Zumarragako Udalak legezkotasunera egokituko du Santa Lutzi ferian espazio publikoa hartzeko baimenaren arauketa

Arartekoak araudia egokitzeko gomendioa egin zion udalari, herritar baten kexa aztertu ondoren. Eskertzen du udalak horretarako egin duen ahalegina

Arartekoari kexa egin zion pertsonak udalaren jakinarazpen bat jaso zuen. Bertan adierazi zitzaionez, espazio-arazoak zirela eta, ezin izan zioten baimenik eman 2016ko abenduan egingo zen ferian eskatutako postua jartzeko.

Interesduna ez zegoen ados, izan ere, bere ustez, postuak esleitzeko aukeraketa-irizpideak ez zetozen legearekin bat, batez ere tokiko, eskualdeko eta abarreko ekoizleen presentzia lehenesteari eta feriara joaten zeramatzaten urteak baloratzeari zegokienez.

Gainera, bere aburuz, postuen esleipena ez zen oso gardena, ez zelako zehatz-mehatz jakiten zer balorazio eman zitzaion eskaera bakoitzari libre zeuden postuak esleitzeko.

Kexa aztertu eta gero, Arartekoak Zumarragako Udalari gomendatu zion legezkotasunera egokitu zezala aurten Santa Lutzi feriari ezarri beharreko araudia.

Udalak baiezkoa eman dio Arartekoaren gomendioari, eta erakunde honek oso ontzat jo du udalaren ahalegina.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 13a