Plentziako oporretako egoiliar batzuek Ararteko adierazi zioten ez zeudela ados aparkatzeko sistema arautuaren alderdi batzuekin.
Haien iritziz, araudiak tratu-desberdina ematen die alde batetik, Plentzian ibilgailua erregistratuta duten eta bertan erroldatuta daudenei, eta bestetik, udalerri horretan bigarren etxebizitza duten eta erroldatu gabe daudenei, beren ibilgailuak han erroldatuta ez dituztenei.
Kexagileek uste dute udalak tratu desberdina ematen diela bertan erroldatutakoei eta araudi hori ezartzen den garaian (uztailaren 1etik irailaren 8ra) udalerri horretan egoten diren erroldatu gabeko egoiliarrei. Era berean, adierazten dute udalak udalerriaren erdigunean ia aparkatzeko aukerarik gabe utzi duela talde hori, aparkalekuak bertakoentzat bakarrik gordetzen direlako.
Bestalde, Metroan dagoen aparkalekua bertakoentzat bakarrik dela diote, eta Gorlizeko, Barrikako eta Lemoizko bizilagunek ezin dutela erabili, nahiz eta autobus-zerbitzua eskasa izan eta gaueko 10etan bukatu. Portuari dagokionez, bi orduko muga duten (eremu urdina) lau aparkaleku sortu omen dituzte, baina denbora hori ez omen da nahikoa aparkatzeko, deskargatzeko eta itsasora irteteko.
Azkenik, udalaren atzealdean dagoen lurzati bat aipatu dute. Beraien esanean, Foru Aldundiaren jabetzakoa da eta bertakoek soilik erabiltzeko eremutzat kalifikatu da.
Udalari informazioa eskatu ondoren, hark txosten bat igorri zion Arartekoari. Bertan adierazi zuen ez zela egia bisitariek aparkatzeko aukerarik ez zutenik; errepikatu zuen udako hilabeteetan arazoak sortzen zaizkiela udalerrian 12 hilabetez bizi direnei, bertan lan egiten dutenei edo mugikortasun urriko txartela dutenei; eta berriz aipatu zuen berdintasun printzipioa ezin dela ezarri ekitate printzipioa kontuan hartu gabe.
Arartekoaren aburuz, honako helburu hau dute aparkaldi mugatuko sistemen araudietan ezartzen diren egoiliar-araubideek: egoiliarrek beren bizilekutik gertu aparkatu ahal izatea, sistema horiek ezartzen dituzten eragozpenak izan gabe. Informazio-eskaeran gogoeta hori helarazi arren, udalak ez du horretaz ezer adierazi.
Erakunde honek uste du udalaren azalpenek ez dutela justifikatzen egoiliar talde bati eta besteari ematen zaien tratu desberdina, neurri horren helburua kontuan hartuta.
Horregatik, Plentziako Udalari gomendatu dio zerbitzu hori berrikus dezala, bertan erroldatutakoei eta oporretako egoiliarrei ematen dien tratu desberdinari dagokionez.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 12a