Eusko Jaurlaritzak konpondu egingo ditu Durangoko justizia jauregian airea girotzeko dauden arazoak, Arartekoak gomendatu zion bezala

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak jada erantzun dio Arartekoak Durangoko Justizia Jauregiaz egin zion gomendioari, eta guztiz onartzen duela adierazi dio. Gomendio hori betetzeko asmoz, dagoeneko argitaratu da dagozkion lanak lizitatzeko iragarkia, zeina presako prozeduraz izapidetuko baita.

Arartekoak epaitegietako prokuradore baten kexa jaso zuen, Durangoko Justizia Jauregiaren egoera zela eta, zehazki, bertako bulego batzuetako tenperaturagatik. Kexa hori arrunt bilakatu da, bai erabiltzaileen artean, bai egunero justizia jauregi horretara lanera joaten diren funtzionario eta profesionalen artean.

Otsailean, Arartekoko justizia arloko koordinatzailea Durangoko Justizia Jauregira joan zen, eta egiaztatu zuen jendeak itxaroteko eta bisitariei arreta emateko eremuetan oso tenperatura baxua zegoela.

Langile batzuek azaldu zioten zer-nolako eragina izaten ari zen beraien osasunean beren lana egoera horretan egin behar izateak, izan ere, zenbait baja eragin zituen. Bestalde, epaile dekanoak adierazi zuenez, duela hiru urtez geroztik, arazo horien berri ematen ari zitzaizkion Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailari.

Arartekoak laguntza eskatu zion sail horri, zer neurri hartu zituen edo hartzeko asmoa zuen jakiteko.

Sail horrek, arazoa onartu ondoren, adierazi zuen betidanik izan duela hori konpontzeko asmoa. Horrela, konpresoreak jarri omen zituzten deklarazioak egiteko aretoetan, eta haizagailuak banatu eraikinean barrena.

Administrazioak arazo hori konpontzeko borondatea duela erakusten dute neurri horiek. Hala ere, Dekanotzaren ustez, ez dira nahikoak bere zeregina betetzean osasuna, segurtasuna eta lanaren kalitatea bermatzeko.

Arartekoak oso ontzat jo du sail horrek hartu duen erabakia, eta bukatutzat eman du bere jarduera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 28a