EUSKAL HERRIKO GAZTE BATEK IRABAZI DU EUROPAKO RAINBOW PROIEKTUKO FILM LABURREN LEHIAKETA

Basauriko Mikel Cenecorta Godoy (http://qsamk.blogspot.com.es/) gazteak irabazi du homofobiaren kontrako nazioarteko film laburren lehiaketa, RAINBOW proiektuaren barruan. 16 urteko gazte bizkaitarrak Love izenburuko film laburra aurkeztu zuen, eta Milango Mix jaialdian jaso zuen saria, ekainaren 24an.

Arartekoa, Europako zazpi herrialdetako beste bederatzi erakunderekin batera, RAINBOW proiektuan parte hartzen ari da. Hezkuntzako profesionalentzako ikerketa-proiektua da eta hezkuntza-eremuetan homofobiaren kontra borrokatzea du helburu.

Europako Batzordeak babestuta, RAINBOW proiektuak, homofobiaren kontrako borrokan, harremanetan jartzen ditu Europako LGBTen elkarteak, eskolak eta hedabideetako profesionalak, eta horiek denek haur, nerabe eta gazteen eskubideak sustatzen dituzte, beraien identitate sexualari eta joera sexualari dagokienez.

Proiektu horren esparruan, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek egitekoak diren film laburren lehiaketa bat iragarri zen Europa osoan. Filmen gaia, programa horren helburuei jarraiki, joera sexualean eta genero identitatean dagoen aniztasuna zen, aurreiritzirik gabeko mundua eraikitzearen ikuspegitik begiratuta.

Lehiaketako bigarren saria Erresuma Batuko GYRO Liverpool taldearentzat izan da (LGBT Youth North West network), Sport is gay filmarekin.


· Sariak emateko galan, Milanen, beste bost film ere proiektatu ziren (sakatu hemen)