Doako justizia azkarrago bideratzeko asmoz arartekoak gomendatu dituen neurriak hartuko dituzte foru aldundiek

Hiru euskal aldundiek beharrezko neurriak hartu dituzte aholkularitza juridikorako zerbitzuek eta doako laguntza juridikoa emateko probintzia-batzordeek behar duten zerga-informazioa izan dezaten beren eginkizunak betetzeko. Informazio hori, edonola ere, horretarako bakarrik eman beharko da, eta aldez aurretik eskatzaileen onespena lortuta.

Horixe gomendatu zien Arartekoak joan den abuztuan. Krisi ekonomikoa dela-eta, nabarmen gehitu dira doako justizia jasotzeko asmoz herritarrek egindako eskaerak, eta, aldi berean, horiei kasu egiteko baliabideak gutxitu dira. Bi faktore horien ondorioz, gero eta pertsona gehiagok jotzen zuten Arartekora esanez atzerapenak gertatzen zirela arreta emateko eta onura hori izapidetzeko orduan, denbora galtzen zela eta eragozpen handia zela aurkeztu beharreko agiri guztiak osatu arte epaitegian hainbat bider agertu behar izatea.

Horrek agerian jarri zuen botere publikoek lankidetzan aritu behar dutela errealitate berri horri aurre egiteko. Eginkizun hori saihestezina zen, izan ere, bestela, arriskuan egon zitekeen gizarte-kohesioari begira hain garrantzitsua den zerbitzu hori, denek beren eskubidea epaitegien aurrean defendatu ahal izatea bermatzen duena, ahalmen ekonomikoa alde batera utzita.

Horren haritik, foru aldundiek oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute, doako justiziaren eskatzaileek aldundien ziurtagiriei esker egiaztatu ahal izaten baitute, neurri handi batean, betetzen dituztela ondasun, garatutako jarduera ekonomiko eta jasotako errentaren arloan exijitzen zaizkien baldintzak. Alabaina, orain arte, pertsona horiek aurrez aurre lortu eta aurkeztu behar zituzten ziurtagiri horiek, eta, horregatik, hainbat aldiz joan behar izaten zuten bulegoetara, administrazioak dagoeneko badauzkan datuak egiaztatzera. Aldundiak Arartekoaren gomendioa onartzeko prest agertu direnez gero, hori jada ez da beharrezkoa izango. Abokatuen Elkargoko Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuak eta bere lurralde historikoko Doako Laguntza Juridikorako Batzordeak Justizia Sailari atxikitakoak zuzenean jaso ahal izango dituzte datu horiek, titularraren onespena baldin badute.


Vitoria- Gasteiz, 2013ko urriaren 21a


Lotutako dokumentazioa

Abokatu elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek eta doako laguntza juridikoko lurralde batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izatea