Barakaldoko Udalak onartu egin du trafiko isun bat ezeztatzeko Arartekoaren gomendioa

Pertsona batek Arartekora jo zuen, izan ere, bere iritziz, ustezko arau-hauste baten kokalekua zehazteko orduan bi kale paralelo aipatu zirenez gero, ezin izan zuen jakin arau-haustea zehazki non gertatu zen, eta, orduan, babesik gabe geratu zen.

Barakaldoko Udalak zigor-prozeduran ez zuen argitu aipatutako bi kale haietatik zeinetan gertatu zen arau-haustea, nahiz eta interesdunak alegazioak egin. Kexa izapidetzean ere ez zuen kontu hori argitu.

Arartekoaren aburuz, arau-haustearen kokalekua bateraezinak ziren bi erreferentziaren bidez identifikatu zenez gero, ezin zitekeen ziur zehaztu bi kaleetatik zeinetan gertatu zen arau-haustea.

Salatuak salaketaren berri jasotzeko duen eskubidearen baitan sartzen da arau-haustearen kokalekua ziur zehaztea. Gure ustez, eskubide hori urratu egin zen eta, beraz, bertan behera utzi behar zen ezarritako isuna.

Barakaldoko Udalak jakinarazi digu onartu egin duela Arartekoaren gomendioa.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 31