Arartekoak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen du

Abenduaren 10a, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Arartekoak, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunak eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak hitzaldi bat antolatu dute Bilbon. Hitzaldi hori Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak eman du, izenburu honekin: Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia, eskubide sozialen arloan.

Bere mintzaldian, Raimondik hauxe esan du: eskubide zibil eta politikoak lehen belaunaldiko eskubidetzat jotzen dira eta babes jurisdikzional zabala dute; aldiz, eskubide ekonomiko eta sozialek, hau da, historikoki eskubideen bigarren belaunaldia osatu dutenek, ez dute horrelako babes sendorik. Nabarmendu duenez, "Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ere ez die arreta handiegirik eskaintzen".

Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak zenbait eskubide ekonomiko eta sozial aipatu ditu, hala nola askatasun sindikala, jabetzarako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea edo bizitza pribatua errespetatua izateko eskubidea.

Arartekoak efemeride hori nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideen Egun Unibertsalean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 68. urtemugan. Agiri hori mugarria da nazioarteko Zuzenbidearen historian. Lege- eta kultura-tradizio ezberdinak dituzten munduko eskualde guztietako ordezkariek prestatu zuten Aldarrikapena, eta planetako herri eta nazio guztientzako eredu komun izendatu zuten. Aldarrikapenean lehen aldiz aipatu ziren banan-banan, nazioartean, gizaki guztiei datxezkien oinarrizko eskubide eta askatasunak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 9a


Lotutako dokumentazioa

Guido Raimondiren hitzaldia Guido Raimondiren hitzaldia