Arartekoaren erakunde-adierazpena, Ingurumenaren Munduko Egunean

Airearen kalitateari buruzko politikek helburutzat hartu behar dute isurketei dagokienez lurralde neutroa lortzea, eraginkortasunez bermatu nahi bada osasuna eta ingurumena babestuko direla

2019ko ekainaren 5a

 

Arartekoak bat egin nahi du Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunarekin. Aurtengo gaia, "Aire kutsadurarik gabeko planeta", aukera berri bat da botere publikoen eta gizarte osoaren arreta gai honetara erakartzeko: halabeharrez borroka egin behar dela atmosfera kutsaduraren kontra, planetan milioika laguni eragiten dien etsai ikusezin arriskutsua baita.

Egiaz, atmosfera kutsaduraren arazoak hobera egin du azken hamarkada hauetan. Batez ere airearen kalitatearen gaineko Europako politikak ezarri direlako eta zenbait neurri hartu direlako, nazioetan eta herrietan. Horri esker, adibidez, orain "garbiagoak" dira ibilgailuak, industria eta energia-ekoizpena.

Euskadin ere nabarmen hobetu da airearen kalitatea azken hamarkadotan. Alabaina, hobekuntza horrek ez du aitzakia izan behar ingurumena hobetzen taldeko ahaleginean ez jarraitzeko. Gaurkoa bezalako egunak lagungarriak dira ez amore emateko, ez pentsatzeko Euskadiko ingurumen-arazo nagusiak desagertu direla. Airearen kalitatea hobetzeko bidean jarraitu behar dugu, ahalik eta ongizate ekologikorik handiena erdiesten saiatzeko.

Euskal lurraldea egunetik egunera osasungarriagoa izatea lortu nahi bada, gero eta zorrotzago kontrolatu behar dira airearen kalitate eskasak gizon-emakumeen osasunerako dakartzan arriskuak. Horretarako, arriskuak eta kalitateko airea eduki ahal izateak ematen dituen aukerak goiz kudea daitezen sustatzen jarraitu behar du Euskadik.

Aldi berean, atmosfera-kutsadura gutxitzeko neurriek eraginkortasunez laguntzen dute planetak aurre egin beharreko erronka nagusiaren, hau da, klima-aldaketaren kontra borrokatzen.

Gai horren gainean, Arartekoak ere uste osoa du legea betetze hutsetik harago joan behar dutela airearen kalitatea hobetzeko erronkari ematen zaizkion erantzunek. Helburutzat hartu behar dute isurketei dagokienez lurralde neutroa lortzea, eraginkortasunez bermatu nahi bada osasuna eta ingurumena babestuko direla.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 5a