Arartekoak esku hartu ondoren, Etxebizitza Sailak oniritzia emango dio babes publikoko etxebizitza egokitu bat eskuratzeko salerosketa kontratuari

Herritar batek Arartekoari esku hartzeko galdegin zion, Etxebizitza Sailaren Bizkaiko lurralde ordezkariak ez baitzuen oniritzi babes ofizialeko etxebizitza (BOE) egokitu baten salerosketa kontratua. Kexagileak endekapenezko gaixotasuna du eta aulki motorduna behar du joan-etorrietarako, duela 3 urtez geroztik.

2018an etxebizitza egokitu bat erosteko baimena eskatu zuen, bere oraingo etxebizitza irisgarria ez dela argudiatuz. Horregatik, BOE egokitu bat emateko ere eskatu zuen; zozketa egin ostean, esleipena huts deklaratu zen.

Kexagileak dioenez, guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du eta adingabe bat dauka bere ardurapean. Mugikortasun-arazo larriak zituela egiaztatze aldera, bere desgaitasun gradua eta mugikortasun-baremoa aitortzen zituen foru-agindua aurkeztu zuen.

Hala ere, etxebizitza ordezkariak ukatu egin zion oniritzia. Horregatik, herritarrak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen, eta berriro aipatu zituen bere etxebizitzan zeuzkan irisgarritasun- arazoak (korridore estuak, harraskara iritsi ezina edo gurpil-aulkia eskailera buruan utzi beharra, ezin zelako aulkian etxera sartu).

Gainera, errekurtsoaren agiri osagarri gisa, Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak (Fekoor) egindako txostena eman zuen. Txosten horrek dioenez, beraien irizpideen arabera, etxebizitzak ez ditu betetzen irisgarritasun-baldintzak, interesdunak ezin baitu burujabetasunez erabili.

Arartekoaren ustez, kexagileak behar bezala egiaztatu zituen eraikinaren irisgarritasun-oztopoak eta etxebizitzaren bizigarritasun-arazo larriak, eta laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

Sail horretako letraduak baiezkoa erantzun dio eta gora jotzeko errekurtsoa onar dezan proposatu dio Etxebizitza sailburuordeari.

Beraz, Arartekoak bukatu du kasu honetan izan duen esku-hartzea, izan ere, egiaztatu du Etxebizitza Saileko ordezkariak oniritzia emango diola babes publikoko etxebizitza egokituaren salerosketa kontratuari, eta kexagileari etxebizitza hori erosteko aukera emango diola.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 17a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2019IR-558-19 Ebazpena, 2019ko ekainaren 7koa. Horren bidez, amaitu egin da erakunde honek kexa baten harira egindako jarduna. Araubide orokorreko babes publikoko etxebizitza egokitu bat eskuratzeko salerosketakontratuari oniritzia eman ez izanak eragin zuen kexa.