EUROPA, ASILO LURRALDEA? ERRONKAK ETA ERANTZUNAK

Manuel Lezertua: \"Krisi humanitarioari erantzun egokirik ez ematea arras etsigarria da Europa batuaren aldeko guztientzat\"

Manuel Lezertua arartekoak gaur goizean hasi du, Donostian, "Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak" izenburuko ikastaroa. Ikastaro hori Ararteko erakundeak bultzatu du, EHUren Uda Ikastaroen XXXV. edizioan.

Bere mintzaldian arartekoak adierazi duenez, "arras etsigarria da Europa batuaren aldeko guztientzat" Europan bizi den krisi humanitarioari erantzun egokirik ez ematea. Eta zera gaineratu du: "zalantza sortzen du nazioz gaindiko gure erakundeek gaitasunik ba ote duten erronka izugarri horri aurre egiteko Europaren eraikuntza-proiektua sostengatzen duten printzipio eta balioei uko egin gabe. Izan ere, proiektu horrek elikatzen du geroko belaunaldientzako itxaropena".

Lezertuak gogorarazi du "guztiz indarrean dirautela pertsona guztien bizitzarako, osotasunerako eta duintasunerako oinarrizko eskubideek, eta estatu kideek eta Europako erakundek ezinbestean bete behar dituztela", eta hauxe nabarmendu du: "Mediterraneo itsasoa heriotzaren eta etsi gaiztoaren ikuskizun makabroa bihurtu da. Hori ikusita, Europa ezin da ezer egin gabe geratu, pertsona horiei laguntzeko eta harrera egiteko ekintza solidarioa burutu behar du".

Arartekoarentzat "ez da onargarria Schengeneko akordioak aldi baterako etetea, ezta ere harresiak eta hesiak jasotzea, kolokan jartzen baitute 'Europa' ideia bera. Estatu batzuek argiro erakusten duten elkartasunik gabeko jarrera onartezina da, bada Europako proiektuari ezingo zaio eutsi krisiaren ondorio guztiak estatu batzuek bakarrik jasaten badituzte eta beste batzuei beren betebeharrak ez betetzen uzten bazaie".

Hala ere, arartekoaren ustez, badira itxaropentsu egoteko arrazoiak. Suspergarria eta itxaropentsua da, esate baterako, Europako eta Euskadiko gizarte zibilak erakutsi duen kemen demokratikoa. Elkarteen, sindikatuen eta alderdi politiko batzuen lana azpimarratu du, sendo eskatu baitute aldaketa bat EBren politikan, lekuz aldatutako ehunka mila pertsona bizitzen ari diren egoeraren aurrean.


Vitoria-Gasteiz, 7 de julio de 2016


Lotutako dokumentazioa

Ikastaroaren hasiera - XXXV. Uda ikastaroak