BILBOKO UDALAK ONARTU DU HERRITAR BAT PRESTAZIOAK ESKATZEKO BEHARREZKOA DEN ANTZINATASUNAREKIN ERROLDATUTA DAGOELA



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek Arartekora jo zuen, Bilboko erroldan zuen egoeragatik. Aurretik, nazioarteko babesa eskatu zuen eta udal erroldan izena emanda egon zen. 2019ko urrian, Barne Ministerioak ukatu egin zion nazioarteko babesaren eskaera, eta hilabete geroago pasaportea emateko eskaera egin zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko Enbaxadan.

2020ko ekainean helbide-aldaketa galdegin zuen Bilboko Udalaren Erregistroan, eta adierazi zioten pasaportea aurkeztu behar zuela, identifikatzeko agiri gisa, erroldan inskribatzeko eskaeran.

Alegatu zuenez, nazioarteko babesaren eskaera ukatu ziotenetik beharrezko ahalegin guztiak egin zituen Kongoko Errepublika Demokratikoak pasaportea eman ziezaion. Pandemiaren ondorioz, alarma-egoera adierazi zen eta horrek eten egin zuen Enbaxadaren aurrez aurreko arreta, eta Enbaxadak Espainiako Kongoar Komunitateari jakinarazi zion pasaporteak emateko datu biometrikoen bilketa etenda egongo zela beste agindu bat eman arte.

Bilboko Udalak ukatu egin zion udal erroldan inskribatzeko eskaera, identifikatzeko agiri nahikoak eta indarrekoak ez emateagatik. Erroldako inskripzioa eskatzera joan zen berriro, eta Kongoko Errepublika Demokratikoak Espainian duen Enbaxadan pasaportea eskatu zuela ziurtatzen zuen agiria erantsi zuen.

Une hartan jakinarazi zioten erroldan baja emanda zegoela. Orduan, udalari posta bat igorri zion, agiri jakin batzuk erantsi zituen eta eskatu zion espedientean sar zitzala eta berriz azter zedila udal erroldan eman zioten baja. Agiriak honako hauek ziren: bere egoera azaltzeko idazki bat, erroldatzeko baimena, pasaportearen ziurtagiria eta Enbaxadaren jakinarazpena.

2021eko otsailean pasaportea lortu zuen eta orain bizi den udalerriko erroldan izena eman zuen. Hala ere, udal erroldan urtebeteko hutsunea egoteak arazoak sortzen dizkio, izan ere, zerbitzu eta prestazio jakin batzuetarako sarbidea arautzen duen araudiak eskatzen du aldez aurretik erroldatze-aldi jarraitua egiazta dadila.

Arartekoaren ustez, ez zitzaion ukatu behar udal erroldan helbide aldaketa egiteko eskaera, eta Bilboko Udalari gomendatu zion berriz azter zezala eskaera.

Udalak adierazi digu helbide-aldaketa erregistratuko duela, eta erroldatzea 2018ko urritik aurrera onartuko duela. Horri esker, herritar horrek behar besteko antzinatasuna izango du erroldan, eta benetako bizilekua egiaztatu ahal izango du prestazioak eskatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 1a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren 2021R-2137-20 Ebazpena, 2021eko urriaren 14koa. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio berrikus dezala helbide-aldaketaren eskaera ukatu izana araudian aurreikusitako hiru hilabeteak igaro direlako, bai eta ofizioz baja eman izana ere udal-erroldan, interesdunak etxebizitza aldatu zuela jakin zuelako. Arartekoaren 2021R-2137-20 Ebazpena, 2021eko urriaren 14koa. Horren bidez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio berrikus dezala helbide-aldaketaren eskaera ukatu izana araudian aurreikusitako hiru hilabeteak igaro direlako, bai eta ofizioz baja eman izana ere udal-erroldan, interesdunak etxebizitza aldatu zuela jakin zuelako.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad