu-taula baten bidez erantzun zion, ebazpen formalik eman gabe. Gero, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari (IPSEB) ere idatzi zion; hark onartu egin zuen elkartearen kexa, eta udalari eskatu zion eman zezala aparkalekuen itxaron-zerrendan zeuden Abando auzoko biztanleen zerrenda anonimizatua. 

    Arartekoaren iritziz, udalak ez zuen eskaera epe barruan eta behar bezala ebatzi, eta ez onartzeko arrazoi bat aipatu zuen epez kanpo, ustezko “informazioa berriz lantzean” oinarrituta, nahiz eta IPSEBek ordurako interpretatuta zuen elkarteak baliatutako eskubidearen mamia eta irismena. Era berean, azpimarratu du udalak prozeduran zehar ez ziola IPSEBi alegaziorik aurkeztu, eta horrek mugatu egin zuela bere defentsarako eskubidea, baita ere informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen duen organoarekin behar bezala lankidetzan aritzea. 

    Arartekoaren ebazpenak gogorarazten du informazio publikoa lortzeko eskubidea gardentasunaren, motibazioaren eta legeriak ezarritako epeak errespetatzearen printzipioen arabera gauzatu eta ebatzi behar dela, eta IPSEBek bere iritzia azaldu ondoren, haren edukiarekiko desadostasuna bide jurisdikzionaletatik bideratu behar dela, eta ez gai berari buruzko administrazio-ebazpen berrien bidez. 

    Beraz, erakunde honek Bilboko Udalari gomendatzen dio epe barruan eta arrazoitutako ebazpen baten bidez izapidetu ditzala informazioa lortzeko eskaerak, behar bezala justifika dezala eskaerak ez onartzeko edozein muga edo arrazoi, eta IPSEBen eginkizunak errespeta ditzala eta harekin aktiboki elkarlanean aritu dadila, haren ebazpenak betez edo legez aurreikusitako bideetatik aurkaratuz.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a
     

  • Arartekoak azpimarratu du segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasuna eman behar zaizkiola errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko administrazio-prozedurari
Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Zaratari buruzko Nazioarteko Kontzientziazio Eguna

2025eko apirilaren 30a

Zaratari buruzko Nazioarteko Kontzientziazio Eguna dela eta, Espainiako herriaren denfendatzaileak eta Arartekoak, Bilboko Uribitarte Anaitasuna Auzo-Elkarteak bi erakundeei helarazitako kexaren ondoren, aisialdiak eragindako ingurumen-arazoari aurre egitearen garrantzia adierazi nahi dute era bateratuan. Idazki hau egiten dute bi erakundeek jaulkitako gomendioetan bat datozelako egoera honen azterketan. Herriaren denfendatzaileak eta Arartekoak gomendio horietan jasotako ondorio nagusiak azpimarratzen dituzte:

•    Aisialdiko jarduerek pertsonen atsedenerako eskubidea errespetatu behar dute. Bi erakundeek uste dute herritarrek ikuskizun publikoak, jolas-jarduerak eta ostalaritza-jarduerak garatuz, aisialdia erabiltzeak, onura sozial eta ekonomiko handia dakarrela. Hala ere, aisialdiko jarduera horiek herritarren eskubideak errespetatzea eskatzen duen lege-esparru gaituaren barruan baino ezin dira gauzatu. Kasu horretan, aisialdiko jarduerek eragindako gehiegizko zarata gertatzen denean, ordenamendu juridikoak pertsonak babesten ditu. Hirigune jakin batzuetan zarata pilatzeak eragiten duen kutsadura akustikoak eragina izan dezake bizi-kalitatean eta, bereziki, inguruan bizi diren pertsonen atseden-eskubidean.

•    Etxean atseden hartzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da. Administrazio publikoek, bereziki udalek, jarduteko betebeharra dute, eraginkortasunez ingurumen-zaratak aisialdiko kontzentrazio-eremu horietan bizi diren pertsonen atseden-eskubideari eragiten ez diola lortzeko. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta Konstituzio Auzitegiak ezarri dute gehiegizko ingurumen-zaratak oinarrizko eskubideak urra ditzakeela, hala nola norberaren eta familiaren bizitzarako eskubidea eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea. Zaratak, era berean, osasunerako eta ingurumen egokirako eskubideak urra ditzake. Urratze horiek saihesteko agintari eskudunek beharrezko neurri guztiak hartu behar dituzte zarataren ondorio kaltegarrietarako eraginpean dauden pertsonen etxebizitzaren babesa modu eraginkor eta zentzuzkoan ziurtatzeko, pertsona horien bizi-kalitatea eta osasuna bermatuz.

•    Udal-administrazioek zarata kontrolatzeko duten betebeharra. Indarrean dagoen ingurumen-legeriak aisialdiak eragindako zarataren kontrolean esku hartzeko betebeharra ezartzen die udal-administrazioei. Arau-hausteetan ikuskatzeko, kontrolatzeko eta zehatzeko eskumenak egoki eta eraginkortasunez erabiltzea nahitaez bete beharreko funtzio publikoa da, eta ezin da irizpide diskrezionalen edo egokitasun-irizpideen mende geratu.

•    Ingurumen-kontroleko funtzio publikorako nahikoa baliabide. Kutsadura akustikoa kontrolatzeko beharrezkoa da administrazioek eginkizun hori eraginkortasunez betetzeko behar beste baliabide material eta pertsonal izatea. Horretarako ezinbestekoa da ingurumen-zarata ikuskatzeko planak eta programak garatzea, jarduketa sistematikoa eta prebentiboa ahalbidetuko dutenak, jarduerei ezarritako baldintzak benetan eta eraginkortasunez betetzen direla eta, horrela, aldi bereko eskubide guztiak babesten direla ziurtatzeko. Gainera, inguruneko zarataren kudeaketa hobetzeko, ezinbestekoa da salaketa-kanal irisgarriak eta eraginkorrak ezartzea. Era berean, administrazio publikoek bermatu egin behar dute salatzaileek jasota dagoen informazio guztia eskuratzeko, ingurumen-kontroleko prozeduran parte hartzeko eta kutsadura akustikoa murrizteko konponbideak formulatzeko duten eskubidea.

•    Aisialdi-eredu jasangarria eta dezibel gutxikoa sustatzea. Administrazioek sentsibilizazio- eta hezkuntza-kanpainak bultzatu behar dituzte herritarren atsedena errespetatzen duen aisialdi jasangarria sustatuz. Gehiegizko zarata arazo serio eta garrantzitsu gisa tratatu behar da, pertsonaren bizi-kalitatean, gizarte-kohesioan eta oinarrizko eskubideen errespetuan eragin baitezake.

Herriaren denfendatzaileak eta Arartekoak, idazki honen bidez, herritarren oinarrizko eskubideak eta eskubide konstituzionalak babesteko konpromisoa berresten dute, eta administrazioei ingurumen-zarataren kudeaketan dituzten erantzukizunak betetzeko eta pertsona guztientzako aisialdi jasangarriagoa eta orekatuagoa sustatzeko eskatzen diete.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 30a