INGURUMEN ARLOKO FISKALTZEN MINTEGIA

Ingurumenaren ikuspegia Europako esparruan. Herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna ingurumena kontrolatzen

Ingurumen arloko fiskaltzen mintegi bat egiten ari da gaur Segoviako Valsaín herrian, Ingurumen arloko Fiskaltzak eta CENEAM Ingurumen Hezkuntzarako Zentro Nazionalak elkarlanean antolatuta, eta bertan parte hartuko du Manuel Lezertua arartekoak.

Bere mintzaldian ("Ingurumenaren ikuspegia Europako esparruan. Herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna ingurumena kontrolatzen") arartekoak Europar Batasunaren ingurumen-jardueraren jatorria aipatu du, baita ere Europako ingurumen arloko ekintza-programa, zeinak hobetu egiten baitu Europako ingurumen-zuzenbidearen ezarpena.

Lezertuak bi gertakari garrantzitsu nabarmendu ditu Europako ingurumen-zuzenbideak estatu kideetan duen eragin onuragarrian: ingurumena politika publikoetan sartzea, batetik, eta ingurumenean parte hartzeko eskubideak berariaz onartzea, bestetik.

Zenbait kasu ere azaldu ditu. Horietan azter daiteke, Arartekoaren eguneroko eskarmentuaren argitan, Europar Batasuneko zuzenbidea nola izan den eta oraindik ere den oinarrizko zutabe bat ingurumen eskubideak taxutzeko orduan.

Testuinguru horretan, hainbat kasuren berri eman du: Oiolako urtegian lindanoak sortutako kontaminazioa, urtegi hori gizakiei hornitzekoa izanda ere; hirigintza antolamendurako plan batzuetan, ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra; eta, azkenik, Bizkaian petrolioa fintzeko industria-jarduera batek sortutako kutsadura prebenitu eta osorik kontrolatzeko egin diren jarduerak.


Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 17a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 17-06-2016