Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldiak

Julia Hernández jarduneko arartekoa eta Faustino López de Foronda erakundeko idazkari nagusia Santanderren izan dira, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXX. Jardunaldietan parte hartzen. Aurten etxebizitza publikoarekin zerikusia duten gaiak jorratu dira batik bat.

Foro horretan biltzen dira urtero autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile guztiak eta Espainiako herriaren defendatzailea, honako helburu honekin: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien funtzionamenduari eta xedeei lotutako alderdiak elkarri adieraztea. Gainera, gai eta arazo komunez hitz egiten da.

Honatx mahai gainean jarri diren gai batzuk: etxebizitza izateko eskubidea Espainiako konstituzio araubidean, etxebizitza hutsak edo etxebizitza egokia izateko eskubidea. Horrez gain, urtean barrena egin diren prestakuntza-lantegietan ateratako ondorioak aztertu dira, azkenean botere publikoei helaraziko zaizkien zenbait hausnarketa eta proposamen egiteko.

Bere mintzaldian, Julia Hernández jarduneko arartekoak etxebizitza izateko eskubideaz hitz egin du, gainontzeko eskubideak (osasunerakoa, hezkuntzarakoa, e.a.) garatzeko eskubide objektibo eta oinarrizkotzat hartuta. Era berean, nabarmendu du etxebizitza publikoaren gaineko politika egokia egitea oso garrantzitsua dela bizitza duina izateko, eta botere publikoek neurri sendoagoak hartu behar dituztela etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu nahi bada.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 18a

 


Lotutako dokumentazioa

Julia Hernándezen interbentzioa 17-9-2015 Herriaren Defendatzaileen Adierazpena, Espainiako etxebizitza publikoari buruz