Arartekoak eskatu du berriz azter dadila emakume bati DSBE bat amaitzeko erabakia, bere senarra sasoikako langilea baita eta autonomia erkidegotik kanpo ateratzen baita lan egitera

Pertsona batek Arartekoari azaldu zion ez zegoela ados Lanbideren erabaki batekin, izan ere, hark diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko eskubidea amaitu zion eta, gainera, ia 4.000 euro erreklamatu zizkion, oker jasotako prestazioengatik.

Lanbideren iritziz, DSBEaren titularrak ez zuen betetzen baldintza hau: bizikidetza-unitate berezia osatzea, aldi baterako lekualdaketagatik.

2013. urteaz geroztik -orduan aitortu baitzioten DSBEa jasotzeko eskubidea kexagileak bizikidetza-unitate bat osatzen du bere senarrarekin eta bien adin txikiko alabarekin. Senarra sasoikako langilea denez gero, Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) ateratzen da lan egitera, bai udan, fruta biltzeko, eta bai noizbait neguan ere, oliba biltzeko.

Urteen arabera, irteera horiek hilabete eta hiru hilabete bitartekoak izaten dira urtean, eta neguan lan egiteko eskatzen ziotenean, bost hilabete ere igaro zitzakeen gure erkidegotik at. Kexagilearen esanean, denbora horretan guztian bere senarrak EAEn mantendu zuen bere benetako bizilekua, eta diru-sarrera propioak lortzea beste asmorik ez zuen; gainera, unean bertan eta behar bezala ematen zitzaien horien berri Lanbideri. Hortaz, bere ustez, erakunde horrek ez zituen modu egokian haztatu bere kasuko zertzeladak.

Arartekoak informazioa eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren orduko Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari; gaur egun, Lan eta Enplegu Saila deritzo.

Lanbidek txosten baten bidez erantzun zuen, eta honako hau azaldu zuen: "diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularraren ezkontideak 12 hilabete baino gehiagoko lan-aldiak lotu ditu EAEtik kanpo. Hori dela eta, Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloan (2017) dituen irizpideen 4. zenbakiari jarraikiz, diru-sarrerak bermatzeko errenta iraungi zaio, bikotea ezin baita egon lan-arrazoiengatik urtebete baino gehiago bananduta eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen".

Lanbidek parekatu egiten ditu EAEtik kanpo egindako lan-aldi batzuen batuketa (horiek denak zenbatuta, oro har, senar-emazteak 12 hilabete baino gehiago egon ziren bananduta) eta, lanagatik, EAEtik kanpo behin betiko joatea. Arartekoaren aburuz, bi egoera horiek parekatzearen inguruan sortzen dira zalantzak.

Baina, egia esan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko 147/2010 Dekretuan ez da espresuki aipatzen lanagatik banandutako aldiak batu daitezkeenik.

Horrela, egiaztatu da Lanbidek, bere interpretazioaren bitartez, DSBEa galtzearekin zigortu duela bizikidetza-unitate bat, non bere kideetako batek diru-sarrera propioak lortzeko ahaleginak egiten dituen.

Horrez gain, ezin da alde batera utzi bizikidetza-unitate horretan adin txikiko bat bizi dela, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zertzelada hori behar bezala haztatu behar zuela bere erabakia hartu baino lehen.

Horregatik, Arartekoak Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berriz azter dezala kexagileari DSBEa jasotzeko eskubidea amaitzeko erabakia, baita oker jasotako prestazioen zenbatekoa itzularazteko erabakia ere.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 18a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2020R-1713-19 Ebazpena, 2020ko abendua 18koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubide subjektibo bat iraungi zuen ebazpen bat.