ARARTEKOAREN ADIERAZPENA ENERGIA-TRANTSIZIOARI BURUZKO GIZARTE-ITUN BATEN ALDE

Martxoaren 14an Eusko Legebiltzarrak onartu duen legez besteko proposamena zein garrantzitsua den nabarmendu nahi du Arartekoak. Proposamen horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Energiaren gaineko Euskal Ituna lortzeko lanak bultza ditzala, Adituen Batzordea osatuz.

Proposatutako neurri hori bat dator Arartekoak iaz aurkezturiko txosten berezian (Euskal Herria energia-eredu iraunkor batera igarotzea) egin zuen gomendio nagusiarekin. Txosten hartan hain zuzen ere, EAEko erakunde publikoei eskatu zien energia-trantsizioari buruzko gizarte-itun bat susta zezatela. Horretarako, elkarrizketa-foro bat osatzea iradoki zuen, Euskadin energia-trantsiziorako beharrezkoak diren energia- eta klima-erabakien inguruko iritzia eskatzeko, bai energiaren eta klima aldaketaren arloko adituei eta elkarte ospetsuei, bai talde kalteberenetako ordezkariei.

Beraz, Arartekoaren ustez, legez besteko proposamen hori pauso garrantzitsua da Euskal Herrian energia-trantsizio iraunkorrerako bide zuzenean aurrera egiteko. Ibilbide horretan, baliabide fosilen erabilera lehenbailehen gutxitzeko neurriak lehenetsi behar dira, gure gizartea guztiz karbonogabetu arte.

Gizarte-eztabaida zabala egin behar da energia-trantsizioaren prozesua behar bezala gauzatu dadin. Erakunde honek eztabaida hori sustatzen lagundu nahi du, energia gobernantza ona bultzatzeko lana eginez. Horretarako, adostasuna bilatuko du, energia eta klima arloko oraingo nazioarteko konpromisoak behar bezala bete daitezen, eta, horrez gain, hitza emango die Euskadiko talde kalteberenen gizarte-eskaerei.


Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 22a