Arartekoak datu pertsonalak lagatzeaz egindako gomendio bat onartu du Galdamesko Udalak

Galdamesko Udalak onartu egin du Arartekoaren gomendio hau: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari datuak uztean, lortu nahi den helbururako behar-beharrezkoak diren datuak bakarrik eman ditzakeela, eta lagatako erregistroek zer eduki zehatz duten jakinarazi behar diela biztanleei.

Galdamesko biztanle batzuek adierazi zigutenez, udal hori Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan sartzearen ondorioz, udalak biztanleen datu pertsonalak eman zizkion partzuergo horri, baita banku-helbideratzeari buruzko datuak ere.

Kexa aztertu ondoren, Arartekoari hauxe iruditu zitzaion: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, bere zerbitzua egiteko, ez zuela behar abonatuen banku-helbideratzearen gaineko datu hori eta, horregatik, Galdamesko Udalak ez zuela datu hori eman behar, aldez aurretik erabiltzaileen berariazko baimenik ez bazuen behintzat.

Gainera, udalak biztanle guztiei jakinarazi behar die zer eduki duten lagatako abonatuen fitxategiaren erregistroko datu pertsonalek, horren berri izan dezaten eta, hala badagokio, partzuergoaren eta udalaren beraren aurrean beraien datu pertsonalak ezereztatzeko eta zuzentzeko eskubideak baliatu ahal izan ditzaten.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a