Skip to main content
  • Arartekoak kexa bat jaso zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan langileak kontratatzeko eskatzen diren hizkuntza-eskakizunei buruz. Azaldu zuenez, langileak kontratatzean, ez zen eskatu irakaskuntza-lana behar bezala betetzeko moduko euskara-mailarik, eta zertzelada horrek eragotzi egin zuen lantegiak hizkuntza horretan eskaintzea, nahiz eta ikasle batzuk elebidunak izan eta hizkuntza horretan ikasi nahiko luketen. Era berean, gogorarazi zuen Eskola fundazio baten mende dagoela, fundazio hori hainbat administrazio publikok osatzen dutela eta funts publikoak jasotzen dituela antolatzeko eta funtzionatzeko.

    Arartekoak informazioa eskatu zion Fundazioari, eta hark erantzun zuen gaur egun Eskolak ez daukala berariazko hizkuntza-planik, baina zenbait neurri ezartzea aurreikusi dela, Eskolan euskara normaltasunez bizitzeko.

    Arartekoaren gomendioa justifikatzen duen analisiak honako hau du abiapuntu: Fundazioa ez da euskal sektore publikokoa, nahiz eta Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso.

    Eskolak arautu gabeko irakaskuntza ematen du, beraz, araubide orokorreko eta bereziko irakaskuntzek ez bezalakoa, eta, hasiera batean, azken horiei aplikatzen zaizkie irakaskuntzan euskara erabiltzeari buruzko lege-aginduak. Hala ere, horrek ez du esan nahi Eskolak inolako betebeharrik ez duenik euskararen tratamenduari dagokionez, hezkuntza-araudiak hezkuntza-izaera duten eremu guztien ikuspegi integratzailea defendatzen baitu.

    Gainera, dirulaguntza publikoak jasotzen dituenez gero, Fundazioak herritarren hizkuntza-eskubideak eta euskararen erabilera bermatu behar ditu diruz lagundutako jardueraren berri ematean.

    Bestalde, araudian jasota dago botere publikoek euskararen erabilera sustatu behar dutela gizarte-bizitzako eremu guztietan.

    Horregatik guztiagatik, Arartekoaren ustez, kontraesankorra izango litzateke Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola bezalako erakunde bat araudiak euskararen tratamenduaz euskal botere publikoei ezartzen dizkien betebeharretatik kanpo geratzea, izan ere, eskola horrek kultura-arloan lan garrantzitsua eta aitortutakoa egiten du eta bere jarduerari funts publikoek eusten diote.

    Hortaz, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio Fundazioak agiri ofizial bat onartzea eta bertan honako hauek jasotzea: egungo egoeraren analisia, bete beharreko helburuak, beroriek erdietsi ahal izateko neurriak, jarduteko aldi baterako aurreikuspenak, baita arlo horretako beste edozein gai garrantzitsu ere, hori guztia plangintza egituratu baten barruan ezagutu eta abiaraz dadin eta, gero, ebalua dadin.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a

  • EHUren uda ikastaroen XLIV. edizioan, Arartekoak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekin batera honako izenburuko ikastaroa antolatu du Donostiako Miramar jauregian: “Adimen artifizial etikoa lortzeko bidean: giza-eskubideetarako eta datuak babesteko erronkak”.

    Ikastaroaren hasiera-ekitaldian, hauxe adierazi du Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak: “herriaren defentsa-erakundeok, ombudsmanok, eginkizun berri bat hartu behar dugu geure gain trantsizio digital honetan: aktiboki bermatu behar dugu interes orokorraren zerbitzura dagoen teknologia. Kontua ez da ikuspegi juridiko klasikoa erabiltzea soilik, baizik eta ikuspegi etikoa, diziplinartekoa eta prebentiboa ematea, beste erakunde batzuen araugintza eta lan teknikoa osatzeko”.

    Ikastaro honekin topagune bat sortu nahi da adimen artifizialak gizarteko eta erakundeetako arlo garrantzitsuetan duen eraginaz eta erabilerez eztabaidatzeko, hala nola hezkuntzan, herritarren segurtasunean, osasunean eta administrazio publikoan.

