Arartekoaren erakunde-adierazpena, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta

Energia-eredu berrri baten paradigma

Energia aurrerapen eta ongizate iturria da gure gizartean. Energia hornidura unibertsala, segurua eta arrazoizko prezioan eskuratzerik ez badugu, gizadiaren lorpen handiak kolokan jartzeko arriskuan gaude. Oso garrantzitsua da energia nola eta zer baldintzetan erdiesten dugun, ez bakarrik ekonomiaren ikuspegitik, baizik eta baita ingurumenaren eta gizartearen ikuspegietatik ere. Etxebizitza duina izateko eskubidea, lana izateko eskubidea edo hezkuntzarako eskubidea arras murriztu daitezke energia nahikoa eta kalitatekoa eskuratzeko sistema bat bermatuta ez badago. Neurrigabeko kontsumoak berekin dakar gure baliabideak suntsitzea eta planeta pixkanaka kutsatzea. Aurrerapena eta ongizatea ezin dira oinarritu batez ere iturri fosiletatik elikatzen den energia-eredu batean.

Bada energia-eredu horren ordezko hautabide bat. Azken hamarkadetan eredu berri bat finkatu da, energia-iturri berriztagarriak lehenesten ahalegindu dena.

Europar Batasunak hartu dituen erabaki batzuen eta klima aldaketaren kontrako nazioarteko hitzarmenetatik sortu diren konpromisoen ondorioz, honako hauek bihurtu dira energia-politikaren helburu nagusiak: energia aurreztea, berotegi-efektua duten gasak gutxitzea eta iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilera sustatzea.

Bestalde, espainiar estatuak energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko lege-esparru bat onartu du, energia berriztagarriak saritzeko sistema batean oinarritua. Hala ere, energia-eredu iraunkorragoa sendotzen duten proposamen horiek murrizketa izan dute azken urteotan, eta murrizketa horrek eztabaida sortu du.

Euskadin ez ditu nahi bezalako fruituak eman energia berriztagarrien estrategia energetikoak. Energiaren Euskal Erakundeak emandako datuen arabera, 2012. urtean iturri berriztagarrietatik datorren energiaren kontsumo gordina %7,6ra iritsi zen, nahiz eta, 2010eko estrategia energetikoan, %12ra iristea espero zen. Kontua ez da errudunak bilatzea. Partekatutako ardura da berriztagarriak ez diren iturrien gehiegizko erabilera eta horiekiko mendekotasuna. Energia eolikoa garatzeari buruz gizartea eta erakundeak ados jarri ez direnez gero, horren garapena ez atzera ez aurrera gelditu da.

Orain dela gutxi, Ararteko erakundeak azpimarratu du energiaren plangintza estrategikoa bultzatu behar dela, energia berriztagarriak eta energia eolikoa sustatzeko neurri eragingarriak bultzatuz, 2020rako Euskadiko Estrategia Energetikoan adierazitako helburuak bete ahal izateko.

Bestalde, eztabaida piztu du gure lur azpian gas naturala ateratzeko teknika (fracking deiturikoa) garatzeko proposamenak. Ebazpen batean azaldu genuenez, gizartean eztabaida irekia egin beharra dago eta gai hauek aztertu behar dira bertan: energia aurrezteko eta eraginkorra izateko politika energetikoak, berotegi-efektua duten gasak gutxitzea eta energia-iturri berriztagarrietatik energia gehiago lortzea.

Eztabaida eskatzeak ez luke izan behar errebindikazio erretoriko bat. Herritarren partaidetzak ere ez luke izan behar bete beharreko formalismo huts bat. Prozesu horiek aukera ematen dute mobilizatuta eta erne dagoen gizarte zibil sortzaile bati aditzeko.

Administrazio, gizarte-eragile eta herritarren plataforma anitzen artean energiari buruzko eztabaida bultzatzea funtsezkoa da estrategia energetikorik onena prestatzeko. Ahaleginak egin behar ditugu adostasunean oinarritutako konponbide bat lortzeko, planetaren etorkizuna eta gure oraingo ongizate-egoera iraunaraziko dituena.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 5a