Arartekoak nabarmendu du genero-indarkeriaren kontrako borrokak europako eta nazioarteko dimentsioa hartu duela


Azaroaren 25aren arrastoan, Arartekoak berriro adierazi nahi du etengabe konprometituta dagoela emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurka borrokatzen, izan ere, gizarteko gaitz horrek halako egiturazko dimentsioa dauka, non botere publikoek etengabe heldu behar baitiote gai horri, politika publiko guztietan eragiten duen lehentasun gisa, betiere emakumeen eta gizonen berdintasunaren zeharkako ikuspegitik begiratuta.

Arartekoaren konpromiso hori hainbat arlotan azaltzen da: adibidez, euskal administrazio publikoek genero-indarkeriaren arloan egindako jarduerekin zerikusia duten kexetan eta kontsultetan emakumeei ematen zaien arreta; emakume eta neskato guztien giza eskubideak defendatzeko jarrera irmoa bultzatzeko adierazpen publikoak; edo matxismoaren adierazpen kriminal horren aurka emakumeak hobeto babesteko egiten diren zenbait forotan parte hartzea; eta, bereziki, euskal erakunde guztiak biltzen dituen erakunde-arteko akordioan aktiboki esku hartzea, modu koordinatuan aurrera egiteko gaitz hori bukarazi nahi duten politika publikoetan.

Arartekoak herritarrak ere sentsibilizatu nahi ditu genero-indarkeriaren kontrako borrokak Europan eta nazioartean hartu duen dimentsioaren inguruan. Istanbulgo Hitzarmena da, gaur egun, berori sinatu duten estatu guztiek eta euskal administrazio publikoek erabili behar duten beharrezko gida. Europar Batasuna arlo horretan jarduten hasi da, estatu kide ororentzako estrategia komun hasi berria bultzatzeko ekimenen bitartez.

Arartekoaren iritziz, Europako ekimen horiek denak balio handikoak dira eta, horregatik, ez du aukera hau galdu nahi herritarrei eta erakunde eskudunei ere jakinarazteko Europan zer berri atera diren arlo horretan 2021ean, horien eragina oso garrantzitsua izan baitaiteke Euskadin hemendik aurrera eratuko diren politika publikoetarako.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 1a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Europako erakundeen jarduerak genero-indarkeriaren kontrako borrokan Europako erakundeen jarduerak genero-indarkeriaren kontrako borrokan
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad