Psikiatriako elkarte Eusko-Nafarraren II. bilerara joango da Arartekoa

Bihar, irailak 26 -ostirala-, Psikiatriako Elkarte Eusko-Nafarraren II. Bilerara joango da Mertxe Agundez jarduneko Arartekoa. Bilera Iruñean izango da, "Familia eta psikiatria" lemaren pean.

Egunean zehar, hainbat adituk aztertuko dute zer-nolako garrantzia duen familiak buru-gaixotasunean, batzuetan gaixotasuna sortzen deneko inguru gisa, baina, batez ere, gaixoaren laguntza eta babes iturri gisa.

12:30ean, Arartekoak, Nafarroako Arartekoaren eta AVIFESen ordezkariekin batera, mahai-inguru batean parte hartuko du, "Familia buruko gaitzaren aurrean" izenekoan, hain zuzen.

Ararteko erakundeak sarritan agertu du kezka talde ahulenengatik -hala nola, buruko gaixotasuna duten pertsonengatik-, eta zenbait txosten berezi egin ditu. Horrela, Psikiatrikoak. Ospitale psikiatrikoetako buru-gaixoen egoera eta Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo deritzen lanetan, buru-gaixoen hitza jaso nahi izan du, hitz hori gizarte sentiberago eta solidarioago bati helarazi, eta gaixoen bizimodua eta beren familiena hobetzeko laguntzen jarraitu.


Vitoria-Gasteiz, 2003ko irailaren 25a