ARARTEKOAK GAITZETSI EGITEN DU ANDINA PEREIRA DE BRITORI BIZIA KENDU DION ATENTATU MATXISTA

Emakumeen kontrako indarkeriazko beste kasu baten ondorioz, bizia galdu zuen atzo Andina Pereira de Britok. Horren aurrean, Ararteko erakundeak bere erabateko gaitzespena erakusten du, bere arbuioa eta samina adierazten ditu eta erakunde guztiei eta euskal gizarte osoari eskatzen die erabateko gaitzespena erakuts dezatela emakumeenganako desberdintasun, preterizio edo tratu iraingarri ororen kontra. Era berean, erakunde eskudunei galdatzen diegu une latz honetan beharrezko laguntza guztia eman diezaiola familia horri, batez ere Andinaren bi seme-alabei, eta euskal gizarte osoa bultzatzen dugu familiari eta emakume horren senide eta lagunei bere giza berotasuna eskaintzera.

Indarkeria matxistak, beste behin ere, modu basati eta gupidagabean kendu dio bizia emakume bati, eta giza zorigaitz arbuiagarria ekarri du berekin. Zorigaitz horren gizarte- eta politika-alderdiak erakunde publiko guztiei exijitzen digu konpromiso irmoak har ditzagula eta erabakitasunez jardun dezagula emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko borrokan, baita emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpen erauzten ere. Berriro ere, euskal erakunde guztiei eskatzen diegu indartsuago eta gartsuago lan egin dezatela desberdintasuna eta emakumeen kontrako egiturazko indarkeria desagerrarazteko, izan ere, tamalez, oraindik bizirik daude gure gizartean.

Andinaz arduratu diren osasun-langileei beraien inplikazioa eta hari bizia salbatzeko egindako ahaleginak eskertzen dizkie Arartekoak. Orobat, Ertzaintzari adore eman nahi diogu, jo eta su aurrera egin dezan dagoeneko hasi diren ikerketetan, eta pertsonaren biziaren kontrako zoritxarreko atentatu horren xehetasun guztiak argitu ditzan. Horrela, erasotzailearen erantzukizun osoa argitzen lagunduko du, eta geroan emakumeen kontrako indarkeria-kasu berriak prebenitzen ere bai.

Ararteko erakundeak Julia Hernández ondokoa izango du ordezkari gaur, asteartea, Mungian egingo den kale-agerraldian, eta Euskadiko herri desberdinetan antola daitezkeen gaitzespen-ekintzetan parte hartzera animatzen ditu herritar guztiak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 18a