Espainiak behartutako desagertzeen aurkako Hitzarmena bete ote duen aztertzea

Nazio Batuetako Behartutako Desagertzeen aurkako Batzordeak bere azken txostena argitaratu du, Espainiak behartutako desagertzeen aurkako Hitzarmena betetzeari buruz. Batzordearen ohar eta gomendioen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Legedia oraindik ez zaio erabat egokitzen Hitzarmenari. Horren gainean, zenbait ohar agertzen dira: Batzordeak eskatzen du behartutako desagertzea berariaz ager dadila Zigor Kodean, beste delitu batzuen baitan sartuta dagoela ulertu beharrean. Berez jo behar da delitutzat, eta berariazko zigorrak izan behar ditu. Era berean, berariazko delitutzat hartu behar da "haurtxoak lapurtzea" deritzona. Berriro, kasu honetan ere, Zigor Kodean hainbat delitu daude "lapurreta" horiek esesteko, baina Batzordeari beharrezkoa iruditzen zaio berariazko delitu gisa tipifikatuta egotea. Gainera, behartutako desagertzeari buruzko kasu bat inoiz ez dute epaitu behar epaitegi militarrek. Orobat, Batzordeak adierazi du legerian sartu behar dela egia jakiteko eskubidea, jada ezarrita baitago Hitzarmenaren 24. artikuluan. Bukatzeko, Batzordeak gomendatzen du oraingo legerian biktimentzat erreparazio osoko sistema bat sar dadila, lehengoratzeko, berregokitzeko, ordaintzeko eta berriz ez dela gertatuko bermatzeko neurriak jasoko dituena.
  • Biktimen eskubideei dagokienez, Batzordeak gomendatzen du berma dadila behartutako desagertze batengatik zuzenean kaltetutako pertsona orok aukera izango duela Delituaren biktimaren Estatutuan ezarrita dauden eskubideak baliatzeko. Batzordearen ustez, Memoria Demokratikoaren Lege berria (orain Diputatuen Kongresuan izapidetzen ari da) aurrerapen esanguratsua izan daiteke behartutako desagertzeen biktimek egia jakiteko, justiziarako eta erreparaziorako eskubideak izan ditzaten. Hala ere, kritikatu egin du kalte-ordain ekonomikoak lege-proiektutik kanpo uztea. Era berean, kritikatu egin du iraganean gertatu ziren behartutako desagertzeak ikertzeko legezko eragozpenak ez kentzea. Batzordea Amnistiaren 1977ko Legeaz mintzo da.
  • Iraganean jazo ziren behartutako desagertzeak ikertzeari buruz, Batzordeari kezka sortzen dio ikerketa horiek epaitegietan artxibatzeak, Amnistiaren Legea ezartzearen ondorioz edo egintzak preskribatu dutela uste izateagatik. Gogorarazten du preskripzio-epeak desagertutako pertsona aurkitzen dutenean edo haren heriotza egiaztatzen denean hasi behar duela igarotzen; eta behartutako desagertze guztiak zehatz-mehatz eta alderdikeriarik gabe ikertuko direla bermatzera animatzen du Espainia. Batzordeari kezka sortzen dio, halaber, "haurtxoak lapurtzearen" inguruko ikerketak artxibatzeak, horiek ere preskripzioagatik. Hori dela eta, gogorarazten du preskripzio-epeak "lapurtutako haurtxoa" benetan nor den jakitean hasi behar duela igarotzen, ez hura adin nagusitasunera iristean, Auzitegi Gorenak ezarri duen moduan. Lehen bezala, Estatuari eskatzen dio bilatu eta identifikatu ditzala behartutako desagertzearen edo bereganatzearen biktimak izan litezkeen neskato-mutikoak, berma dezala haien identitaterako eskubidea eta iker ditzala egintzak.
  • Azkenik, Batzordeak gomendatzen du ezezta dadila atxiloketa inkomunikatuari buruzko araubidea, nahiz eta onartu duen 2015etik hona hobetu egin direla horren bermeak . Espainiak 2024an adierazi beharko du berriro zer neurri hartu dituen Batzordearen gomendioak betetzeko.