Alokabide sozietate publikoak onartu egin du mendekotasun handiko pertsona bati alokairu babestuaren errenta gutxitzea

Ezintasun fisikoa eta mendekotasun handia duen pertsona batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, gehitu egin baitzioten alokairu-erregimenean daukan babes ofizialeko etxebizitzaren errenta.

Kexagileak eskatu zuen berriz azter ziezaiotela, a la baja, ezarritako errenta berria. Adierazi zigunez, errentaren zenbatekoa gehitzearen ondorioz, ia diru-sarrerarik gabe geratu da arroparako eta janarietarako oinarrizko gastuei aurre egiteko, izan ere, ezintasun egoeran dagoenez gero, nahitaez zenbait laguntza eta tratamendu behar ditu eta horiek diru dezente gastarazten diote hilero (etxez etxeko laguntza, norberaren autonomiarako zentro batera joatea, e.a.).

Laguntza galdatu genion Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, eta kexagilearen eskaera haren egoera pertsonala eta hark bere autonomia sustatzeko hilero ordaindu behar zituen berariazko gastuak kontuan hartuta berrazter zezan proposatu genion.

Sail horrekin eta Alokabide sozietate publikoarekin izandako harremanetan proposatu genien azter zezatela kexagilearen diru-sarreren izaera, bada jasotzen dituen prestazioetako batek helburu izaera du, argi eta garbi, %65etik gorako ezintasuna duen pertsona izateari lotuta baitago. Beraz, gure ustez, prestazio hori ez liokete zenbatu behar.

Bukatzeko, kexagileak adierazi digunez, Alokabide sozietate publikoak jakinarazi dio alokatutako babes ofizialeko etxebizitza horren errenta gutxitzea onartu dutela.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 14a