Etorkizuneko belaunaldiak Giza Eskubideen subjektu gisa

2023ko uztailaren 13an argitaratu ziren Maastrichteko printzipioak etorkizuneko belaunaldien Giza Eskubideei buruz, soft law delakoaren beste tresna bat dira. Horien bidez ezartzen da Giza Eskubideak ez daudela denbora mugen menpe eta, hortaz, guztiak aplikatu ahal zaizkie etorkizuneko belaunaldiei.

Maastrichteko Printzipioak sei urteko ikerketa, elkarrizketa eta ideia truke kolektiboko prozesu baten emaitza dira eta, 2023ko otsailaren 3an, pertsona aditu eta konprometituen talde batek onartu zituen. Ordutik aurrera, munduko eskualde guztietako giza eskubideen arloko profesionalek abala eman diete, hala nola giza eskubideen nazioarteko itunen organoetako ordezkariak, giza eskubideen eskualde organoetako ordezkariak eta Nazioetako Giza Eskubideen Kontseiluko errelatoretza bereziak.   

Maastrichteko printzipioek egungo Nazioarteko Zuzenbidearen egoera argitu nahi dute etorkizuneko belaunaldien giza eskubideei dagokienez; hau da, “oraindik existitzen ez diren belaunaldiak, baina existituko direnak eta Lurra oinordetzan hartuko dutenak”. Erabakiak hartzeko gaitasuna duten agenteei orientazioa eskaintzen diete etorkizuneko belaunaldien eskubideak lege eta politiketan eraginkortasunez txertatzeko moduari buruz, azken 70 urteetako bilakaeratik eratorritako giza eskubideen corpus juridikoari jarraiki. Printzipio horien azken eskakizuna da erabakiak hartzeko prozesuek justizia eta iraunkortasuna kontuan hartzea eta bermatzea, oraina, epe laburra eta urruneko etorkizuna barne hartzen dituzten denbora eskala batzuetan zehar.

Azpimarratzekoa da belaunaldien arteko justiziak garrantzi handia duela hainbat printzipio artikulatzean, beharrak, betebeharrak eta belaunaldien arteko babesa azpimarratzen baititu. Bai eta haurtzaroak eta nerabezaroak duten leku bakarra, etorkizuneko belaunaldietatik hurbilen dagoen taldea baita. Nola ez, ingurumen garbi, osasungarri eta jasangarrirako eskubidea etorkizuneko belaunaldien giza eskubideak babesteko ardatz nagusitzat hartzen da, Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordearen 26. ohar orokorrak jaso bezala (ikusi Arartekoaren oharra).

Ekimen hori Maastrichten onetsitako pertsona adituen irizpen juridikoen zerrendari gehitu zaio. Horien bidez, lege testuingurua eraldatu da, hala nola Limburgeko Printzipioak, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren aplikazioari buruzkoak (1986); Maastrichteko Gidalerroak, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Urraketei buruzkoak (1997); eta Maastrichteko printzipioak Estatuek Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Arloan dituzten lurraldez kanpoko betebeharrei buruzkoa (2011), horiekin batera doan Iruzkinarekin.