Arartekoak Etxebizitza Sailari eskatu dio aintzat har dezala herritar baten egoera berezia, izan ere, Etxebiden 21 urtean izena emanda egon ondoren, oraindik ez du jaso babes publikoko etxebizitza bat esleitzeko proposamenik

Herritar batek Arartekora jo zuen bere etxebizitza-premia azaltzeko, izan ere, Etxebide Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan 21 urtean izena emanda egon ondoren, ez Etxebizitza Sailak, ez Alokabide sozietate publikoak ez zioten proposatu etxebizitzaren bat esleitzea.

Kexagilea Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta dago, etenik gabe, 1999ko maiatzetik. 2018ko apirilean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortu zion, eta lehentasuna eman zioten etxebizitza babestua eskuratzeko orduan.

Gaur egun, herritar hori merkatu librean alokatutako etxebizitza batean bizi da. Etxeak errenta zaharra du, jatorrizko instalazio guztiak ditu eta ez ditu betetzen gutxienezko bizigarritasun baldintzak. Gainera, adierazi zuenez, pisuaren jabea berriki hil zenez gero, kezkatuta zegoen bere alokairu-kontratua iraungo ote zen, baita ere merkatu pribatuan etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egiteko zailtasunengatik.

Arartekoak laguntza eskatu zion Etxebizitza Sailari, eta herritar horrek azaldutako etxebizitza-premiaren berri eman zion. Txosten bat ere galdegin zion, non zehazki adierazi behar baitzen zer jarduera burutu ziren kexagileak egindako etxebizitza eskaeraren gainean, horrek zer aukera zituen epe ertain edo laburrean etxebizitza bat eskuratzeko, eta zer tokitan zegoen esleipen-zerrendan.

Oro har, Arartekoak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak egindako ahalegina etxebizitza duin, egoki eta irisgarria legez okupatu ahal izatea bermatzeko. Hala ere, sailak berak emandako datuen arabera, gaur egun 65.000 lagun baino gehiago daude Etxebiden izena emanda, eta horietatik 55.000 pasatxok eskatzen dute alokairuko etxe bat.

Badakigu etxebizitzen eskaera administrazio publikoek dauzkaten etxebizitza babestuen eskaintza baino handiagoa dela. Alabaina, gero eta kexa gehiago daude arlo horretan. Izan ere, kasu zehatz honetan, kexagileak 21 urte daramatza, etenik gabe, Etxebiden izena emanda.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailari eskatu dio ahalegin handiagoa egin dezala etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa benetan bermatzeko. Eta, zehazki, aintzat har dezala kexagilearen egoera berezia, bada, Etxebiden 21 urtean etenik gabe inskribatuta egon ondoren, ez du jaso babes publikoko etxebizitza bat esleitzeko proposamenik.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 30a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2020S-656-20 Ebazpena, 2020ko azaroaren 12koa. Horren bidez Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari iradokitzen zaio ahaleginik handiena egin dezala etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa modu eraginkorrean bermatzeko.