    Horrela, Ibáñez de Maeztuk adierazi duenez, ikastaro hau aukera paregabea da esperientziak partekatzeko, ikuspuntuak kontrastatzeko eta proposamenak sortzeko. “Baliagarria izatea nahi dugu -azpimarratu du- ez bakarrik arriskuak aztertzeko, baizik eta baita ere berrikuntza publiko arduratsuko, herritarren prestakuntzako eta parte-hartze informatuko aukerak irudikatzeko. Azken batean, eskubideak bermatuko dituen adimen artifiziala bultzatu nahi dugu, zerbitzu publikoak hobetuko dituena eta inor atzean utziko ez duena”.

    Helburu nagusietako bat da ikastarora etorri direnak sentsibilizatzea, bai adimen artifizialak berekin dakartzan erronka etiko eta sozialen inguruan, bai algoritmoek berdintasunean, ekitatean eta pribatutasunean sor ditzaketen joeren inguruan. Gainera, ekitaldi honek esperientziak eta jarduera egokiak trukatzeko plataforma bat izan nahi du, honelako gaiak jorratuz: adingabeak hezkuntza-inguru digitaletan babestea; adimen artifizialak segurtasun publikoan izan ditzakeen ondorioak, batez ere oinarrizko eskubideak errespetatzean.

    Funtsezko beste helburu bat hainbat sektoreren arteko lankidetza sustatzea da, elkarrizketa erraztuz teknologiako adituen, kudeaketa eta politika publikoen arduradunen, eskubideak kontrolatzeko erakundeen eta abarren artean, adimen artifiziala garatzean eta aplikatzean ikuspegi arduratsuak eta etikoak ezartzeko. Gure asmoa da topaketa honi esker berrikuntza-aukerak zehaztea eta, aldi berean, zenbait estrategia eraikitzea, arriskuak gutxitzeko eta, horrela, herritarren ongizatea, segurtasuna eta pribatutasuna babesteko.

    INFORMAZIO GEHIAGO

    Donostia/San Sebastián, 2025eko uztailaren 3a

     

  • Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) “2025eko Oinarrizko Eskubideei Buruzko Txostena” argitaratu du. Bertan, 2024an Europar Batasunean oinarrizko eskubideak zertan diren eta 2025erako aurreikuspenak zehatz-mehatz aztertzen dira. 

    Hain zuzen ere, hainbat frontetan eskubideen erosioa dagoela ohartarazten du txostenak, eta egoera politiko aldakorrak eskubide horiei eragiten diela. 2024an, identitate-politikek gorrotoa eta intolerantzia elikatu dituzte; digitalizazioak eta adimen artifizialak, aukerak eskaintzen badituzte ere, oinarrizko eskubideen aurkako mehatxu berriak eragin dituzte batez ere; eta EBko kanpo-mugetako eskubideen etengabeko urraketek, gizarte zibileko erakundeen aurkako erasoekin batera, printzipio demokratiko eta giza eskubide oinarrizkoenak hondatu dituzte. 2025era begira, defentsarako eta segurtasunerako ikuspegi politikoak eta prozedurak sinplifikatzeko eta desarautzeko ahaleginek eskubideak babesteko kostua izan lezaketela aurreikusten da.

    Gainera, FRAk garrantzi berezikotzat jotzen diren gaiei buruz bere analisia ematen du. Lehenik eta behin, 2024. urteko hauteskunde-zikloari dagokionez, txostenak integritate demokratikorako arrisku esanguratsuak nabarmentzen ditu, sare sozialetan eta hauteskunde-prozesuetan adimen artifizialaren erabileraren bidez egindako manipulazioa eta desinformazioa barne, bai eta giro politiko polarizatu batean izandako indarkeria- eta larderia-ekintzak ere. Era berean, Europako Parlamentuaren osaerak ez duela gizarte-aniztasuna behar bezala islatzen azaltzen du, emakumeen, gazteen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta gutxiengoen ordezkaritza txikia baitu.

    FRA indarkeria matxistaren auzian ere gelditu da. Txostenak azpimarratzen du indarkeria matxistak orokortua izaten jarraitzen duela EBn, eta ohartarazten du kasu asko ez direla iristen agintariek jakitera. Estatu batzuek adostasunean oinarritutako sexu-delituen definizioak hartu dituzten arren, FRAk adierazi du ekintza gehiago behar direla, batez ere ziber indarkeriaren eta sare sozialetako misoginiaren aurrean.

