Arartekoaren irizpideak aintzat hartuta, HABEk egokitu egin ditu azterketa-deialdiko baldintzak, goi mailako kirolariek azterketa-eguna aldatu ahal izan dezaten egun berean lehiaketa baldin badaukate

Pertsona batek Arartekora jo zuen, HABEk ez baitzuen onartu bere eskaera, C1 mailako hizkuntza egiaztatzeko ahozko proba librea 2021eko deialdian ezarrita zegoen ezohiko datan egiteko.

Adierazi zuenez, errendimendu handiko bi kirolari 2021eko apirilean matrikulatu ziren, horretarako finkatutako epean, C1 maila egiaztatzeko probetan parte hartzeko HABEren deialdi irekian, eta zegokion prezio publikoa ordaindu zuten.

Hainbat lehiaketatako prozesua amaitu ondoren, junior eta 23 urtez azpikoen munduko txapelketara joateko hautatu zituzten. Txapelketa hura Eslovenian egin zen, uztailaren 6tik 11ra bitartean.

Bi kirolariek gainditu zituzten idatzizko ulermenari eta adierazpenari zegozkion probak, eta ahozko ulermen eta adierazpenezko probak egin behar zituzten. HABEk azterketa horietarako argitaratu zuen egutegia eta munduko txapelketako egunak batera gertatuko ziren; horregatik, deialdiko oinarrietan adierazitako epean eta moduan, azterketa-eguna aldatzeko eskaera egin zuten, uztailaren 16rako aurreikusita zegoen ezohiko deialdian egin ahal izateko, edo, bestela, azterketa iragarritako egunean eta orduan egiteko, baina bitarteko telematikoen bidez. Eskaerarekin batera, Piraguismoko Espainiako Federazioko junior eta 23 urtez azpiko entrenatzaile nazionalaren egiaztagiri ofiziala aurkeztu zuten.

Kexagilearen ustez, alegatutako arrazoia gerora ustekabean sortua eta ezinbestekoa da, matrikula egiteko unean ez baitzekiten txapelketa hartan talde nazionala ordezkatzeko aukeratuak izango zirela. Gainera, pandemiaren ondorioz kirol munduan bizi zen ezohiko egoera zela eta, orduan ez zegoen baieztatuta txapelketa hura egin ahal izango zutenik.

Deialdia egiteko HABEren ebazpenean ezarrita dagoenez, "proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan". Arrazoi horretan oinarrituta, ukatu egin zitzaien eskaera, alegatutako arrazoiek baldintza horiek betetzen ez zituztelakoan.

Arartekoak ezinbesteko arrazoiei buruzko iritzia eman izan du, data bakarreko azterketaren bitartez eta norgehiagokaren bidez lanpostu publiko batean sartzeko probak egiteari dagokionez (2019R-582-19 Ebazpena). Han adierazitako argudioak kasu honi aplika dakizkioke, nahiz eta gai honetan norgehiagokarik ez egon parte-hartzaileen arteko berdintasun-baldintzak hautsi ahal izateari dagokionez.

Arartekoaren ebazpenean, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren epai bat aipatzen da. Epai horren arabera, "ezinbesteko" kontzeptua ez da ulertu behar zentzu teknikoan (zentzu hertsian), baizik eta nahi gabeko eragozpen gisa (hautagaiarekin zerikusirik ez duena eta probara joatea galarazten diona).

HABEri gogoeta horiek helarazi eta gai horri buruzko informazioa eskatu ostean, erakunde horrek Arartekoari jakinarazi dio hemendik aurrera kontuan izango dituela ebazpen horretan jasotako argudioak. Gainera, aldatu egin du 2022ko deialdia, goi mailako kirolariek azterketak ezohiko data batean egin ahal izan dezaten, azterketa-egunean bertan nazioarteko lehiaketak dituztela egiaztatze hutsarekin.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a