Arartekoak gaitzetsi egiten du Eibarko atentatu matxista, kalean zitalki burutua eta biktimaren seme adingabearen aurrean

Arartekoak gaitzetsi egiten du eta sumindura adierazten du atzo Eibarren emakume batek bere bikotearengandik jaso zuen labankada, kale erdian eta ia lau urteko bere semearen aurrean. Indarkeria matxistaren beste kasu bat da, argi eta garbi, eta euskal gizarteari modu lazgarrian gogorarazten dio emakumeen kontrako erasoek oraindik hor segitzen dutela, eta gizarteak eta erakundeek emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorraren aldeko konpromisoa hartuta bakarrik desager daitekeela.

Itxialdian ezarri ziren neurrien ondorioz, emakume askorentzat larriagotu egin zen eguneroko mehatxu matxista, eta sarritan ezinezkoa izaten zen senar-emazteen etxetik ihes egitea. Harrezkero denbora tarte bat igaro ondoren, Eibarren gertatutakoak sumindu eta haserretu egin du berriz euskal gizartea eta pertsonen eskubideak bermatzen dituen erakunde hau. Kolpe horien eta labankada horren bitartez, pairatzen dituen emakumea mendean hartu nahi da, eta mina are handiagoa da bere semearen aurrean egin delako; baina, gainera, pertsonen berdintasunean sinesten duen eta giza eskubideak bere bizikidetzaren oinarri hartzen dituen gizarte osoaren kontrako erasoa ere bada. Horri beste min bat gehitu behar zaio: lau urte besterik ez dituen umea bertan zegoen, babesik gabe bere amaren aurkako erasoaren aurrean, eta hori ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da. Gizarteak eta erakundeek estuki bat eginda soilik desagerrarazi ahal izango da indarkeria matxista.

Azkenik, amorragarria eta etsigarria da jakitea, gainera, norbaitek gertakari gaitzesgarri hori grabatu zuela, gero gizarte-sareetan zabaltzeko, emakume horren eta bere semearen osotasuna babesteko erreakzionatu beharrean.

Horregatik guztiagatik, Arartekoak euskal erakunde guztiei eskatzen die emakumeen kontrako edozein indarkeria-adierazpen desagerrarazteko bidean jarrai dezatela, emakumeen eta beren seme-alaben aurka egiten diren indarkeriazko edonolako abusu onartezinak salatuz; irmo eta uste osoz lan eginez indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta beren seme-alabak babesten eta artatzen, berdintasun politiketan sakontzen, berdintasunezko kulturan eta oinarrizko gizarte-baliotzat genero-berdintasuna izango duen hezkidetza-ereduan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 9a