URAk Arartekoaren gomendioa onartu du eta Zirauntza ibaiaren hondakinak kentzeko eta ibai-ekosistema babesteko konpromisoa hartu du

Herritar batek Arartekora jo zuen, URA Uraren Euskal Agentziak bere eskaera bati erantzun ez ziolako. Eskaera haren bidez, jakin nahi zuen zer organok zuen eskumena Zirauntza ibaiaren ibilguarekin mugakide den Asparrenako lurzati baten inguruan pilatuta zeuden hiri-hondakin solido batzuk eta ibaiertzeko landaredia ken zitzaten eskatzeko. 

Kontatu zuenez, 2022ko ekainean, URAri eta Asparrenako Udalari salatu zien zenbait hiri-hondakin solido eta gehiegizko landaredia zeudela ibai horren ibilguan. Azaldu zuen hondakin haiek ibaiko ura igarotzea eragozten ari zirela eta, agian, ibaiak gainezka egiteko arriskua handituko zutela. Horregatik, bi administrazio haiei esku hartzeko galdegin zien, hondakinak kenduko zirela bermatzeko.

Abenduan, udalak jakinarazi zion eremu hura garbitzeko beharrezko neurriak har zitzaten eskatu ziela lurzati mugakideen jabeei. Eta, hala egiten ez bazuten, URAri emango ziola haren berri, zehapena jartzeko organo eskuduna delakoan.

Hilabete batzuk geroago, URAk baieztatu zion hainbat hiri-hondakin zeudela pilatuta. Orobat, adierazi zion agentzia horrek Asparrenako Udalarekin zer jarduera egin zituen hondakinen inguruan, eta udalak lurzatien jabeekin zer jarduera burutu zituen lurra leheneratzeko.

2023ko maiatzean, interesduna URArekin harremanetan jarri eta salaketa jarri zuen berriro. Informazioa ere eskatu zuen, bai ezarri beharreko araudiaz, bai kasu horretan jarduteko eskumena zuen administrazioaz. 

Eskaera egin eta hilabete baino gehiago igaro ondoren, kexagileak ez zuen berariazko erantzunik jaso eta Arartekora jo zuen.

Kexa aztertu eta gero, erakunde honek URAri gomendatu zion beharrezko neurriak bultza zitzala Zirauntza ibaiko ibilguaren inguruan (Asparrenatik igarotzean) pilatutako hondakinengatik jarri ziren salaketei erantzuteko, eta ikuskapen- eta polizia-zereginak bete zitzala, ibai-ekosistema hondatzen duten hondakin guztiak kenduko direla bermatzeko.

Orain dela gutxi, Arartekoak URA Uraren Euskal Agentziaren txosten bat jaso du. Bertan erantzun duenez, eskertzen ditu defentsa-erakunde honek egindako analisia eta azterketa juridikoa, eta onartzen du akatsak izan direla kasu hau kudeatzeko orduan. Era berean, adierazi du txosten juridiko bat egin duela, jabari publiko hidraulikoan, hondakinen arloan, eskumenak nork dituen argitzeko. Laburbilduz, URAk Arartekoaren gomendioa onartu du eta hondakinak kentzeko eta ibai-ekosistema babesteko konpromisoa hartu du.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 7a