Arartekoaren V. Foroa: "Nerabe eta gazte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak: trabak eta gaitzespenak beren garapen pertsonalean, harremanetan eta sozializazioan".

Irailaren 19an, Arartekoaren bulegoak (Euskal Herriko Herritarren Defentsa erakundea da eta Iñigo Lamarca du buru) hausnartzeko eta herritarrek parte hartzeko Arartekoaren V. Foroa antolatu zuen, honako gai honen gainean: "nerabe eta gazte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak: trabak eta gaitzespenak beren garapen pertsonalean, harremanetan eta sozializazioan". Foroan metodologia hau erabili zen: sei mintzaldi labur eskaini zituzten sei adituk, eta mintzaldi bakoitzak mintegian parte hartu zuten ia berrogei pertsonen arteko debateari eman zion bide. Mintegian parte hartzeko gonbita egin zitzaien Euskadiko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen (lgtb) elkarte eta taldeei, AMPGYL lesbiana, gay, transexual eta bisexualen gurasoen elkarteari, irakasleen sindikatuei, herri-administrazio eskudunetako ordezkariei, zentroen elkarteei, guraso elkarteei eta hezkuntza arloko nahiz adingabeen arloko hainbat erakunde eta adituri. Jardunaldia bukatzeko, hitzaldi bat eman zuen Hans Ytterberg-ek, joera sexualagatiko bereizkeriaren kontra jarduteko Suediako ombusmanak.

Foro horretan agerian geratu zen egoera aproposa sortuko duten politika publikoak abiarazi behar direla, nerabe lesbiana, gay, transexual eta bisexualek behar bezala babesturik izan ditzaten beren oinarrizko eskubide hauek: duintasunerako eskubidea, osotasun fisiko eta moralerakoa, beren nortasuna aske garatzekoa, askatasunerako eta berdintasunezko tratua jasotzeko eskubidea, baita segurtasuna eta etsaitasunezkoa ez den giroa izateko eskubidea ere. Gaur egun ez dago horrelako egoerarik, homofobiak eta transfobiak bizirik dirautelako eta heterosexismoak pisu ikaragarria duelako. Heterosexismoa gizarteko mundu-ikuskera jakin bat da: horren arabera, joera heterosexuala, hasteko mundu guztiari ustez atxikitzen zaiona, normaltasunarekin lotzen da, eta joera homosexualaren gainetik dagoelako ideiarekin ere bai. Horrek guztiak sekulako presioa eta ondorio txar garrantzitsuak sortzen ditu nerabe lesbiana, gay, transexual eta bisexualengan.

Egiaztatu zenez, zenbait kasutan, bullying-a edo eskola jazarpena egiten da homofobiagatik edo transfobiagatik, eta jokaera hori estu-estu lotuta dago nerabe eta gazte ugarik homosexualitatea eta transexualitatea gaitzetsi eta arbuiatzeko dituzten ideia eta jarrerekin. Agerian jarri zen, halaber, aniztasun afektibo-sexualaren arloan irakasleek lehenbailehen prestakuntza egokia behar dutela, eta gai hori behar bezala sartu behar dela irakaskuntzako curriculum programetan.

Orobat, HDH programa (mintza gaitezen homosexualitateaz) ezagutu eta baloratzeko aukera izan genuen. Programa hori Gehitu Euskadiko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak erabiltzen du Gipuzkoako ikastetxeetan. Bestalde, interes handiz entzun genuen ombudsman suediarraren hitzaldia. Suedian bereizkeriaren kontra indarrean dauden politika publikoak azaldu zituen; politika horiek, beste neurri azpimarragarri batzuen artean, plan bat eratzera behartzen dituzte ikastetxeak, joera homosexualeko edo identitate transexualeko nerabeei berdintasunezko tratua bermatzeko.
 

PARTE HARTU ZURE IRITZIAREKIN

http://twitter.com/Ararteko

http://vforoararteko.blogspot.com

 


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren V. Foroa: nerabe eta gazte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak - Egitaraua "Nerabe eta gazte lgtb-entzako politika publikoak". Hans YTTERBERG, joera sexualagatiko bereizkeriaren kontra jarduteko Suediako HomO ombudsmana. "Aniztasun afektibo-sexualarentzako arreta hezkuntza-sisteman. Haur Hezkuntzatik hasi eta irakasleen trebakuntzaraino". Mercedes SANCHEZ, Complutense Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko doktoretzadun irakaslea "Nerabeen eta gazteen jarrerak homosexualitatearen eta transexualitatearen aurrean". Belen MOLINUEVO, antropologoa eta Homofobia en el ámbito educativo txostenaren egilekidea. Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartea, Bigarren Hezkuntzako ikastetxetan garatzen ari den HMG (homosexualitateaz mintza gaitezen) programaren emaitzak eta esperientziak. Jose Enrike BROSA, programaren arduraduna. Hans YTTERBERGen hitzaldia, Suediako HomO ombudsmana: "Duintasunean berdinak, baina eskubideetan ez?" "Nerabe eta gazte lgtb-en arazoaren gainean gurasoek duten ikuspuntua". Esther NOLLA, AMPGIL Gay eta lesbianen gurasoen elkarteko lehendakaria. "Bullying homofobikoa: eskola jazarpenaren aurpegi ezkutua". Jesus GENERELO, Adolescencia y sexualidades minoritarias: voces de la exclusión azterlanaren koordinatzailea.