“Bilboko Udal Etxebizitzak” toki-erakunde autonomoak berriz aztertuko du udal etxebizitza baten egoera desegokiagatik egindako kexa baten aurrean jardun ez izana

Horrela, Arartekoaren gomendioa onartu du, herritar batek adierazi ondoren ez zegoela ados udal jabetzako etxebizitza bat egoera desegokian eman zitzaiolako egin zuen kexari Udal Etxebizitzak erakundeak emandako erantzunarekin

Kexagileak lau kideko bizikidetza-unitate bat osatzen zuen, hiru adingaberekin batera. Azaldu zuenez, 2023ko maiatzean, Udal Etxebizitzak erakundeko orduko lehendakariak etxebizitza bat esleitu zion, errentamendu-erregimenean. Etxebizitza zein egoeratan zegoen aldez aurretik jakiterik ez zegoela, errentamendu-kontratua sinatu zuen, baita etxebizitza erabiltzeko gizarte-konpromisoari buruzko agiria ere, eta zegokion fidantza ordaindu zuen. Egun hartan bertan, giltzak eman zizkioten. Hurrengo egunetan, kexagilea etxebizitzara joan zen, gizarteratze-prozesuan lagundu zion lan elkartuko eta gizarte-ekimeneko kooperatibako gizarte-hezitzailearekin. Gainera, altzari eta tresna asko falta zirenez gero, kooperatiba hark oinarrizkoak eman zizkion, etapa berri hari ekiteko. 

Egun batzuk geroago, instantzia bat formalizatu zuen Udal Etxebizitzak erakundearen bulegoetan eta jakinarazi zuen etxetresna elektrikoak egoera txarrean zeudela, komunak ez zeukala estalkirik eta labezomorro-izurria ikusi zuela eraikinean. Hortaz, bere ustez, etxebizitza ez zegoen behar bezala, eta adierazi zuen Udal Etxebizitzak erakundeak beharrezko jarduerak egin behar zituela etxebizitza duin eta egokia izateko bere eskubidea bermatzeko. Hala ere, toki-erakunde autonomo horren Ondarea Kudeatzeko Sailaren iritziz, eskatutako konponketak ezin zitzaizkion Udal Etxebizitzak erakundeari eskatu, uste baitzuen esleitutako etxebizitza hori aurretiaz lan elkartuko eta gizarte-ekimeneko kooperatibari eskualdatu zitzaiola, gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko programa baten barruan. 

Arartekoak laguntza eskatu zion Udal Etxebizitzak erakundeari eta hark, hainbat agiri grafiko erantsiz, erantzun zuen etxebizitza hori 2019an berriztatu zela. Horrela bada, bere aburuz, kooperatibak edo maizterrak berak arduratu behar zuen konponketez. Orobat, baieztatu zuen etxebizitza kexagileari esleitu baino lehenago, hainbat kontratu sinatu zirela eta, haien ondorioz, hainbat titulartasun-aldaketa gertatu zirela.

Arartekoaren iritzirako, ez da onargarria Udal Etxebizitzak erakundeak berriztatze oso bat egin ondoren 2019an ateratako argazki batzuetan oinarrituta justifikatzea maizterraren erantzukizuna, izan ere, behar bezala egiaztatu da etxebizitza horretan harrezkero hainbat pertsona bizi izan direla. Horregatik, Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu zion berriz azter zezala udal etxebizitzaren egoera desegokiagatik egindako kexaren aurrean ez jarduteko erabakia. 

Erakunde horrek erantzun du esku hartuko duela eta beharrezko jarduerak burutuko dituela kasu honetan. Halaber, adierazi du ahalegin handiagoak egingo dituela udal etxebizitzak esleitu baino lehen, egoera onean daudela egiazteko.

GOMENDIOA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 19a