BILBOKO UDALAK AINTZAT HARTU DU DEUSTUKO IBAIERTZEKO AUZOKIDE BATEN SEGURTASUN-ESKAERA, ETA HORREN GAINEAN NEURRIAK HARTU DITU

Kexagileak Arartekoari egin zion kexan, auzoko industri babiloi abandonatuetan lo egiten duten etxegabeak eremu horretan egotearekin lotzen zuen segurtasunik eza.

Kexan, arazo horren gizarte alderdia jarri zen agerian, hau da, gaia ikuspegi horretatik ere aztertzeko beharra, eta prebenitzearen garrantzia nabarmendu zen.

Kexa dela eta, Bilboko Udalak neurri osagarriak hartu ditu, ordura arte ezarrita zituenez gain. Neurri horiek egokiak iruditzen zaizkigu kexa sortarazi zuen arazoa konpontzeko.

Nolanahi ere, gaia konplexua denez gero, plangintza egokia egin behar da eta eragindako sail guztiek modu koordinatuan jardun behar dute, auzoa leheneratzeko prozesuak berekin ekar ditzakeen arazoak aurreikusteko. Gainera, horren bitartez, gai hauekin lotutako behar batzuei erantzun behar zaie: herritarren segurtasuna, gizarteratzea eta prozesu horren ondorioz sortutako premiak, legeriari dagokionez; batez ere kontuan hartu behar da auzoan bizi diren pertsona guztiak, salbuespenik gabe, oinarrizko eskubideen jabe direla.

Bilboko alkatearen eta eragindako sailetako zinegotzi arduradunen jarrera bikaina nabarmendu du Arartekoak, eta, bere aburuz, udalak hartutako neurriak aproposak dira kexa eragin zuen arazoa konpontzeko.

Edonola ere, egokia iruditzen zaigu auzokideekin hitz egiteko tresna egonkor bat ezartzea, leheneratze-prozesuarekin zerikusia duten arazoak azaltzeko eta hartu diren neurrien bilakaera gertutik aztertzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2017IR-389-17 Ebazpena, 2017ko abenduaren 14koa. Horren bidez, Deustuko Erriberan (Bilbo) herritar segurtasun faltari dagokion 389/2017/QC kexaespedientean egindako jarduna amaitu da.