Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio bere eskumeneko segurtasuneko, osasungarritasuneko eta ingurumena babesteko neurri guztiak betetzeko kontrol-lana bultza dezala Aixerrotako paellen nazioarteko lehiaketan

Arartekoak Getxoko Udalari gomendatzen dio bere eskumeneko segurtasuneko, osasungarritasuneko eta ingurumena babesteko neurri guztiak betetzeko kontrol-lana bultza dezala, Aixerrotako paellen nazioarteko lehiaketan egindako jarduera guztietan hirigintza eta ingurumen arloko legezkotasuna bermatzeko.

Bereziki, gomendatzen dio eraginkortasunez berma dezala adostutako neurriak beteko direla pinudi-basoaren eta kostaldeko txilardien eremua babesteko, gaitutako segurtasun-eremuetatik igarotzea eta eremu horiek okupatzea eragozteko, eta instalazio desmuntagarriak lurzorua aldatzen edo kutsatzen duen eraikuntza-materialik gabe jasoko direla bermatzeko. Era berean, Getxoko Udalak neurriak hartu behar ditu etxolak jartzeaz arduratzen direnek, horiek erabili ondoren, lurzorua lehengoratu dezaten.

Orobat, jai-ekitaldi horren etorkizuneko ospakizunetarako, Arartekoak Getxoko Udalari iradokitzen dio balora dezala horrelako jai-ekitaldien ospakizuna udal ordenantza baten bidez arautzeko aukera. Horretarako, iradokitzen dio interesdunen artean parte hartzeko gune bat susta dezala.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 21a