ARARTEKOAK ANTOLATUTAKO IKASTAROA: PERTSONEN ESKUBIDEAK BIZITZAREN BUKAERAN

EHUren Uda Ikastaroen XXXVIII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du uztailaren 4 eta 5rako, Donostiako Miramar jauregian: "Pertsonen eskubideak bizitzaren bukaeran".

Uda Ikastaro honen bidez, jarrera baikorra sustatu nahi da gizartean eta medikuntzan, gaixotasun aurreratua eta terminala duten pertsonak artatu eta zaintzeari dagokionez. Giza duintasunean eta arreta profesionalean oinarritutako ikuspegitik begiratuta, gaitzaren bilakaera naturala errespetatu nahi da, horretan lagundu, eta gaixoa zaintzearen alderdi espiritualak eta emozionalak aintzat hartu.

Bizi-prozesu hori eta bere ezaugarriak aztertzeko erabiliko den ikuspuntu etikoa hausnartu eta abiapuntutzat hartuta, arretaz aztertuko da pertsonek bizitzaren amaieran beren duintasuna eta ongizatea babesteko dituzten eskubide eta bermeen esparru juridikoa (nazioartean, Europan, Estatuan eta autonomia erkidegoan).

Aztergai izango dira pertsonek bizitzaren amaieran aurrez aurre izan ditzaketen egoerak eta horietan jaso beharreko arreta, erabakiak hartzeko prozesua barne, alderdi guztietan: legedia, alderdi medikoa, baimen informatua, tratamendu aringarriak, laguntza senideei, etab. Gainera, bizitzaren azken aldian gaixoaren duintasuna eta autonomia babesteko ezagutzen diren jarduera egokiak ere aurkeztuko dira.

EGITARAUA

IZEN EMATEA