2005eko Irungo alardea

Zenbait kolektibok kexa aurkeztu dute erakunde honetan, emakumeek 2005eko Irungo Alardean duten partaidetzari buruz; horri dagokionez, Arartekoak ondoko gomendio hau egin dio Irungo Udalari:

  1. Udal horrek Alarde tradizionaleko Agintari Batza deritzon erakundeari eman dion baimena 4/2005 Legearen 3.1 b eta 25.1. artikuluei egokitzearen baldintzapean jar dezala, halako moldez non, Alardea antolatzeko ezinbesteko beharkizun legez, emakumeek berdintasun osoz parte hartzeko exijituko baitio arestion aipatu den erakunde horri.

  2. Beti ere, bere gain har dezala Irungo hiritar guztientzako, gizonezko zein emakumezko, berdintasunezko Alardea bideratzeko lana, dela Udalak Alarde Publikoa deituz, dela berdintasunezko Alardea berdintasun hori bermatzen duten kolektiboek antolatzea era formal eta materialean lagunduz; hala denean, Korporazio horretan berdintasunezko Alarde hori antolatzeko aurkeztu diren finantzaketa- eta baimen-eskaerak onesteko gomendioa egiten diogu Udal horri.

  3. Udal horrek erakunde legez bere gain har dezala Irungo Alardean emakumeek parte hartzearekin loturik egon daitekeen indarkeriazko edo agresibitatezko inguruabar oro erauztea, giro horri bide eman diezaioketen establezimenduak irekitzea galaraziko duten polizia-ahalmenak erabiliz, eta urte osoan zehar egungo iritzi-egoera aldarazteko sentsibilizazio-kanpainak burutuz, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna onartzen duten jarrerak sustatu eta hiriaren eguneroko bizitzan elkarbizitzarako balore demokratikoak txertatze aldera.



Arartekoak funts hauek oinarri hartuz eman du ebazpen hau:

  1. Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, zehatz-mehatz aztertu ondoren, arau horren bidez marko juridiko berria ezarri dela egiaztatu da; izan ere, marko juridiko horrek zeharo xehekatzen eta sendotzen ditu herri aginte guztien eginbeharrak, eta bereziki, Irungo Udalarenak, Alardeari dagokionez. Oinarri juridiko berri hauek izan behar dute Irungo Alardean emakumeek jasaten duten bazterkeria arazoa konpontzeko funts nagusi.

  2. Berdintasunerako Legearen 25.1. artikuluaren bigarren paragrafoa eta 3.1 b) artikulua aztertu ondorik, honako ondorio bakar hau ateratzen dugu: Irungo Udalak, aurrerantzean, ezin jarrai dezakeela emakumeak baztertzen dituen Alardea egitea xede duen erakunde batek Irungo Alardea antolatzeko baimena ematen. Hainbestez, Udalak ezinbesteko baldintza hau jarri behar du baimen hori emate aldera: Irungo emakumeek Alardean berdintasun osoz parte hartu ahal izatea, eta hori bermatzen ez bada, baimen hori baliogabetu dezala.

  3. Horrez gain, Lege horren 3.4. artikuluaren eta 25.1. artikuluaren lehenengo paragrafoaren arabera, Irungo Udalak ezin jarrai dezake Irungo hiritarrentzako, emakumezko zein gizonezko, berdintasunezko jai-esparrua prestatzeko bideak emateari muzin egiten; izan ere, horretarako bi bide ditu udalak: alde batetik, Alarde publikoa deitzea; Arartekoaren aburuz, horixe da aukerarik onena, ezik hiritar guztientzako kultura-ondarea berreskuratzea dakar, eta horrez aparte, egunera arte jaien tradizioa mamitu duen funtsarekin loturik dago. Beste alde batetik, Alarde mistoa baimendu eta era materialean, hau da, diruz, laguntzea; Alarde horrek beti izan behar luke Irungo Udalaren erabateko babesa -sinbolikoa eta egiazkoa-. Bestela, kasu honetan nabaria -nahitakoa- izango litzateke Udalaren nagikeria, eta horrek nabarmenkiro eragingo luke Udalak jai-politika baztertzailea gauzatzea; hori inola ere ezin onets daiteke gurea bezalako sistema demokratiko baten antolamendu juridikoan.

  4. Nahitaezkoa da, zeharo, Irungo Udalak berdintasunezko Alardearen aldeko pertsonen aurka gaur egun Irunen nagusi den indarkeria eta agresibitate giroari dagokion arazoari konponbidea ematea, jaiegunetan istiluak eragin ditzakeen inguruabar oro erauziz eta giro hori -Irungo gizartearen hainbat mailatan nabarmentzen dena- urte osoan zehar erro-errotik atera eta eragotziz. Horretarako, kontuan hartu behar dugu gure gizartean ideologia sexistak sustrai sakonak dituela, eta horrek munduaren ikuspegi horren agerraldi sinbolikoak -emakumezkorik gabeko Alardea kasu- aldarazten zailenak izatea eragiten du, zeren eta horiek guztiek emakumezkoaren menpetasuna eta gizonezkoaren agintea oinarri dituen abiaburuek konfiguratutako antolaketa sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala erabat nagusi izan den mende anitzeko historia islatzen baitute, jarrera horiek agerraldion bidez jendaurrera eroanez. Irungo Udalak, herri agintea den aldetik, aldaketa horiek guztiak gizartean era naturalean gauzatzeko baldintzak sustatu behar ditu, iritzi publikoa sentsibilizatzeko kanpainak abian jarriz, emakumeek gure gizartean dituzten eginkizun berriak, estatus berria azken finean, onartzea bideratze aldera. Eta kasu honetan hori guztia jai-esparruetan ere islatu behar da, hots, Alardean.

Donostian, 2005eko ekainaren 2an

Raya separadora



Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 4/2005 Legean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoan, emakumeak Alardeetatik kanporatzeari dagokion gaia ukitzen duten xedapen nagusiak

1. Udalak emakumeen berdintasunezko partaidetzarik gabeko Alarderako eman duen baimena egokitzeko duen eginbeharrari buruz:
    3.1. artikulua.- Tratu berdina

    Debeku da pertsonen sexuan oinarritzen den bereizkeria oro, zuzenekoa zein zeharkakoa, edozein delarik ere hartarako erabilitako era.

    Lege honen ondoreetarako:

    (...)

    b) Zeharkako bereizkeria dago egintza juridiko, irizpide edo eginera batek, itxuraz neutroa izanda ere, sexu bereko multzo aski handiago bati kalteak eragiten dizkionean, salbu eta egintza juridiko, irizpide edo eginera hori egokia eta beharrezkoa denean, eta sexuarekin loturik ez dauden irizpide objektiboak erabilita justifikatzeko modukoa denean.

    25.1. artikulua (bigarren paragrafoa):

    Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan.
2. Irungo Udalak kultura eta jai arloan bazterkeria oro ezabatzeko eta horretarako emakumezko eta gizonezkoentzako berdintasunezko Alardea bideratzeko xedea duen politika artikulatzeko eginbeharrari buruz:
    3.4. artikulua: Genero-ikuspegiaren integrazioa Euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

    Lege honen ondoreetarako, honakoa da genero-ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea.

    25. artikulua.- Kultura-jarduerak

    1. (lehenengo paragrafoa): Euskal herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan.

    (.......)