Zehar-Errefuxiatuekin gizarte-erakundeak 2023ko irailean jazo zen gertakari baten berri eman zion Arartekoari. Kontatu zuenez, Gasteizko gaueko aisialdirako lokal batean, sarrera ukatu zieten jatorri senegaldarreko hiru mutili. Une hartan Ertzaintzan salaketa formala egiten saiatu ziren, baina, antza denez, haren ondorioz ez zen atestaturik ireki edo ikerketarik egin.
Zehar-Errefuxiatuekin Eraberean sareko erakundea da. Sare hori Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, tratu berdintasunaren alde eta diskriminazioaren aurka, eta behar bezala jakinarazi zitzaion gertakari hori. Bere Batzorde Juridikoak salaketa egitea eta prozedura judizialean agertzea erabaki zuen, bere ustez, arraza- edo etnia-jatorriagatik bereizkeria gertatu zelako.
ACCEM erakundearekin koordinatuz (errefuxiatuen eta migratzaileen bizi-kalitatea hobetzeko lanean diharduen erakundea da hori), hainbat salaketa-ekintza antolatu ziren eta, horren ondorioz, lokalaren jabea Gasteizko Udalarekin harremanetan jarri zen eta Berdintasun Zerbitzuaren eta Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren babesa eskatu zuen. Orobat, izen ona lohitzeagatik eta irainengatik, salaketa jartzearekin mehatxatu zuen. Beraz, Eraberean sareko ordezkaria harremanetan jarri zen lokalaren jabearekin.
Gertakariari buruzko salaketa-ekintzek hedapen eta oihartzun sozial handia izan zuten, izan ere, nahiko zabalduta zegoen pertzepzio baten arabera, aisialdirako establezimendu batzuetan, bereizkeriazko jokabideak errepikatzen ziren eta, zirudienez, afrikar ondorengoei eragiten zieten. Horregatik, elkartasun-keinuak areagotu ziren eta salatzeko eta babesa emateko auzo-ekimen bat abiarazi zen, “Erreparorik gabeko eskubideak” izenekoa.
Aldi berean, Eraberean sareak estrategia errestauratiboa baliatzea erabaki zuen. Orduan, eskaera bat egin zion Ararteko erakundeari, bi aldeen arteko elkarrizketaren bat ahalbidetzeko esku har zezakeen aztertzeko, kontuan hartuta hirian hedatutako arazo bat zela, bizikidetzan eragiten zuena.
Arartekoak esku hartzea onartu zuen eta eragindako aldeei zirkulu errestauratibo bat egitea proposatu zien.
Zirkulu errestauratiboaren helburu nagusia hauxe da: enpatiarako, entzute aktiborako eta konfiantzarako espazio segurua sortzea parte-hartzaile guztien artean eta, bereziki, kaltetuak sentitu diren pertsonentzat. Azken batean, epaitu gabe eta enpatiaz aditzea. Gatazkari ikuspegi berri batetik heltzea proposatzen du, kalte batek sortutako lesioari erantzuteko, gatazkako protagonismoa aldeei eta erkidegoari itzuliz, profesionalen (artekarien) laguntzarekin.
Horretarako, zirkulu errestauratibo bat antolatu zen Arartekoaren egoitzan. Bertan, gertakari diskriminatzaileak kaltetutako pertsonek eta gainontzeko parte-
hartzaileek murrizketarik gabe hitz egin eta akordioak lortu ahal izan zituzten, etorkizunean horrelako egoerarik berriro gerta ez dadin.
Azken finean, jarduera errestauratiboak garatuz, modu osagarrian erantzun dakieke era askotako kalte eta gatazken (auzo-gatazkak, berezikeriazkoak, sozialak…) biktimei, izan ere, orain arte, biktima horiek prozedura judizial eta administratiboetara jotzea beste biderik ez zuten.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a