Arartekoak herritarren foro bat antolatu zuen Bilbon, irailaren 11n. Bertan, mugikortasun jasangarriaren erronkak eta aukerak aztertu zituzten hainbat erakundek, adituk eta herritarrek.
Jardunaldi hartan azaldutako ondorio nagusia hauxe izan zen: hiriak aldatu egin behar direla, mugikortasun aktiboaren (oinezkoa eta bizikletazkoa), garraio publikoaren eta ibilgailu motordunak gutxitzearen ikuspegitik begiratuta.
Ondorio nagusiak:
Paradigma aldatu behar da hiri-mugikortasunean. Hiriek mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa ardatz nagusi izango dituen eredurantz egin behar dute aurrera, ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murriztuz. Eraldaketa hori funtsezkoa da osasuna eta ingurumena babesteko.
Hiri-mugikortasun jasangarrirako planek (HMJP) aukera ona ematen dute. Nahiz eta plan horiek aurrerapenak bultzatu dituzten, oraindik zenbait arazori egin behar diete aurre trafiko motorduna nabarmen gutxitzeko. Behar-beharrezkoa da politika horiek hiri-plangintza bezalako beste arlo batzuekin bateratzea.
Atzerapenik gabe, emisio txikiko eremuak (ETE) ezarri behar dira. ETEak ezartzea lege-betebehar bat da, eta ezinbesteko egiten du premiaz jardutea, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.
Hirigintza taktikoa: Hirietako esku-hartze apal batzuk (adibidez, kaleak aldi baterako oinezkoentzat jartzea) lagungarriak izaten ari dira ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzeko eta gune publiko irisgarriagoak eta jasangarriagoak sustatzeko.
Mugikortasun jasangarrirako eskubidea aitortu behar da. Mugikortasun jasangarria osasunari eta ingurumenari lotutako eskubidetzat hartu behar da. Euskadiko eta Estatuko lege-esparruak ildo horretan aurrera egiten ari dira.
Gardentasuna eta herritarrek parte hartzeko eskubidea aukera onak dira hartu behar diren neurriak onartzeko. Funtsezkoa da herritarrek modu aktiboan parte hartzea mugikortasun-politiken plangintzan. Talde guztiak barne hartu behar dira (batez ere ahulenak) neurri horiek onartu eta eraginkorrak izan daitezen.
Oinezkoak lehentasuna izan behar du espazio publikoa banatzean. Berriz antolatu beharra dago espazio publikoaren erabilera, oinezkoei lehentasuna emateko plan estrategiko baten bidez. Orobat, plan horretan kontuan hartu beharko da generoaren, belaunaldiaren eta desgaituen ikuspegia.
Garraio publikoa sustatu behar da. Garraio publikoaren kalitatea, irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzea ezinbestekoa da ibilgailu pribatuaren gutxiago erabiltzeko.
Berrikuntza eta jardunbide egokiak. Foroan zenbait jardunbide egoki eta herritarren zientzia-proiektu batzuk aurkeztu ziren. Horiek ikusarazten dute zein garrantzitsua den eremu sentikor batzuetan airearen kalitatea hobetzea, esaterako, eskola-eremuetan.
Bizikleta-mugikortasuna bultzatu behar da. Txirrindularien elkarteek behin eta berriz adierazten dute bizikleta-azpiegiturak hobetu behar direla, eta finantzaketa egokia bermatu. Era berean, bidegorrietarako diseinu-eskuliburuak sortzea proposatzen dute, eta udal sailen arteko koordinazio handiagoa, garraiobide hori bultzatzeko.
Azken batean, Arartekoaren herritarren foroaren amaieran azpimarratu zen hiriak premiaz eraldatu behar direla, espazio inklusiboagoak, irisgarriagoak eta ingurumena errespetatuko dutenak bihurtzeko. Hori erdiesteko, baterako ahalegina egin behar dute administrazio publikoek eta herritarrek, eta hiri-mugikortasunaren gaineko erabakiak hartzean, talde guztien (batik bat talde ahulenen) hitza adituko dela bermatu beharko da.
ONDORIOAK
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 4a