Abenduak 10: giza eskubideen nazioarteko eguna

Bihar, abenduak 10, giza eskubideen nazioarteko eguna ospatzen dela eta, Arartekoak adierazi nahi du indarkeria dela herritarrek beren eskubideak eta askatasunak gauzatzearen kontra aurkitzen duten mehatxu nagusia, Euskadin nahiz edozein herrialdetan. Horregatik, Ararteko erakundeak, giza eskubideen sistema zaindu eta hobetzeko lan egiten duenez, herritarrei eta euskal herri-erakundeei dei egin behar die horrelako egun seinalatuan, gure gizartetik edozein motatako indarkeria desagerrarazten saia gaitezen. Lehendabizi, ETAk erabiltzen duen biolentzia terrorista izugarri eta gaitzesgarria, etengabe gure herrikide askoren askatasuna eta osotasun fisiko eta morala urratzen baititu. Era berean, bipilki borroka egin behar dugu emakumeen kontrako indarkeria sexistaren aurka, bada aurten ere jende dezente hil du. Eta arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra, baita homofobiaren aurka ere; edo ikasgeletako indarkeria desagerrarazi behar dugu, ikasle batzuek beste ikasle batzuen kontra edo irakasle edo gurasoen kontra erabiltzen dutena. Orobat, ahaleginak egin behar ditugu honako hauek erauzteko: gure haurrei, guraso adintsuei, ezinduei edo buruko gaixotasunen bat dutenei emandako tratu txarrak fisiko edo psikologikoak , sexu-abusuak hori ere indarkeria baita , e.a. Horretarako guztirako, lan nekaezina egin behar da, lagun hurkoa errespetatzeko eta gizakien oinarrizko eskubideak errespetatzeko balore demokratikoak babes eta susta daitezen, eta gizakiak balore horietan hezteko eta berrezteko, batik bat gure haur eta nerabeak. Azkenik, hauxe eskatu behar diegu herri-agintariei: bakoitzari dagokion eskumen-eremuan, zorrozki hitz eman dezatela legeria, eskubideak alor materialean nahiz prozesalean babesterakoan, ahalik eta bermatzaileena izango dela, eta beraien langileek hutsik gabe errespetatuko dituztela gizaki guztien eskubideak, batez ere herrialde orotan eskubideak bereziki hausgarriak gertatzen diren alorretan, hala nola, atxiloketa-zentroetan eta espetxeetan. Gainera, gogoeta egiteko eta sentiberago bihurtzeko helburuarekin, Arartekoak zenbait ekimen darama aurrera. Horregaitik, urtero, ikastetxeetan banatzeko kartel bat eta egutegi batzuk argitaratzen ditu, gaizkien bizi diren pertsonen premiekiko elkartasuna bultzatu nahiean. Aurten "Mugarik gabeko eskubideak" aukeratu dugu gaitzat eta gogoeta bultzatu nahi du mundu osoan baldintza izugarri zailetan bizi diren miloika pertsonengan, eta, bizitza duinaren bila emigratzen dutenean, indarkeria, jazarpen, bidegabekeria, pobrezia eta gosearen biktima bihurtzen direnak.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko abenduaren 10a