Arartekoaren erakunde-adierazpena, Errefuxiatuen Nazioarteko eguna dela eta

2016ko ekainaren 20a

Bihar Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatuko denez gero, Arartekoak erabateko elkartasuna adierazten du gatazka armatuetatik eta beste jazarpen batzuetatik nahitaez ihesi doazen milioika pertsona jasaten ari diren sufrimenduaren aurrean.

Beraien eta beren seme-alaben biziak salbatu nahian dabiltzan pertsonen mugimendu hori Europara iritsi da, Afganistan edo Irak eta, berrikiago, Siria suntsitzen ari diren gatazken ondorioz, eta zalantzan jartzen ari da Europar Batasunak eta Europako estatuek oinarri dituzten oinarrizko balioak. Gerratik edo jazarpenetik ihesi datozen pertsonei abegi egitea ez da gaurko kontua, antzinakoa baizik, izan ere, denek ulertzen dute zergatik egiten duten ihes, eta berezko enpatia sortzen da haien atsekabearekin. XX. mendean, bigarren mundu gerra latzaren ondoren, asilo eskubidea juridikoki gauzatu da Genevako Hitzarmenean eta horren protokoloan, eta Europako estatu gehienetako legeriaren zati bat da; gainera, Europar Batasuna sortzeko hitzarmenetan eta Oinarrizko Eskubideen Gutunean ere ezarri da.

Testu horiek berekin dakartzaten konpromisoak eta betebeharrak bete behar dira, kolokan baitaude justizia, errukia eta giza eskubideekiko begirunea, hau da, gizarte anitz eta solidario baten euskarria.
Ararteko erakundeak bere zeregintzat hartu du erronka horren gainean euskal biztanleak sentikorrago bihurtzea. Horregatik, honako izenburuko ikastaroa antolatu du uztailaren 7 eta 8an, EHUren Uda Ikastaroen XXXV. edizioan: "Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak". Bertan eztabaidatu nahi dira asilo eta babes eskubidea, sortzen ari diren arazoak norainokoak diren, instantzia batzuk zer-nolako erantzunak ematen ari diren. Hainbeste gizon, emakume eta familiaren egoera konpondu nahi bada, neurri ausart eta irmoak hartu behar dira, giza eskubideen unibertsaltasuna kontuan hartuko dutenak.

Arartekoa guztiz ziur dago horiek nahitaez, lehentasunez eta berehala defendatu behar direla.
Egun hau ospatzeak baliagarria izan behar du euskal biztanleen eskuzabaltasuna handitzeko, errefuxiatuen beharrei eta derrigorrezko lekualdatzeen arrazoiei erantzuteko orduan. Era berean, ospakizun horretan aldarrikatu behar da interes ekonomikoek ezin dutela suntsitu "gizatasuna", boterea ezin dela gehiegizkoa eta arbitrarioa izan, indarkeria erabiltzea ezin dela izan gobernatzeko edo boterera iristeko modu bat.

Horregatik, Arartekoak beste globalizazio bat aldarrikatzen du, honako helburu hau duena: bizimodu duina izatea, gizaki guztien babes juridikoa orokor bihurtzea, eta, zehazki, errefuxiatuak gehiago eta hobeto babestea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 19a