Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak gazteek burutzen dituzten eta egiaz lan-prestazio bat ezkutatzen duten ordaindu gabeko praktiken aurkako epaitza eman du

Belgikaren aurkako erreklamazio kolektiboen prozedura batean hartu berri den erabaki batean, batzordeak erabaki du, Europako Gutun Sozialaren 4.1 artikuluaren arabera, egiaz lan-prestazioak diren ordaindu gabeko praktikak, inolako ikaskuntza-osagairik izan gabe, lantzat hartu behar direla. Beraz, horrelako praktikak egiten dituzten pertsonak behar besteko ordainsaria jasotzeko eskubidedun langiletzat hartu beharko dira. Gainera, batzordeak ohartarazi zuen Belgikako lan-ikuskaritza ez zela eraginkorra izaten ari egiaz lan-prestazioak diren lanak ezkutatzen dituzten “praktika faltsuen” kasuak azaleratzeko orduan. Zehazki, batzordeak egiaztatu zuen lan-ikuskaritza ez zela egokitu horrelako praktikak egiten dituzten gazteen errealitatera. Gazte horiek ez dituzte beren eskubideak ezagutzen edo erreparoak dituzte erreklamazioak aurkezteko edo legezko ekintzak hasteko. Egoera hori orekatzeko, lan-ikuskaritzak proaktiboa eta eraginkorra izan behar du. Hortaz, lan-ikuskaritzak ordaindu gabeko praktikak ikuskatzea gomendatu zuen, benetako lan-kontratuen ordezko gisa erabiliko ez direla bermatzeko. Halaber, batzordeak zehaztu zuen diskriminatzailea dela ordaindu gabeko praktikaldiko kontratu baten pean lan-prestazioak egiten dituzten pertsonen egoera, lan-kontratu batekin eta ordainsari batekin lan-prestazioak egiten dituzten pertsonekin alderatuz gero. Inguruabar horietan, Estatuaren betebeharra desberdintasun hori zuzentzen saiatzea da, eta aldi berean, lan-ikuskaritza eraginkor eta proaktiborik ez badago, diskriminazio-ondorioak egongo dira. Batzordeak gogorarazitakoaren arabera, botere publikoek jakiten dutenean pertsona talde bat diskriminatua dela edo diskriminatua izan daitekeela, egoerari buruzko datuak lortu behar dituzte arazoaren dimentsioa zehatz-mehatz ezagutzeko.

Espainiak iaz berretsi zituen Europako Gutun Soziala eta Erreklamazio Kolektiboei buruzko Protokoloa; beraz, Espainiako Estatua behartuta dago gutunak ezarritako eskubideak betetzera, eta eskubide horiek ez betetzeagatik haren aurkako erreklamazio kolektiboak ere aurkez daitezke. Iazko udaz geroztik, Arartekoak Europako Gutun Soziala sustatu du, informazio-materialen eta gutun horri buruzko ekitaldi baten bidez. Belgikako ordaindu gabeko praktiken moduko kasuek agerian uzten dute Europako Gutun Sozialak nolako balioa eta garrantzia duen lan-merkatuan abantaila falta duten pertsona guztientzat.