    Azkenik, txostenak EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren aplikazio-egoerari heltzen dio. FRAren aburuz, Gutunak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bezalako beste tresna batzuen aurrean, ikuspen txikia du, eta horren aplikazioaz arduratzen diren pertsona guztien gaitasunak indartzeko deia egin du, giza eskubideen erakunde nazionalak eta berdintasun-erakundeak barne.

  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Irunera joango da gaur, emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubidea babestera eta, bertan izanda, emakumeek jaietan eta eremu guztietan berdintasunerako eskubidea dutela argi eta garbi defendatzera.

    Horrela, Ararteko erakundeko titularrak adierazi nahi du guztiz ziur dagoela emakumeek berdintasunerako eskubide besterenezina dutela eta, beraz, protagonista izateko eskubidea, gizonezkoen baldintza beretan, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-bizitzako eremu guztietan, salbuespenik gabe, baita herri-jaietan ere, edozein tradizio ospatzen dela ere.

    Irungo San Martzial Alardea erreferentea da Euskadiko emakumeen berdintasunerako kausarako, eta Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak, Euskadiko herritarren eskubideen defendatzailea denez, gaur Irunen babesa adierazi nahi die gizarte-kultura- eta politika-oztopoak gaindituz, alardean parte hartzen duten emakume guztiei, baita ere urtez urte, ahaleginez eta adorez, eskubide hori gauzatzeko borroka egiten duten gizon-emakumeei.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 30a
     

  • 2025eko ekainaren 28a Arartekoak emakume lesbianen errealitatean jarri nahi du arreta, izan ere, horien ikusgarritasuna tamalez gauzatzeke dago oraindik. Irmoago apustu egin behar da emakume lesbianak ikusgarri egitearen eta berorien ahotsak entzutearen...
  • Gomendio hori herritar baten kexak eragin zuen. Herritarrak aurrez aurre arreta espezializatua jasotzeko hitzordua eskatu zuen, etxebizitza birgaitzeko bi espedienteri buruzko gai teknikoez hitz egiteko, baina administrazioak ukatu egin zion eskaera.

    Arreta espezializaturik jaso ez zuenez gero, Arartekora jo zuen. Erakunde honek gertakariak eta eskuratutako agiriak aztertu ostean, administrazioaren erantzuna ez zela egokia izan ondorioztatu du. 

    Arartekoak bere ebazpenean nabarmendu du garrantzitsua dela herritarrentzako kanal eskuragarriak eta hurbilak mantentzea, banan-banako arreta erakundeen hurbiltasun-betebeharraren alderdi bat dela eta administrazioak maila orokorraz haragoko arreta eskaini behar duela, baldin eta zuzeneko elkarrizketa eskatzen bada administrazio-espedienteetako alderdi teknikoak eta pertsonalizatuak jorratzeko.

    Orobat, erakunde honek adierazi du aurrez aurreko arreta ez dela salbuespenezko edo ordezko modalitate bat, baizik eta kanal legitimoa eta erabilgarria, kanal elektronikoaren baldintza beretan. Arrazoi nahikorik eman gabe aurrez aurreko modalitatea ukatzeak pertsona fisikoen aukeratzeko eskubidea urra dezake, bai Estatuko, bai autonomia erkidegoko araudiaren ikuspegitik begiratuta. Horrela, administrazioak arduraz jokatu behar du, aurrez aurreko arreta jasotzeko datak proposatuz edo ordezko bide bat eskainiz teknikari adituekin harremanetan jartzeko.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi du administrazio ona izateko eskubidearen ondorioz, administrazio publikoek legearen arabera jardun behar dutela, modu eraginkorrean, hurbiltasunez, banan-banako arreta emanez eta pertsonen premia zehatzekiko sentikortasuna erakutsiz. Erantzun arrazoiturik ez emateak eta teknikari adituekin zuzenean hitz egiteko bide funtzionalik ez izateak galarazi egiten diote herritarrari bere eskubideak erabat baliatzea administrazio-prozeduraren esparruan. Beraz, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu dio aurrez aurreko arreta berma dezala, elkarrizketa egokia eta pertsonalizatua eman behar denean.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 26a

  • Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteak azaldutako kexa bat aztertu ondoren egin zen gomendio hori. Elkarte horrek salatu zuen antzinako zabortegietan hondakin arriskutsuak zeudela, eta beroriek Nerbioi-Ibaizabalgo arroan ingurumen-inpaktuak dituzten lixibiatuak sortzen ari zirela.

