Lege Psikiatriari Buruzko Jardunaldia Aita Menni Ospitalea

Julia Hernández jarduneko arartekoa Donostiara joan da gaur, Aita Menni Ospitaleak lege psikiatriari buruz antolatu duen jardunaldira.

Ekimen garrantzitsua da hori, bada, gure ustez, osasun arloak eta arlo judizialak nahitaez elkarrekin lan egin behar dute justizia-sistemarekin -alderdi zibil nahiz penaletik begiratuta harremanetan jartzen diren eta arazo psikiatrikoak dituzten pertsonak artatzean, eta, bereziki, gazte-justizian eta espetxeen eremuan.

Askatasunik gabe dauden pertsonen buruko osasunari EAEn emandako arreta soziosanitarioa izenburuko txosten berezian, Arartekoak jada ohartarazi zuen, auzi penal bat izapidetzen denean, sarritan inor ez dela konturatzen akusatuak buruko gaitza duela. Horren ondorioz, espetxeratu egiten dituzte buruko arazoak edo nortasun nahasdurak dituzten pertsona asko. Euskadin espetxe psikiatrikoak ez izateak larriagotu egiten du egoera hori.

Horregatik, egokia iruditzen zaigun jarduera baten berri eman nahi dugu: Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Zuzendaritzak eta Aita Menni Ospitaleak elkarrekin lankidetza-harremana ezarri dute. Horri esker, 2013an gizarte-interes handiko zerbitzu bat abiarazi ahal izan dute, buruko patologia larriak dituzten pazienteentzat. Paziente horiek, ohiko psikiatria zerbitzuak ez ezik, segurtasun-neurri handiak ere behar izaten dituzte, eta zerbitzu hori izan ezean, espetxean bukatuko zuten, bete gabeko auzi penalak dituztelako.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 4a