Udako ikastaroa: Minari buruz Kontzientziatzea, Diagnostikatzea eta Terapia egitea

EHUren Uda Ikastaroetan, "Minari buruz kontzientzia hartu, diagnostikatu eta terapia egiteko eskola" emango da gaur eta bihar.

Minak izugarri eragiten du biztanleen bizi-kalitatean, eta ondorio garrantzitsuak ditu pertsonengan, familiengan eta gizartean. Osasun publikoko arazoa da, eragin sozioekonomiko handia baitu, eta osasun-zerbitzuak erabiltzeko arrazoirik ohikoenetako bat da.

Ikastaro horren helburua da minaren garrantziaz kontzientzia handiagoa hartzea, osasun-sisteman dituen ondorioak aztertzea, diagnostikoan eta tratamenduan egindako aurrerapenak aurkeztea, minaren eragin pertsonal, sozial eta lanekoak agerian jartzea, eta gai hori jorratzeko ikuspegi osoa eta jakintza-alor anitzekoa ematea.

Topaketa horretan, gaur hitzaldi bat eman du Manuel Lezertua arartekoak. Adierazi duenez, mina bizitzea pertsonen duintasuna urratzera irits daiteke, eta mina arintzea izan da gizakien xederik handienetako bat.
Modu horretan eta beste era askotako arrazoiengatik mina sufritzen dutenei medikuntzaren bidez laguntzea paradigma bat da, munduko toki guztietan esanahi bera ez duena, eta zerikusia du mina pairatzen duenak bizi dituen zertzelada guztiekin. Horrela, faktore ekonomiko, sozial edo lurraldekoen arabera, desberdina izaten da minaren tratamendua jasotzeko aukera, eta, horren ondorioz, egiaz bereizkeria jasaten dute gaur egun munduan mina nozitzen duten pertsona askok. Horregatik, arartekoarentzat aintzat hartu behar da, ezinbestean, mina tratatzeko eskubidea pertsona guztiek berez duten eskubide gisa formulatzeko aukera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a