    Arartekoak, bere ebazpenean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruz Estatuko eta Europako arauditik eratorritako lege-betebeharrak gogorarazi ditu, eta nabarmendu du botere publikoek gaur egun dirauten hondakin arriskutsuen biltegien ingurumen-lehengoratze eraginkorra bermatu behar dutela.

    Gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan jarduera garrantzitsuak egin dituen arren, kutsadura-fokuen iraunkortasunak beharrezko egiten duela plan integral bat bultzatzea, eta ekintza instituzional eta sozialeko mahaia berriz aktibatzea lindanoaren kontra.

    Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari gomendatu dio behin-betiko jarduera-plan bat prestatzea bultza dezala, Bizkaian erabiltzen ez diren zenbait zabortegitan lindano-HCHak eragiten duen kutsadura iraunkorra eragozteko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a

     

  • Egintzak 2024ko irailekoak dira. Orduan, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek ukatu egin ziola arreta euskaraz, eta jokaera hori zenbait aldiz errepikatu zuela, baita telefonoz kexa egin ondoren ere. Salaketan adierazten denez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik egin ziren, herritarraren hizkuntza-eskubideak urratuz, horrek euskaraz artatua izateko eskubidea baitauka, gaztelaniarekin batera Euskadin hizkuntza ofiziala delako. 

    Arartekoak informazioa eskatu zion Erandioko Udalari, eta hark onartu zuen euskaraz artatzeko arazoak zituela, poliziaren plantillan hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna kendu zuen epai judizial baten ondorioz. Hala ere, txostenean agerian geratu zen udaltzain gehienek arreta euskaraz emateko akreditazio nahikoa dutela, eta araudia eta protokoloak ez zirela eraginkortasunez aplikatzen ari. 

    Arartekoak bere ebazpenean ondorioztatu duenez, Erandioko Udalak bermatu egin behar du hizkuntza-eskakizunak egiaztatuta dituzten udaltzain guztiek arreta euskaraz emango dutela, eta hori egiteko erabakia ez dela egongo udaltzainaren borondate indibidualaren mende. Gainera, gomendatu du prestakuntza indartu dadila hizkuntza-eskubideen arloan eta euskaraz arreta emateko protokoloetan, eta errespetuan eta bereizkeriarik ezean oinarritutako kultura susta dadila herritarrak artatzean. 

    Arartekoak espero du gomendio horiek eraginkortasunez ezar daitezen, etorkizunean hizkuntza aukeratzeagatik bereizkeria-egoerarik ez sortzeko eta Erandioko Udalak bere herritar guztien hizkuntza-eskubideekin duen konpromisoa indartzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a
     

banner-que-es_0

ZER DA ARARTEKOA

Ongi etorri gune honetara. Arartekoa zen den azaldu nahi dizugu.

Arartekoa Euskadiko herriaren defendatzailea edo ombudsmana da. Gu ondo ezagutzea nahi dugu, zehazki zer egiten dugun eta zertan lagun zaitzakegun jakitea. Herritar guztiak hobeto defendatu nahi ditugu, euskal herri-administrazioen jarduera eta politika publikoei dagokienez.

Espero dugu web atari berri hau zure gustukoa izatea eta lortu nahi dugun helburua behar bezala betetzea: informatzea, komunikatzea, gauzak garden adieraztea eta parte hartzea. Edonola ere, zerbitzu bikaina eskaini nahi dugu eta, horretarako, laguntza eskatzen dizugu. Beraz, animatu zaitez, helaraz iezazkiguzu zure proposamenak eta iritziak, web atari hau eta, oro har, Arartekoaren jarduerak eta zerbitzuak hobetu ditzagun, beti eragingarritasunez, modu atseginean eta azkar egin nahi ditugu eta.

Eusko Legebiltzarraren otsailaren 27ko Arartekoari buruzko 3/1985 Legeak sortu eta arautu zuen Arartekoa, Euskal Herriko Autonomi Estatutuko 15. artikuluan ezarritakoaren arabera. Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da eta pertsonen eskubideak defendatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak edo horien mendeko erakunde publikoak) jarduera eta politika publikoei dagokienez.

