Osakidetzak nortasun nahasmenduei erantzuna emateko berariazko programak garatuko ditu

Osakidetzak nortasun-nahasmendu larriak dituzten pertsonak artatzeko neurri batzuen gainean Arartekoak egindako gomendio batzuk onartu ditu.

Osasun administrazioak nortasun-nahasmendua duen gazte bati eskainitako arretaren inguruko kexa baten izapidea dela-eta, Arartekoak Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatu dio nahasmendu horien arretarako programa bereziak bideratu eta garatzea, sektore arteko abordatze terapeutikoan oinarrituta eta frogatutako eraginkortasunarekin, arretaren kalitatea hobetze aldera eta, ondorioz, nahasmendu horiek pairatzen dituztenen eta euren familien bizitza kalitatea hobetze aldera.

Zehazki, Arartekoak, EAEren esparruan, nortasun-nahasmenduko unitate espezializatua abian jartzeko eskatu zuen, eguneko zentro modalitatean. Unitate hori 2008an proiektatu zen baina haren ezarpenak ez du inolako aurrerapausorik izan. Halaber, eragindako pertsonei eta familiei zuzendutako informazioa hobetzera eta behar bezalako osasun arreta jasotzeko eskubidea bermatzera zuzendutako beste hainbat neurri gomendatu zituen.

Arartekoaren ebazpenari erantzunez, Osakidetzak konpromisoa hartu du nortasun-arazoak dituzten nerabeentzako eguneko unitateak sortzeko proposamenak baloratzeko eta, horrez gain, adierazi du urtebeteren buruan abian jartzea aurreikus daitekeela.

Osasun Arretako Zuzendaritzak uste du hilabete batzuetan ospitale guztiek gaixo eta senideentzako liburuxka informatiboa eduki ahal izango dutela, Basurtuko Ospitaleko informazioa oinarri duena eta lurralde historiko bakoitzera egokitutakoa.

Arloaren gaineko profesionalen prestakuntzari dagokionez, psikiatria zerbitzuak dituzten ospitale guztietan eta Osakidetzako ospitale psikiatriko guztietan arauak ez betetzearen ziozko alta medikoaren arrazoiak batuko dira, xede terapeutikoekin. Hala, jasota geratuko da gaixoek anbulatorio mailan laguntza-eskubide guztiak dituztela eta arreta eman ahal izango zaiela, bai edozein unetan presako patologiengatik bai ospitalean sartzea eragin zuen patologiagatik, gaixoen tratamendua jorratzen duten zentro guztiek definitu beharreko epe baten barruan.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 7a.