Mintegi teknikoa:Pertsona guztientzako diseinua garapen sozialaren arloan

Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonen koordinakundea (FEKOOR) mintegi tekniko bat egiten ari da gaur Bilbon, gai hau hizpide hartuta: Pertsona guztientzako diseinua garapen sozialaren arloan.

Julia Hernández jarduneko arartekoa jardunaldi horren hasiera-ekitaldian izan da. Ezintasunen bat duten pertsonei laguntzeko ereduan dauden ikuspegi berriak hausnartzen ari dira, horiek komunitatearen bizimoduan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten, aukera-berdintasunean, erabateko irisgarritasunean eta guztientzako diseinuan oinarrituta.

Adibidez, Etxegoki laguntza-baliabideak argi erakusten du etorkizunean zer bideri ekin behar zaion bizi-kalitatea hobetzeko eta zenbait balio sustatzeko, esaterako, gizarteratzea, herritarren partaidetza eta gizarte-garapena. Bizkaiko Foru Aldundiaren baliabide horretan, ezintasun fisikoa duten pertsonei laguntzeko 32 apartamentu daude, FEKOORrek koordinatzen du eta gizarte-berrikuntza eta berrikuntza teknologikoa uztartzen ditu, bizimodu burujabea sustatzeko laguntza-sistema bat eratzeko.

Bilbon kokatuta dago eta, 2011n abiarazi zenetik, zerbitzu hori ikuspegi orokor eta zeharkakotik begiratuta kudeatzen da, erabateko irisgarritasuna, aukera-berdintasuna, partaidetza eta gizarteratzea sortzeko asmoz, auzokideak diskriminatu gabe.

Bilbao, 2015eko maiatzaren 6a