Ararteko erakundea edo bulegoa pertsona bakarrak zuzentzen du eta horrek ere arartekoa du izena. Bost urterako aukeratzen du Eusko Legebiltzarrak eta horretarako bostetik hiruko gehiengoa behar izaten da. Erakunde independente eta alderdikeriarik gabekoa da eta euskal herritarrei doako zerbitzu publikoa eskaintzen die.

Ararteko erakundearen zeregin nagusia herritarrak artatzea da, administrazioaren jarduera oker edo irregularrei buruz herritarrek egiten dituzten kexak, eskaerak edo kontsultak jaso eta bideratzea. Kexak prozedura jakin baten arabera izapidetzen dira eta, bertan, dagokion administrazioari bere jokaera azaltzeko eta haren berri emateko eskatzen zaio. Baldin eta, legerian ezarritakoaren arabera, kexa sorrarazi duen jarduera okerra izan dela erabakitzen bada, Arartekoak gomendio bat egiten dio administrazio arduradunari, eta jarduera oker hori aldatzeko eskatzen dio. Ebazpen horiek web atari honetan argitaratzen dira.

Euskal administrazioen politika publikoei buruzko diagnostikoak ere egiten ditu Arartekoak, batik bat txosten bereziak edo monografikoak eta azterlanak eginez. Gainera, politika horiek hobetzeko gomendioak egiten ditu, herritarren eskubideak hobeto babestu daitezen, batez ere herritar horiek egoera txarrean, gizartetik baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan, diskriminatuta edo gizarte-estutasunean bizi badira.

Era berean, herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten zentroak eta bulegoak ikuskatzera joaten da Arartekoa, aldizka harremanak eta bilerak izaten ditu gizarteko errealitatearen arlo desberdinetan lanean ari diren hainbat elkarte eta erakunderekin (GKE) eta anitz ekitaldi eta forotan hartzen du parte; horren guztiaren bidez, politika publikoek eta administrazioen jarduerek etengabeko bilakaera izan dezaten eta hobetu daitezen lortu nahi du, kalitateko zerbitzuak eskaintzeko, eskubideak beteko direla bermatzeko eta desberdintasun, diskriminazio, eskasia eta gizarte-bazterketaren kontra borroka egin eta horiek errotik kentzeko. Zeregin horretan buru-belarri dihardugu web atari honetan identifikatuta dauden 29 lan-arloetan.

Giza eskubideak errespetatzeari buruzko sentikortasuna eta kontzientziazioa areagotzeko ekimenak ere burutzen ditugu.

Arartekoak urteko txosten baten bidez ematen dio Eusko Legebiltzarrari bere jardueren eta ekitaldien berri. Txosten hori web atari honetan argitaratuta dago. Beste zenbait gauza ere aurkituko dituzu web honetan: gure ebazpenak, txosten bereziak, gomendio orokorrak, azterlanak, beste argitalpen batzuk, iritzi-artikuluak, erakunde-adierazpenak, Arartekoaren jarduerei buruzko informazioa.

Gardentasun atalean informazio zehatza aurkituko duzu Arartekoaren antolaketaz eta funtzionamenduaz, baita ere bere aurrekontuaz, kudeaketa ekonomikoaz, langileez, eta abar. Gardenak izan nahi dugu, eta herritarrei ahalik eta ongien lagundu.

Pertsonen eskubideak bermatzeko eta defendatzeko erakundea gara. Giza-eskubideen sistema gure demokrazien eta bizikidetzaren funtsezko oinarria da, berez dinamikoa eta ebolutiboa; hortaz, etengabe hobetu daiteke eta hobetu behar da. Horretarako, botere publikoek gogor saiatu behar dute, baina gutako bakoitzaren konpromisoa eta lana ere ezinbestekoak dira.

Agur bero bat.

ONGI ETORRI ARARTEKOAREN WEBERA

 

pictograma página web

Ongi etorri web orrialde honetara! Bertan jakin ahal izango duzu zer den Arartekoa, zer egiten dugun eta nola lagundu zaitzakegun.

Web honen bidez, informatu egin nahi dugu, komunikatu, gardenak izan, eta zuri parte hartzeko aukera eman. Zure proposamenak eta iritziak bidaltzera animatzen zaitugu, herritarrei ematen diegun zerbitzua, oro har, eta web hau, bereziki, hobetzeko.

