ARARTEKOAREN INTERNETEKO WEBGUNE BERRIA

Egoera ahulenean dauden taldeentzako arreta berezia, gardentasuna, erabilerraztasuna eta elkarreragina herritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko

Arartekoaren jardueren berri ematerakoan gardentasunez jokatzea, informazioa ematea eta parte hartzea dira ezarri ditugun helburuak Interneteko webgune berri hau diseinatzerakoan.


Pertsonen eskubideei buruzko arloak

Lehendik zeuden edukiak berritzeaz gain, www.ararteko.net webgunean elementu berriak ere barneratu ditugu, besteak beste, lehentasunezko arreta behar duten 11 taldeetako bakoitzari buruzko berariazko guneak eta Bereizkeriarik ez izeneko gune generiko bat. Gune horietan, pertsonen eskubideei buruzko arloak izenburupean, Arartekoak berariaz hamaika talde edo errealitate sozialen inguruan egiten duen lana aurkeztuko dugu. Talde horietan, eskubideez baliatzeko egoera ahulean edo arriskuan jartzen dituzten egiturazko elementuak daude edo desberdintasuna, bereizkeria edo bazterkeria eragin dezaketen inguruabarrak antzeman daitezke. Gune horiek, arloetako bakoitzari dagozkion Arartekoaren jarduera, txosten eta dokumentuei, arau aipamenei edo estekei buruzko informazio zehatza eskaintzeaz gain, eskubideez baliatzean aukera berdinak izateko eta bereizkeriarik ez jasateko egin behar den lanaren garrantziaz ohartarazi nahi dute.


Erabilerraztasuna eta elkarreragina

Pertsona guztiek informazioa jasotzeko eta parte hartzeko duten eskubidea bermatze aldera, diseinatu dugun nabigazio menuan gardentasuna eta zehaztasuna dira nagusi.

Web gune batek edozein pertsonak, bere ahalmena edo sartzeko erabiltzen duen gailua edozein dela ere, erabili ahal izateko bete behar dituen baldintzak betetzen saiatu gara une oro. Horregatik, "Erabilera eta erabilerraztasunari buruzko inkesta" barneratu dugu. Horren bidez, herritarrek webgunea erabiltzerakoan eta bertara sartzerakoan izan ditzaketen arazoen inguruko beren iritzia azal diezagukete.

"Kexa-inprimakia", bai nabigazio orokorrean bai pertsonen eskubideei buruzko arloetan aurki daitekeena, beren eskubideak urratu egin direla pentsatzen dutelako guregana jo nahi duten pertsonek telematikoki eta, beraz, ez aurrez aurre, kexa aurkeztu ahal izateko bidea da. Inprimakia oso zehatza da eta, bertan, zuzenean eta ahoz egingo genituzkeen galderak sistematizatu ditugu.

Arartekoarekin harremanetan jarri nahi duen pertsona orok ere halaxe egin dezake "Harremanetarako" atalaren bidez; bertan iritziak adierazi edo eskaerak egin ditzake, inolako bereizkeriarik jasan ez badu ere.

Gainera, "Prentsa-oharrak eta artikuluak" eta "Jarduerak" atalen bidez, gizarteko hedabideek eta, oro har, herritarrek egiten dugunaren berri egin bezain laster izatea nahi dugu.


Bereizkeriarik ez

Interneteko webgune berri hau abiarazita, giza eskubideak sustatzen eta babesten laguntzea espero dugu. Bizitza, pertsonaren duintasuna, askatasuna, berdintasuna, osotasun fisiko eta morala, nortasunaren garapen askea, etab.; eskubide horiek guztiak egunero babestu behar ditugu, baita pertsonen eskubideak egoera onean egon daitezen beharrezkoak diren balioak ere, alegia, indarkeriarik ez erabiltzea eta lagun hurkoa, ezberdintasuna, aniztasuna, pluraltasuna, senidetasuna eta elkartasuna errespetatzea.


Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 13a