ANDALUZIAKO HERRIAREN DEFENDATZAILEAK ETA ARARTEKOAK EKINTZAK KOORDINATU DITUZTE, MIGRATZAILEEN ETA ERREFUXIATUEN ESKUBIDEAK BABESTEKO

ANDALUZIAKO HERRIAREN DEFENDATZAILEAK ETA ARARTEKOAK EKINTZAK KOORDINATU DITUZTE, MIGRATZAILEEN ETA ERREFUXIATUEN ESKUBIDEAK BABESTEKO

- Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa kezkatuta dago, Andaluziakoa bezalaxe, Grezian pertsonak salerostea leporatzen zaien hiru suhiltzaileren egoeragatik, eta Greziako bere kidearekin harremanetan jarriko da

- Bi erakunde horiek lantalde bat antolatu dute, Andaluziako bulegoak ezarri duen bitartekotza profesionalaren eredua aztertzeko

Jesús Maeztu Andaluziako herriaren defendatzaileak eta Manuel Lezertua arartekoak bi erakundeen ekintzak koordinatu dituzte gaur, migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak babesteko, bereziki haiei laguntzen dabiltzan pertsona eta erakunde humanitarioenak.

Sevillan bi egunez jardun duen lantaldean, Arartekoko ordezkariek ongi ezagutu ahal izan dute Andaluziako bulegoak ezarri dituen komunikazio-estrategia eta bitartekotza profesionalaren eredua. Andaluziako herriaren defendatzaileak Euskal Herriko bere kideari jakinarazi dio aste honetan bertan zer ekintza abiarazi diren 2016ko urtarrilean Lesbos uhartean (Grezia) erreskate-lanetan parte hartzen ari zirenean, pertsonak salerostea leporatu zitzaien hiru suhiltzaileak defendatzeko.

Maeztuk Francisco Fernández Marugán Estatuko herriaren defendatzailearengana jo du, suhiltzaile horiei ahalik eta laguntza juridikorik onena berma diezaieten maiatzaren 7an egingo den epaiketan, Kanpo Arazoetako Ministerioari eskatuz Kontsulatuak beharrezko laguntza eman diezaiela. Maeztuk kasu horrekin lotutako agiri guztiak bidaliko dizkio Greziako herriaren defendatzaileari, Andreas Pottakis jaunari, bitartekotza-lanak egin ditzan.

Hain zuzen ere, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuak errefuxiatuen egoera aztertzeko asmoz eratu duen lantaldea osatzen du arartekoak, Greziako eta Holandako herriaren defendatzaileekin batera. Lezertuak kezka agertu du hiru suhiltzaile horien egoeragatik, eta bere laguntza eskaini du Greziako herriaren defendatzaileari horren berri emateko. Lezertuak oraintsu bitartekotza-lana egin du Greziako herriaren defendatzailearekin, errefuxiatuei laguntzeko erakunde bateko partaide diren bi ekintzaile euskaldunen kasuan. Ekintzaile horiek Grezian atxilotu zituzten, beraien karabanan zortzi lagun ezkutatuta, Italiarantz ontziratzen saiatu zirenean. Azkenean, bertan behera utzi zituzten bi pertsona horien kontrako akusazioak, eta kasua artxibatu egin zuten.

Prentsa eta komunikazioa Estatuko eta nazioarteko defentsa-erakundeak Ombudsperson Etorkinak Prentsa-oharrak