 

ZER DA ARARTEKOA?

pictograma página web

Arartekoa Euskadiko Herriaren Defendatzailea da. Erakunde honek herritarren eskubideak babesten ditu euskal administrazioen jardueren eta politika publikoen aurrean. Hau da, Hau da, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta horien mendeko beste erakunde batzuek egiten duten lana aztertzen du.

Zenbaitetan, gerta liteke administrazio horiek oker jokatzea. Halakoetan, edonork jakinaraz diezaioke Arartekoari, kexa baten bitartez.

 

pictograma página web

Arartekoa 1985ean sortu zen, Gernikako Estatutuaren 15. artikuluarekin bat etorriz. Eusko Legebiltzarraren urte horretako lege batek arautzen du nola jarduten duen Arartekoak. Arartekoa erakunde independente eta alderdikeriarik gabea da eta herritarrei dohain eskaintzen die bere zerbitzua.

Ararteko erakundea arartekoa izeneko pertsona batek zuzentzen du. Eusko Legebiltzarrak aukeratzen du pertsona hori, 5 urtean behin. Urtero, Arartekoak txosten bat aurkezten dio Eusko Legebiltzarrari, urte horretan egin duen lan guztiari buruz.

 

ZER EGITEN DUGU ARARTEKOAN?

pictograma página web

Herritarren kexei, eskaerei edo kontsultei erantzuten diegu, haien ustez, euskal administrazioek ondo egin ez dituzten gauzei buruz.

Kexa horiek izapidetzeko, urrats batzuk egin behar dira.

Lehenik, Arartekoak jarduera horren gaineko informazioa eskatzen dio dagokion administrazioari.

Gero, informazio hori eskuetan, legearen arabera jarduera hori ez bada zuzena izan, Arartekoak ebazpen bat ematen du eta eskatzen dio (gomendio baten bidez) alda dezala jarduera hori.

Ebazpen guztiak webean argitaratzen dira.

pictograma página web

Administrazioek garatzen dituzten politika publikoen inguruko azterlanak prestatzen ditugu eta gomendioak egiten dizkiegu politika horiek hobetzeko eta, horrela, herritarren eskubideak hobeto babesteko, batez ere kalteberenen eskubideak, edo gizartean baztertuta, egoera txarrean edo diskriminatuta daudenenak.

Ikuskatzeko bisitak egiten ditugu administrazioek herritarrei zerbitzuak egiten dizkieten tokietan.

 

pictograma página web

Harremanak ditugu eta aldizka bilerak egiten ditugu elkarteekin eta euskal gizarteko zenbait gunetan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE).

Ekitaldietan eta foroetan parte hartzen dugu.

Ekimenak burutzen ditugu gizartea sentiberagoa izan dadin eta giza eskubideak errespetatu behar direla ohartu dadin.

 

  PERTSONEN ESKUBIDEAK BERMATZEA ETA DEFENDATZEA

pictograma página web

Gure demokraziaren eta bizikidetzaren zutabe nagusia giza eskubideak dira. Sistema hori aldatu egiten da denboran barrena, eta hobetu daiteke eta hobetu behar da. Hobetzeko konpromisoa erakunde publikoena da, baina baita ere gutako bakoitzaren lanarena.

Bere lanaren bitartez, Arartekoak lortu nahi du administrazioen politika publikoak eta jarduerak etengabe hobetzea, kalitateko zerbitzuak egitea, pertsonek beren eskubideak baliatu ahal izango dituztela bermatzea eta desberdintasunak eta diskriminazioak desagerraraztea. Horretarako, batez ere 29 lan-arlotan egiten du lan. Arlo horiek webean ikus daitezke.

 

ZER AURKI DEZAKEZU WEB HONETAN?

pictograma página web

  • Urteko txostena
  • Txosten bereziak
  • Ebazpenak
  • Gomendio orokorrak
  • Azterlanak
  • Beste argitalpen batzuk
  • Iritzi-artikuluak
  • Erakunde-adierazpenak
  • Arartekoaren jarduerei buruzko informazioa
  • Gardentasunari buruzko atala
  •  

Hemen informazio

zehatza aurki dezakezu Arartekoaren aurrekontuaz eta kudeaketa ekonomikoaz, hau da, zenbat diru daukan xahutzeko eta nola xahutzen duen, Arartekoko langileak, e.a.

 

 

 

Irudiak

Bideoak